Argia iluntasunean
Ukrainako Gudari amaiera emateko lehen elkarrizketak gauzatzen ari diren honetan, mesedegarri eginen zaigu argi ematea gatazkaren hasierari. Gaur dakargun elkarrizketan, Glenn Diesen unibertsitateko irakasle norvegiarra eta Jacques Baud NATOn jardun zuen militar suitzarra mintzatzen dira eta oso gako interesgarriak dakarzkigute gaurko egoera ulertzeko. Horietako batzuk, gainera, sekula entzuten ez direnak.
Minskeko Hitzarmenek Kieveko Gobernuaren eta separatistatzat hartuak ziren autonomisten artean elkarrizketak errazteko helburua izan zuten. 2012tik errusiera hizkuntza ofiziala zen ukrainerarekin batera. Baina 2014an agintariek errusieraren estatutua aldatu zuten eta errusiar hiztunei debekatu egin zieten beren hizkuntzaren erabilera eskolan eta administrazioan. Ukrainako hegoalde osoan manifestazio jendetsuak egin ziren eta errepresioa oso bortitza izan zen. Zelenskik, 2021eko martxoan, Krimea eta hegoalde osoaren gaineko subiranotasuna aldarrikatzen zuen dekretua ezarri ondoren, Donbassen hiru edo lau aldiz areagotu zuen presio militarra. Hori izan zen errusiarren OMBren arrazoia.
Errusiarren erantzuna oso interesgarria da aztertzeko. Izan ere, Donbassko errepublikek Errusiako Federazioan sartu ahal izatea behin eta berriz eskatu zuten arren, Putinek beti ukatu zuen aukera hori, Minskeko Hitzarmenak errespetatu egin behar zirela argudiatuz. 2022ko otsailean, Dumako hainbat diputatuk Donbasseko bi errepubliken independentzia aitortzea eskatu zioten Putini, baina honek berriro itxi zien atea eskaerari. Bi egun igarota, ordea, iritzia aldatu zuen, Ukrainako Gobernua Donbassen aurka artilleriarekin gogor jotzen hasi zelako. Errusiarrek Minskeko Hitzarmenak hildakotzat eman zituzten eta bi errepublikak Errusiaren altzoan hartzeko prozesua abiarazi zuten. Bi errepublikak Errusiako laguntza eta adiskidetasun tratatua sinatu zuten eta biharamunean bera aktibatzea eskatu zuten otsailaren 23an. Errusiak NBEko 51. artikuluaren babespean legezko interbentzioa egin zuen. Errusiarrak Ukrainan ez ziren sartu NATOren aferagatik, zibilei babesa emateko baizik. Hau argitzea oso garrantzitsua da.
Rand Corporationen 2019ko apirileko txosten ospetsuak Errusia desegonkortzeko bidea zehazten zuen. Horrek garbi azaltzen digu ordurako bazela Errusiari ekiteko asmoa. Txostenaren egileek ohartarazi zuten horrek Ukrainari lurrak galtzea eta jende askok bizia galtzea ekar liezaiokeela. Deigarria da, benetan, ikustea txosten horretan azaldutako arrisku guztiak gaur egun esan bezala gertatzen ari direla.
2008an, Bukaresteko NATOren gailurrean, Ukraina eta Georgiari integratzeko gonbita egin zitzaien. Une horretan europarrek ez zuten urrats hori egoki ikusten. Angela Merkelek esan zuen Errusiak gerra-deklarazio bezala har zezakeela. Hala ere aurrera egin zuten.
Oleksiy Arestovych Zelenskiren aholkulariak 2019an arriskua honela ohartarazi zuen: “OTANen sartzeko saiakerak Errusiaren aurkako operazio militar handia eraginen du. OTANen sartzeko gure prezioa Errusiaren aurkako gerra handia izanen da”.
Hau guztia ikusita, nola gera gaitezke mendebaldeko Europan errusiar interbentzioa ez zela eraginda dioen narratiban harrapatuta? Badirudi bat-batean, eta ezkutuan, Hitlerren berpizkundea gertatu dela, eta orain Europa guztia konkistatzeko asmotan dela. Nola ez dago narrazio honen aurkako oposiziorik? Zentzugabea da. Narratiba horretan behin eta berriz tematzeak errusiarren OMB benetan eraginda izan zela erakusten du.
Benetako arazoa 2002an hasi zen, George Bush, eta gero Obama eta Trump, desarmatze akordioak baztertuta Polonian, Txekian eta Errumanian misil antibalistikoak kokatzen hasi zirelarik. Errusiak 2010eko Astana deklarazioaren babesa aldarrikatu zuen, zeinek segurtasunaren zatiezintasuna argitzen duen. Astana deklarazioa OSCEren dokumentu bat da eta segurtasunaren oinarrizko printzipioa zehazten du: ezin duzu zure segurtasuna zure auzokoaren segurtasunaren kaltetan sustatu. Beraz, ezin duzu zeure lurraldean misil nuklearrik kokatu, zure auzokoari arazoa sortzen badio. Errusiarrek behin eta berriz salatu dute puntu hori, baina inork ez die jaramonik egin.
NATO ez da Ukrainako arazoa konpontzeko tresna egokia. Gerra nuklearrerako sortu zen eta Europako arazoak ezin ditugu bonba nuklearrez konpondu. Kontinenteko segurtasuna ez da konfrontazioan oinarritu behar, auzokideekin lankidetzan baizik.
Gogora dezagun 2022ko apirilean Ukrainako eta Errusiako ordezkariek OMBri amaiera emateko akordioa adostu zutela eta biharamunean, Boris Johnsonekin hitz egin eta gero, Zelenskik bakerako konpromisoa mendebaldearen laguntza militar mugagabeaz ordeztu zuela. Errusiak aste gutxi batzuk besterik ez ziela eutsiko uste zuten, errusiarren erresilientzia militar, ekonomiko eta soziala gutxietsita. Orain Zelenski harrapatuta geratu da, bakea Mendebaldeak bete ezin duen hitzaren truke saldu baitzuen.
Errusiak negoziazio prozesua hasteko bi baldintza ipini zuen. Lehenengoa, ez dela izan behar ukrainarren presentziarik Jerson, Zaporozhie, Donetsk eta Luhansken. Dirudienez, orain guztiek onartzen dute Ukrainak lurralde horiek utzi egin beharko dituela. Bigarrena, Ukrainaren neutraltasuna. 1991ko eta 1996ko Ukrainako Konstituzioetan ez da neutraltasuna aipatzen, baina bai herrialdean ez dela atzerriko base edo troparik izanen. Hori neutraltasun mota bat da, nahiz formala ez izan. Beraz, Ukrainak ez zuen NATOn sartzeko eskubiderik.
EBk ez du diplomaziarik, ez planik, ez hausnarketarik, ezta kanpo-politikarik ere. Errusiak Europa konkistatzeko duen balizko asmoarekin mehatxu egitera mugatzen da, Europa armatzeko xedez eta dena modu inprobisatuan. Bakar-bakarrik Errusiarekin borrokan jarraitzeko asmoa du, munduko potentzia nuklear handiena nola garaituko duen inolako eztabaidarik egin gabe. Estrategia zehatzik gabeko bidea da.
Trumpek Ukrainako guda utzi egin nahi du. Europarrak ebitatu egin nahi ditu, ez dakitelako zer nahi duten. Hutsalak bihurtzen ari dira. Geopolitikoki gero eta isolatuago daude. Ez dituzte gonbidatzen errusiarrek eta estatubatuarrek egiten dituzten elkarrizketetara. Inork ez ditu europarrak ondoan nahi, heldugabeak izateaz gain, oso errealista eta fidagarriak ez direlako.
Gaurko bidetik jarraitu ezkero, Ukraina desagertu eginen dela uste du Trumpek. Duela gutxi, Ukrainako Inteligentzia Militarreko buru Kyrylo Budanovek gauza bera esan zuen. Aurrerago, Trumpek negoziazio prozesu bat inposatuko du. Baina Errusia guda irabazten ari da eta prozesua neurri batean borroka eremuan erabakiko da. Errusiarrek negoziazio mahairik ez dagoen bitartean borrokari eutsiko baitiote.
Europarrak Errusiaren aurkako borrokan tematu dira eta munduaren gainerako guztia ahaztua dute, euren ekonomia barne. Orain shock egoeran eta izututa daude. Keir Starmer, Annalena Baerbock eta Ursula von der Leyen euren burbuilan bizi dira eta ez dira Europatik kanpo gertatzen denaz jabetzen. Europan liderren aldaketa masiboa behar dugu, beste era batera pentsatzen duen jendea behar dugu.
Maastrichten aurretik genuena da Europarako onena. Herrialde bakoitzaren identitatea mantenduz, elkarren arteko lankidetza eta merkataritza-trukea sustatu. Europako herrialdeak oso desberdinak dira. Denak kutxa berean jarri nahi izatea, helburu berarekin, lerro berari jarraituz… urrunegi joatea da.
www.youtube.com/watch=8yAFKQQbj3A GlennDiesenEsp