34 maputxek 75 egun daroa gose greban
Kongresua eta Senatua Terrorismoaren aurkako Legea aldatzeko eta justizia militarraren ahalmena murrizteko bi proiektu aztertzen ari dira. Alabaina, maputxeen eta oposizioko Kontzertazioaren Alderdiaren ustez, aldaketa horiek ez dira nahikoak gatazka konpontzeko. Iritzi berekoa da Piñera presidenteak bitartekari izendatu duen eliza katolikoa ere.
Salvador Millaleo adituaren ustez, arlo askotan erreforma sakonak egin behar dira gatazka konpontzeko. Hona ‘El Mostrador’ egunkari elektronikoan argitaratu duen iritzi artikuluaren itzulpena:
«Eliteen larritasuna eta herri batentzako justizia»
Salvador Millaleo (abokatua, soziologian doktorea eta Diego Portales unibertsitateko irakaslea), El Mostrador egunkari elektronikoa, 2010eko irailak 21
Maputxeen auziaz komunikabideetan eztabaidatu den egun eskas hauetan esan diren gauza asko harrigarriak dira. Dirudienez, Gobernuko eta oposizioko elite politikoetako kide askok lehenengo aldiz ikusi dute «arazo» maputxearen alderdi politikoa.
Sentsibilitate berantiarra erakusten duten adierazpen asko eginez –kontziente gutxi batzuk eta falta ezin diren Novoa senadorea eta Patricio Rosende idazkariorde ohi zintzoak alde batera utzita–, eliteak ukazio egoera batetik larritasun egoerara pasatu dira. Maputxeak tarteko diren gatazkak gizarte, pobrezia, justizia eta ordena publikoko arazo gisa saldu zituzten elite horiek eta beraiei entzun nahi izan zietenek, ez arazo politikotzat, eta maputxeentzat onarpen sinbolikoak bilatzen zituzten, zentzurik pobreenean. Orain, aldiz, eliteak sufritzen ari dira, gose greban dauden komunero maputxe hauek bigarren mendeurrenaren aura ilunduko duten beldur, edo herrialdearen ustezko eredugarritasun irudia zikintzen ari delako, edo pozik daude, telebistan zerbaiten lider eta defendatzaile gisa agertzeko aukera izateagatik.
Gobernua eta Kontzertazioa beldur dira aintzat hartzen ez ziren arazoak dituzten herritarren ausardiazko eta etsipenezko ekintzek beren kontroletik eta eskutik kanpoko gertaera politiko bat eragingo ote duten. Eta eliteek ez zituzten arazo horiek aintzat hartzen, garrantzi handiagoa eman dietelako herritar horiek, Estatuko ordenari desafio eginez eta jabetzari erasoz, sortzen dituzten arazoei, giza eskubideei eta oinarrizko eskubideei baino.
Terrorista gisa auzipetu eta zigortu dituztenei beren eskubideak bueltatzea premiazkoa eta desiragarria dela jakintzat eman arren, baita fiskal batzuek duten jazarpen grinari hegoak moztu behar zaizkiola ere, arrazakeriaren antza handiegia baitu, komeni da, halaber, geure buruari galdetzea bitartekaritzak eta elkarrizketak zertan lagunduko duten batetik Estatuaren eta Txileko gizartearen eta, bestetik, herri maputxearen arteko harremanak berbideratzen.
Elkarrizketa hori komunero maputxeek onartzeko moduko baldintzetan egingo da? Komunitate eta erakunde maputxeen mugimenduak edo, oro har, herri maputxeak onartzeko modukoetan? Baietz pentsa genezake, Terrorismoaren aurkako Legean eta justizia militarrean ezinbesteko aldaketak egin ondoren presidenteak, legegileak, eliza eta beste pertsona goren batzuk komunero eta buruzagi maputxeekin eseri ahal izango direla, inolako bazterketarik egin gabe.
Demagun Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169. Hitzarmenaren aplikazioaz eztabaida dezaketela, modu informatuan eta eduki arloko mugarik gabe, murrizketarik egin gabe eta nazioarteko jurisprudentzia metatu oparoaz gain NBEren herri indigenen eskubideei buruzko adierazpena kontuan hartuta; indigenak, alderdi politikoen monopoliotik kanpo, politikoki ordezkatzeko moduari buruz eztabaidatzen dutela; autonomiaz eta, Txileko Estatuaren esparruaren barruan, nortasun indigenari eusteko eta garapena nortasunean oinarritzeko ardura izango duten agintari indigenak izendatzeaz hitz egiten dutela; indigenen zuzenbideak indigenen gatazkak konpondu ahal izateko oinarriak, gutxienez, aztertzen dituztela, betiere zuzenbide nazionalarekin koordinatuta; indigenen lurrak berreskuratzeko sistema eraginkor, azkar eta gardena bilatzen dutela; indigenen uren, lurpearen eta kulturalki garrantzitsuak diren gainerako natur baliabideen gaineko erregimenaz gogoeta egiten dutela; gizarte sozial paternalistak edo klientelistak baztertzen dituztela eta herri maputxearen bizi-baldintzak hobetzeko politikak sustatzen dituztela, bai landa inguruan, bai hirian; azpiegitura proiektu handiak onartu edo ez erabakitzeko partaidetza prozesu lotesleak nola ezarri aztertzen dutela; arrazakeriari eta hezkuntza kulturanitz zein eleanitzari buruzko gogoeta ere ez dela faltako, ezta biopirateriari eta ezagutza tradizionalaren jabetza intelektualari buruzkoa ere.
Gai horiek sortuko balira –besteak beste–, eta manipulaziorik, aurreiritzirik, hipokrisiarik eta oportunismorik gabeko akordioak eragingo balituzte, agian, bigarren mendeurren honetan justizia kulturanitzeko akordio iraunkor baten ekarpena egin ahal izango lukete, zeinaren ondorioz etorkizuneko belaunaldiak, indigenak eta ez indigenak, gure komunitate politikoaren destinoaz benetan harro egongo liratekeen. Horrela ez bada, Txile zuzentzen duten eliteak ez ditugu merezi; edo agian bai, gu itxurakeria hutsaz eta lotsagabekeria handienaz gobernatzen jarrai dezaten uzteagatik.
http://www.elmostrador.cl/opinion/2010/09/21/la-consternacion-de-las-elites-y-la-justicia-para-un-pueblo/