70. Zinemaldiko Donostia Sariak

70. zinemaldiko Donostia Sariak 2022 –

“Filmak egiten jarraitzeko bizigarria da Donostia Saria”

David Cronenberg zinemagileak Gaspar Noéren eskutik jaso du saria eta Viggo Mortensenek zoriontzeko bideo bat bidali dio

David Cronenberg zinemagile kanadarrak Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko bigarren Donostia Saria jaso du bart Victoria Eugenia Antzokian egindako galan. Gaspar Noé zuzendari frantziarrak eman dio saria eta ondoren, Crimes of the Future proiektatu da, Cannesko azken zinema-jaialdian lehiatu zen Cronenbergen film berria.

“Nire bizitzako uneren batean pentsatu nuen ibilbide osoarengatik sari bat jasotzea filmak egiteari uzteko mezu bat zela, eta honako hau esan nahi zuela: ‘Nahikoa da, utzi filmak egiteari”. Baina denborarekin ulertu dut hori ez dela horrela, batez ere honelako sari bat jasotzen ari naizelako, halako historia duen zinema-jaialdian eta hain polita den hirian jasotzen dudalako. Filmak egiten jarraitzeko bizigarri gisa jaso dut Donostia Saria”, esan du. “Maiz pentsatu dut artea krimena dela, arauarekiko subertsiboa delako eta gure giza izaeraren alderdi zailak, bortitzak, subertsiboak eta ezegonkorrak jorratzen dituelako. Zentzu batean, arteak zerbitzu bat ematen dio zibilizazioari, ulertu ahal izateko, lurrean gizarte zibil bat izaten jarraitzeko beharrezkoak diren gauza horiei adierazpide bat ematen dielako. Uste dut orain ere, inoiz baino gehiago beharrezkoa dela artearen krimena, batez ere azken urteotan gertatu diren gertakariak direla eta. Horregatik, honako hau esango nuke: Gora zinema kriminala!”, aldarrikatu du.

Gaspar Noék Ozeko Azti moduko batekin alderatu du Cronenberg, zeinak “gaztetatik modu pertsonal eta bakarra sortu zuen zinemaren esentzia hipnotikoari heltzeko” eta “gai eta trikimailu berriak sortu zituen, aldi berean biologo baten, zirujau baten eta psikiatra baten bilaketa ziruditenak”. “Bere film guztiekin gure existentzia birpentsatzeko aukera eman digu, ezohiko ikuspegi aztoragarri eta heldu baten bitartez”, adierazi du.

2020an Viggo Mortensenek Donostia Saria jaso eta Falling zuzendari gisa egindako hasierako filma aurkeztu zuen. Film hartan paper bat antzezten zuen Cronenbergek galan proiektatutako bideo baten bidez zorionak bidali zizkion eta gaur, berriz, Mortensenek agurra eta zorionak itzuli dizkio beste bideo batean.

“David maitea. Zorionak Donostia Zinemaldiak merezi duzun aintzatespena egin dizulako. Mito bizia zara nola zinemagileentzat hala zinemazaleentzat mundu osoan. Benetako ohorea eta pribilegioa izan da niretzat zurekin lan egitea eta zugandik hainbeste ikastea urte hauetan zehar. Zorionak, lagun maitea. Espero dut egun zoriontsuak izatea Donostia ederrean. Espero dut gau zoragarria izatea hiri eder-eder honetan. Maite zaitut, David”, adierazi du aktore eta zuzendariak, hitzaldiaren amaieran euskara erabili duenak.

Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendariak ekitaldia aurkeztu eta zinemagilearen ibilbidea goraipatu du. Bere iritziz, Cronenberg “gure giza izaeraren alderdi ezkutuenaren erretratugilea da, erakutsi ohi ez dugun baina benetan garenaren funtsezko zatia den alde horren erretratugilea”.

IBILBIDEA: David Cronenbergek (Toronto, Kanada, 1943) gaixotasuna, indarkeria, sexua, gorputza, esperimentazio zientifikoa eta halako gaien inguruan eratu du bere filmografia; izan ere, esperimentazio zientifikoak oso presentzia handia du Shivers (1975), Rabid (1977) eta The Brood (1979) filmetan.

Scanners (1981) eta Videodrome (1983, Haragi Berria deritzonaren estetikaren gailurretako bat) filmek finkatu zuten Cronenbergen ospea. The Fly (1986) lanean intsektu bihurtzen den zientzialari baten istorioa kontatu zigun; horren ondoren, ginekologo biki biren rola egin zuen Jeremy Ironsenek Dead Ringers (1988) Cronenbergen filmean, eta operako diva batez maitemintzen den diplomatiko batena, berriz, M. Butterfly (1993) pelikulan.

Idazleen liburuak ere egokitu izan ditu: Stephen King (The Dead Zone, 1983), William Borroughs (Naked Lunch, 1991) eta J. G. Ballard (Crash, Epaimahaiaren Sari Berezia Cannesen, 1996), adibidez.

Bestalde, eXistenZ (1999) pelikulan errealitate birtuala jorratu zuen eta Spider (2002) filmean, berriz, gaixotasun mentala. Ondoren, Viggo Mortensen presentzia izan zuen A History of Violence (2005) eta Eastern Promises (Sail Ofiziala, 2007) thrillerretarako, eta A Dangerous Method (2011) lanetarako. Geroago, Cosmopolis (2012) eta Maps to the Stars (2014) etorri ziren, eta Julianne Moorek emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuen Cannesen lan horrekin.

David Cronenbergek beste zinemagile batzuen filmetan ere lan egin izan du aktore gisa, hala nola hauetan: Nightbreed (1990, Clive Barker), To Die For (1995, Gus Van Sant), Extreme Measures (1996, Michael Apted) eta Falling (2020, Viggo Mortensen, zeina bideo baten bitartez zoriondu baitzuen, 2020an Kursaalen, Donostia Saria jaso zuenean). Gainera, Kanadako Ordenarekin saritu dute, eta Frantziako Arte eta Letren Ordenako ofizial eta Ohorezko Legioko zaldun ere bada. 2014an bere lehen eleberria argitaratu zuen, Consumed: A Novel izenekoa.

Juliette Binochek isiltasunari, ”bidelagun leialari”, eskaini dio Donostia Saria

Isabel Coixeten eskutik jasotako saria

70. zinemaldiko Donostia SariakJuliette Binochek Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko lehen Donostia Saria jaso du bart Kursaal auditoriumean. Aktore frantziarrak Isabel Coixeten eskutik jaso zuen Zinemaldiaren ohorezko sari nagusia, eta, ekitaldiaren ostean, Claire Denisek zuzendutako Avec amour et acharnement / Both Sides of The Blade filma proiektatu dute.

Eskerrak emateko hitzaldian Binochek senideak, lagunak, gertukoak, kolaboratzaileak eta lankideak gogoratu ditu. Donostiako Zinemaldiari ere eskerrak eman dizkio maite dituen zinemagileen filmak erakusteagatik. “Etxean bezala sentitzen naiz hemen, bero hori sentitzen dut eta ohorea da hemen egotea”, adierazi du hunkituta aktore frantziarrak.

“Bidelagun leial bati ere eskerrak eman nahi nizkioke: isiltasunari. Isiltasuna presentzia bat da. Sekuentzia bati heldu aurretik, interpretatu aurretik, isiltasuna indarra da niretzat; isiltasunetik ateratzen ditut nik emozioak eta sentsazioak, eta inolako borondaterik gabe agertzen da. Baina isiltasunik gabe, ez dago hitzik. Isiltasunik gabe ez dago espiriturik, eta isiltasun hori zinemagile batekin, aktore batekin, film bateko lantaldearekin partekatzen denean, orduan urrezko hari bat ehuntzen da eta hori pelikula bihurtzen da. Eta orduan, aktore izateko nire ametsen zentzu guztia obra bizi batean gorpuzten da”, baieztatu du.

Eneko Sagardoy aktoreak aurkezle lanak egin ditu galan. Bertan, omenduaren filmografia honela definitu du: “Bere ibilbidearen baitan talentu ikaragarria, pantaila gainditzen duen karisma eta ausardia erakusten duten hautuak biltzen dira”.

Bestalde, Nadie quiere la noche (2015) filmean Binoche zuzendu zuen Isabel Coixet zuzendariak aktorearen lana goraipatu zuen Donostia Saria eman aurretik. “Bere ondoan lan egiten duzunean, irudien, hitzen eta enkoadraketaren gainetik pasatzen den magia bitxi batek ukituta sentitzen zara. Diotenez, bere aurpegiak argia dario, hori egia da, baina oso argi eskuzabala da, filmeko lankide guztiak blaitzen dituen argia. Nahiz eta bere pertsonaiak erabat ezberdinak izan, begiak ixten baditut guztiak argi horrek ukituta daudela senti dezaket”, nabarmendu du.

IBILBIDEA: Juliette Binochek (Paris, 1964) Liberty Belle (Pascal Kané, 1983) filmarekin egin zuen debuta. Horren ondoren, hauetan hartu zuen parte, besteak beste: Je vous salue, Marie (Jean-Luc Godard, 1985), La vie de famille (Jacques Doillon, Sail Ofiziala, 1985), The Unbereable Lightness of Being (Philip Kaufman, 1998), Les amants du Pont-Neuf (Leos Carax, 1991) eta Damage (Louis Malle, 1992).

Trois couleurs: Bleu filmagatik (Krzysztof Kieslowski, Zabaltegi, 1994), Volpi Kopa irabazi zuen Venezian, baita César bat ere (beste bederatzi aldiz izan da Césarretarako hautagai). The English Patient (1996) filmak antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Oscar saria eman zion, baita Berlingo emakumezko aktore onenaren saria ere. Cannesen emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuen film honengatik: Copie conforme (Abbas Kiarostami, 2010) lanagatik. Halaber, Jean-Paul Rappeneau (Le hussard sur le toit, Sail Ofiziala lehiaz kanpo, 1995), Michael Haneke (Caché, 2005) etaOlivier Assayas (L’heure d’été, Perlak, 2008) zuzendariekin ere lan egin du, besteak beste.

2002an Décalage horaire (Danièle Thompson) filmarekin itxi zuen Sail Ofiziala, lehiaz kanpo, eta 2018an itzuli zen sail horretara Vision (Naomi Kawase) eta High Life (FIPRESCI Saria) filmekin. Perlak sailean, bestalde, La Vérité (Hirokazu Koreeda, 2019) eta Ouistreham (Emmanuel Carrère, Europako film onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria, 2021) aurkeztu ditu. Claire Denisek zuzendutako Avec amour et acharnement / Both Sides of The Blade filmak zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen Berlinen.

Aurten Sail Ofizialean Binochek parte hartuko du Le lycéen / Winter Boy (Christophe Honoré) filmarekin.

70. zinemaldiko Donostia Sariak

Seriefiloa naiz.