Europa 2025

 

Europa 2025 –

2025. urteari begira jarrita, zer aurreikusten den azaldu nahi da hemen. Nolako ibilbidea eginen du gure Europa zahar honek eta nola aurkituko gara europarrok bere baitan?

Europa 2025

Bloke hegemonikoaren gainbehera

AEBek eta bere aliatuek osatzen duten bloke hegemonikoa maldan behera doa. Orain arte mundua gobernatzeko arauak nahierara inposatu izan ditu, baina poliki-poliki hori aldatuz doa. Arrazoi bat petrodolarraren desagerpena da. AEBek eta Saudi Arabiak 1973an hitzartu zuten trukaketa modu horrek dolarrari planeta osoan nagusitasuna eman zion eta orain, hitzarmenaren amaierarekin, dolarraren nagusitasuna kolokan geratu da. BRICS komunitateak, bestalde, beren arteko merkataritza-harremanetan beren moneten erabilera lehenetsi du eta, ondorioz, dolarraren erabilera murrizten ari da.

Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, Txinak aurre hartu die AEBei eta lehen potentzia bihurtu da munduan erosteko ahalmenaren parekotasunaren arabera. Indiak hurbilduz jarraitzen du eta urte gutxiren buruan AEBen aurretik jartzea aurreikusten da. Bitartean, Europa gero eta makalago dago, motorra izan dituen Alemania eta Frantzia egoera larrian aurkitzen direlarik. Europak gero eta eragin txikiagoa du munduko ekonomiaren bilakaeran. Erabaki garrantzitsuak hartu ezean, sarri inork ez du aintzat hartuko europarron iritzia.

Militarki ere AEBen nagusitasunak lur jo duela esan liteke, Ukrainan ikusitakoaren arabera. NATOk duen indar guztia darabil agudo hiru urte beteko duen guda honetan eta ezinean ari dela bistako gauza da. Analista guztiek Errusiaren garaipena aurreikusten dute eta 1945ean amaitu zen II. Mundu Gudatik hona munduko indar nagusia izan den armadak lehen porrot mingarria jasoko du.

Afrikan, gaur bertan Frantziako Gobernuak jaso du Boli-Kostatik ateratzeko agindua. 2024an zehar Burkina-Fasso, Mali, Niger eta Txadetik alde egin behar izan zuen. Gabon txikian bakarrik du presentzia armada frantsesak. Mugimendu horiek Afrikan zehar indartuz eta zabalduz joanen direla aurreikus liteke, AEBetako armadak Nigertik ateratzekotan izanak erakusten duen bezala. Kontinente horretatik Europara iristen zen aberastasuna murriztuz joanen da eta gure kontinenteko ekonomiak ondorio kaltegarriak jasanen ditu.

Errusiak Europarekin fede osoa galdu du eta Asiara begira jarri da. Txinarekin ezezik, kontinente hartako gainerako herrialdeekin hasi da harreman ekonomikoak estutzen eta, ondorioz, Asia indartuz joanen da eta Europa ahulduz, besteak beste ekonomiarako funtsezkoa den energia askoz garestiago ordaindu beharko dugulako.

.

Wokismoaren gainbehera

Azken bi hamarkadetan, wokismoaren kultura indartu eta zabaldu du bloke hegemonikoak Europako mendebaldean ere, betidanik gizartearen bilakaeraren motorra izan den klaseen arteko borroka bigarren mailako arazoz estaltzea lortu duelarik. Herritar guztioi gehienbat eragiten diguten arazo ekonomikoak isilduz, genero, arrazakeria eta beste arazo minoritarioak garrantzitsuagoak direla saldu digute. 2025etik aurrera faltsukeria hori indarra galduz joanen da.

.

Ukrainako gudaren amaiera

Ukrainako gudari amaiera emateko, Errusiak Europa osorako segurtasun-hitzarmenaren beharra azaldu du publikoki. Egun gutxi barru Donald Trumpek erantzun beharko dio erronka horri. Baikorrenek baiezkoarekin erantzunen duela espero dute eta hitzarmena sinatzearekin batera NATO desagertuko delakoan dira. Baina AEBetako “estatu sakonak” ezezkoa inposa lezake, bake-hitzarmen orori ateak itxita. Horrek utziko lukeen egoera gudarekin jarraitzekoa izanen litzateke. NATOk eta EBk gaur egun ez dute Errusia garaitzeko baldintzarik, baina urtero herrialde guztietan armak erosteko proportzioa BPGren %5era igotzen badute, urte gutxi barru berriz Errusiari guda berri bat abiarazteko tentazioa izan lezakete.

.

Europako Batasunaren geroa

Ukrainako gudaren inguruan bereziki, baina baita beste arlo batzuetan ere, azken hiru urteotan elite ekonomikoek hartu dituzten erabakiekin gero eta herritar gehiago dago haserre. 2024an izan diren hauteskundeetan nabarmen azaldu da haserre hori. Frantzian lehenik, Alemanian ondoren, eta beste hainbat lekutan beranduago. Frantzian Macron eta Alemanian Scholz presidenteek porrot handiak jaso dituzte eta hauteskunde orokorrak deitu beharrean aurkitu dira.

Demokraziari egin zaion iruzurragatik, bereziki azpimarragarriak izan dira Moldavia eta Errumaniako hauteskundeak. Moldavian, zenbaketaren azken unean Alemaniatik postaz iritsitako milaka bozek eman zioten EBren babesa duen Maia Sanduri beste lau urtez agintzen jarraitzeko makila, Errusian bizi diren milioi erdi moldaviarretako gehienei boza emateko aukera zapuztu zitzaielarik. Ilunbeko trikimailuek utzi dute EBko ildoa onartzen ez duen Alexandru Stoianoglo presidentetzatik kanpo.

Errumaniakoa are eskandalagarriagoa izan da. Presidentea hautatzeko lehen itzulian, independente gisa aurkeztu zen Calin Georgescuk ustekabean lortu zuen bozen gehiengoa, bigarren itzulian aginte-makila irabazteko faborito nagusi bihurtu zelarik. Konstituzio Epaitegiak inolako iruzur frogarik gabe baliogabetu egin zituen emaitzak, prozesua errepikatu egin beharko da eta aurkezteko debekua ezarri dio irabazle suertatu zen Calin Georgescuri.

Nord Stream izeneko gas-hodiak lehertu zituztenetik Europaren ekonomia maldan behera doa etengabe. Gidari politikoek ez dute Europa zulotik aterako duen neurririk hartzen. Aitzitik, milaka milioi bideratu dira Ukrainako gudara eta hurrengo urteetarako armatan inbertitzeko dirutzak neurri handiz igotzeko aurreikuspenak egin dituzte. Kargudunen ustelkeria eta saldukeria bistakoak dira. Ursula von der Leyen presidentearen aurkako EBko Auzitegiaren sententzia horren lekukoa da. Azken sei hilabetez presidente kargua izan duen Viktor Orbani egin zaizkion mespretxuak goi-karguen politika sektarioaren lekuko argigarriak dira.

Hungariako Viktor Orban, Eslovakiako Robert Fico eta Serbiako Aleksandar Vucic EBk daraman bidearekin talka egiten duten hiru presidente dira. Europa politikoki astinduta dago eta EBren proiektua kolokan. Errusiako gasari bidea ixteko EBn sartu nahi duen Zelenskik hartu duen erabakia horren beste froga da, EBko hainbat herrialde utzi baitu gas merkerik gabe: Alemania, Italia, Polonia, Austria, Hungaria, Eslovakia… EBk bere buruari hankan beste tiro bat bota dio, Zelenskiren erabakia Von der Leyenen babesa baitu. Espainiak Alemaniari behar duen gasa bidaltzeko asmoa zuela eta, Macron presidenteak Frantziako lurretik igarotzeko baimena Espainiari ukatu izana EBn dagoen nahasmenaren beste adibidea da.

Gaurko beste albistea da Alemaniako Kanpo Harremanetarako ministroa Annalena Baerbock eta Frantzian ardura bera duen Jean-Noël Barrot Siriara joan direla, EB ordezkatuz, orain arte “mendebaldean” terroristatzat hartua izan den eta gaur Gobernu berriko presidentea den Abu Mohamed al Julamirekin negoziatzera. Abenduan oraindik hamar milioi dolar eskaintzen zen AEBetan terroristatzat jota zegoen hori atxilotzeko laguntza emanen zuenarentzat. Gaur Europako gure ordezkariek babes osoa eman diote Al Qaedako lider honi. Zein dira EBk sustatzen dituen balioak? Eta Baerbocken alderdi berdeak?

.

Errusiaren garaipenaren ondorioak

Elite ekonomiko globalistek kolpe handia hartuko dute Ukrainako guda galduta. Bitartean, Errusia, Txina eta BRICS komunitatean elkartzen ari diren herrialdeek indartuta ikusiko dute subiranotasunaren alde egina duten apustua. Bide beretik, globalismoaren aurka lanean ari diren eskuineko nahiz ezkerreko indar politikoak hauteskundeetan sarituak izanen direla aurreikus liteke.

Bereziki azpimarragarria da Alemanian BSW ezkerreko alderdia sortu berria duen Sara Wagenknecht. EBren egungo politikari jazarri zaio eta hauteskundeetan babes handia jaso du. Bere ildo politikoaren ardatzak: Nord Stream gas hodiak berraktibatu, wokismoa gainditu, migrazioa kontrolatu, Ukrainara armak ez bidali eta gudari amaiera hitzartua eman.

Laburtuta: 2025ean Europako Batasunak barne-tirabira ugarirekin jarraituko du. Barne-kontraesanak areagotu eginen dira eta proiektuaren etorkizuna are zalantzakorragoa izanen da. Ukrainako gudaren amaiera ezagutuko dugu -amaieraren hasiera gutxienez- eta ondorioak ikusgarriak izan daitezke.

Europa 2025 Europa 2025 Europa 2025

Irakasle erretiratua. Nafarroa Garaia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude