Nazioarteko zuzenbidea? Ez, Errusia tarteko denean
Nazioarteko zuzenbidea? Ez, Errusia tarteko denean –
Pentsamendu kritikoa jorratzen duen NachDenkSeiten izeneko webgunean, Jens Berger bertako editoreak artikulu bat argitaratu berri du idatzi honek duen izenburu bera duena. Gizon hau kazetari eta idazlea da eta hainbat liburu argitaratu du dagoeneko: “Diruaren ostikada”, “Nork babesten du mundua finantza-taldeetatik?”, “Norena da Alemania?” eta abar.
Oharra: artikuluan zehar tartekatuta dauden izenburuak nireak dira.
“Arauetan oinarritutako” munduaren ordena
Errusiaren dibisen erreserbak tarteko direnean baliorik gabe geratzen diren munduaren ordena honi eta nazioarteko zuzenbideari buruz dihardu artikuluan. Mendebaldeak Errusiari ezarri dion zigorrik mingarrienetakoa Errusiako Banku Zentralaren atzerriko aktiboak izoztea izan dela dio Jens Bergerrek. Jarraian, AEBetan eta Eurogunean eztabaidagai dago dirutza hori Ukrainara bidali beharko ote litzatekeen gudak eragindako kalteak ordaintzeko. Alemanian berdeen koalizioak sutsuki defenditzen du aukera hau, baina EBko Batzordea zuhurragoa da eta soilik dirutza horrek sortu dituen interesak bidaltzearen alde mintzatu da. Neurri hauek, nazioarteko legeriaren arabera, argi eta garbi debekatuta daude eta legeriaren urraketa honen ondorioak oso larriak izanen lirateke. Honek guztiak erakusten digu Mendebaldeak sustatzen duen “arauetan oinarritutako” munduaren ordena borroka tresna bat besterik ez dela eta Mendebaldeak edozein arau zapuzten duela abantailaren bat lortzeko aukera ikusten duelarik.
Legez kanpoko neurriak
G7 multzoko herrialdeek 265.000 milioi euro izoztu diote Errusiako Banku Zentralari. Gehiena Belgikako Euroclear izeneko enpresaren eskuetan dago, 180.000 milioi zehazki. Gainerako gehiena Luxenburgoko Clearstream izenekoan. AEBetan zati ñimiño bat besterik ez. Banku Zentralen dibisa-erreserba hauek estatus berezia dute eta soilik NBE Nazio Batuen Erakundearen edo Nazioarteko Justizia-Auzitegiaren agindu batek baimen lezake izozteko edo Ukrainara bidaltzeko neurria.
Nola liteke EBko politikoek hain garbi eskatzea nazioarteko legeria urratzea? Real politic diote honi. AEBak Ukrainara milaka milioi gehiago bidaltzeko arazo handiak izaten ari direnez, dirutza horren balioko armak bidaltzen jarraitzeko bide errazena faktura beste norbaiti pasatzea da. Estatubatuarrei ez zaie axola handirik nazioarteko zuzenbidea.
Plan biribila estatubatuarrentzat
Funts gehienak AEBetan ez daudenez, estatubatuarrek ezin dituzte konfiskatu. Belgikak eta EBak bakarrik eman lezakete pausu hori. AEBetan egindako plan hau biribila da amerikarrentzat. Ez dute errepublikanoek gehiengoa duten parlamentuan dirua Ukrainara bidaltzeko gehiago eztabaidatu beharrik, AEBetan egindako armak salduta negozio ederra eginen dute eta gainera, ironia badirudi ere, Errusiako diruaz ordainduko dira.
Plan honekin amerikarrak eta beren lagun europarrak oso pozik daude. Baina EBko Batzordeak legeriarekin arazoak egon litezkeela uste du eta bakarrik funts horiek azken bi urteetan sortu dituzten interesak konfiskatzearen alde dago. 17.000 milioi euro inguru dira guztira. Kontratuen hizki txikietan interesak ezin direla Banku Zentralen izenean jarri zehazten da, Euroclearrenean baizik. Horregatik eskatzen zaie Banku Zentralei lehenbailehen erretira ditzaten diru horiek Euroclearren kontutik. Azken bi urte hauetan Errusiako Banku Zentralei dagozkien interesak Euroclearren kontuan daude, zigorrak direla medio errusiarrei ez zaielako dirua bere kontuetara pasatzen utzi. Konfiskazioa defenditzen dutenek diru hori legeria urratu gabe har litekeela diote Belgikako erakunde baten esku daudelako, eta ez estatu subirano batenean. Baina azterketa juridiko serio batek ez luke hori onartuko, errusiarrei erretiratzen utzi ez zaielako dagoelako dirua belgikarren eskuetan.
Europako Batasunako herritarrok galtzaile
Nazioarteko zuzenbidearen arabera, estatu subirano baten ondareak sortutako interesak ere estatuarenak dira, nahiz EBko abokatuak aurkakoa esaten saiatzen ari diren. Zer ondorio ekar litzake Errusiako ondarearen konfiskazioak? NBEko Segurtasun-Kontseiluak eta Nazioarteko Justizia-Gorteak erabakiren bat hartzen badute, indartsuenaren legea ezarriko dute. Beraz, konfiskazioa eginen da, nahiz eta argi eta garbi legeriaren aurkako neurria den.
Errusiak ezin du hori ekidin, baina ez da geldirik geratuko. Iaz Errusiako Gobernuaren bozemale Dmitri Peskovek iragarri zuen prestaturik dutela atzerriko aktiboen zerrenda bat. Gutxi gorabehera Errusiari konfiskatu nahi dioten kopuru bera aurreikusten duena. Dena den, Errusiako Gobernuak badu jorratzeko beste aukera bat. Nazioarteko epaitegietan Euroclearren aurka salaketa aurkez lezake eta faktura alde honetako europarrok ordaindu beharko genuke. Beraz, AEBak armak salduta errusiarren diruarekin geratuko dira, ukrainarrak arma berriekin … eta EBko herritarrok zorra ordaindu beharrarekin. Plan biribila amerikarrentzat.
Estatubatuarrentzat arazoak gerora
Baina amerikarrentzat ere azalduko lirateke albo-kalteak beranduago. Estatu batek beste Estatu bati dirua modu zatarrean lapurtzen badio, munduko beste herrialdeek ondorio batzuk aterako dituzte. Txinak ziur arreta handiz jarraituko duela prozesu osoa. Eta munduko herrialdeek ez dute argudio berezirik beren dibisen erreserbak dolaretan edota eurotan edukitzeko. Bide beretik, ez dago arrazoi berezirik beren aktiboak AEBetan edo Eurogunean inbertitzeko. BRICS komunitateak bere tresnak sortu ditu: Contingent Reserve Arrangement edo erreserba-funts bateratua eta New Development Bank, Nazioarteko Moneta-Funtsaren Banku alternatiboa. Munduko finantza-sistemaren desdolarizazioa hasia da eta gehienbat AEBek eta EBk pairatuko ditugu ondorioak.
Txinak 3 bilioi dolar baino gehiago du une honetan eta horien artean 900.000 milioi dolar balioko AEBetako altxor-bonoak. Diru hauek Euroclearrek administratzen dituen kontutan daude. Txinak diru hau hor ez dagoela ziur ondorioztatuko balu, eta AEBetatik eta Eurogunetik erretiratuko balu, ondorio kaltegarriak ekarriko lizkieke dolarrari nahiz euroari. Orain arte Txinak ez die arazorik ekarri nahi izan bere bezero garrantzitsuenei, baina egoera aldatu egin liteke.
Errusiaren erantzuna
Mendebaldeak gaurko nazioarteko finantza-sistemaren arauak hautsiko balitu, Txinak bezala beste herrialde askok har lezakete bide bera. Errusiako dibisen erreserben izozketak ondorio suntsitzaileak izanen lituzkeen domino efektuaren gisako deskapitalizazio eraginkorra ekar liezaieke dolarrari eta euroari.
Eta hondamendi hori gertatuko ez balitz ere, nola uste du Mendebaldeak erantzunen duela Errusiak lehenago edo beranduago gudari amaiera emateko osatuko den mahaian? 265.000 milioi horiek erreklamatuko ditu eta EBk ordaindu egin beharko dio. Dirutan, Ukrainako lur gehiago emanda, gudak utzitako kalteen konponketako fakturen zati bat ordainduta… Amerikarrek beste aldera begiratuko dute, Ukrainak ezin izanen du eta Europak halabeharrez ordaindu beharko du, bere buruari hankan beste tiro bat emanda.
Aipagarria da ere ideologia mailan egiten ari den kaltea. Zer pentsa liteke etengabe eta galdetu gabe arauak zintzo bete behar dituztela behin eta berriz beren biktimei errepikatzen dien lapur batez? Mundu osoan arauetan oinarritutako ordena exijitzen duen eta komeni zaionean arauak hausten dituen lapur batez? Diskurtsu hau dagoeneko inork ez du serio hartzen Mendebaldetik kanpo. Mendebaldeak orain historian inoiz izan den lapurretarik handiena arauetan oinarrituta gauzatzen badu, ordena guztia iruzur handia bihurtuko da.
Horrelako propaganda egiteagatik Errusiako enbaxadak zerbait pagatzen dik? (Langabezian dagoen adiskide batendako duk).
Nik datuak eman dizkiat. Hainbesteko kaltea egiten al dik errealitatea ikusteak?
Euxebio maitea,
Zure galderari erantzunez:
Ez, hau bezalako artikuluak idazten dituztenei ez diegu ezer ordaintzen. Debalde ateratzen zaizkigu.
Ezkertiar nostalgikoak dira, Sobietar Batasuna faltan botatzen dutenak eta ez dira konturatzen gauzak goitik bera aldatu direla, guk ahaleginak egin arren.
Fundamentuzko argudiorik ez duzuenean, sinplekeriak esatera jotzen duzue. Pena.