[2022ko brigadak] Venezuelatik azken kronika

[2022ko brigadak] Venezuelatik azken kronika –

Comuna El Maizal: Garapen comunala, blokeo inperialista, santzioak eta barne-kontraesanak. Edozein oztoporen gainetik, comuna ala ezer ez!

Comunak sozialismoa erditzeko bidea dira, atsedenik gabe borrokatzen diren milioika komunero sozialistentzat. Zelula sozialista horiek izango baitira Venezuelako gizarte berria erdituko dutenak, gaurdanik herri-boterea eraikiz eta ekoizpen-harreman berriak sortuz.

[2022ko brigadak] Venezuelatik azken kronikaHala ere, ez dira gutxi iraultza bolibartarrarekin eta Chavezen ondarearekin konprometitutako komuneroek dituzten oztopoak. Alde batetik, blokeo inperialista eta santzioak. Bestetik, estatuaren joera burgesak eta gobernuko sektore jakin batzuen erreformismoa. Horregatik, ezinbestekoa da testuingurua aztertzeko gai direnen lana eta konpromisoa aztertzea, estatu komunal moduan izendatzen duten hortzimuga sozialistari eusten diotenena.

Lan nekaezin horren adibide gisa El Maizal Comuna Sozialista dugu, gaur egun gehien garatutako esperientzia komunaletako bat. Hori dela eta, Maizaleko esperientziatik abiatuko gara funtsezkoak iruditzen zaizkigun gako batzuk garatzeko.

.

El Maizal Comuna Sozialista

El Maizal 2009an sortutako Comuna da eta 24 kontseilu komunalek osatzen dute, Lara eta Portugesa estatuetan kokatzen direnak. Azken urteotan, indar politiko eta ekonomiko garrantzitsua bihurtu da Venezuelan eta ezinbezteko erreferente morala da nazio mailan zein nazioartean.

El Maizalek bat egiten du Chavezen legatuarekin, eta autogobernu-unitate gisa ulertzen du Comuna, hau da, jabetza komunalean oinarritutako harreman produktibo berriak garatzeko tresna gisa.

.

Lurren eta ekoizpen-bitartekoen birjabetzea

Lurren eta zenbait ekoizpen-bitartekoren birjabetzea izan da El Maizal Comunak bere proiektu politikoa aurrera eramateko oinarri materiala izatea ahalbidetu duen tresnetako bat. Chavez hil ondoren, oligarkiak desjabetu zizkieten hainbat lur berreskuratzeko saiakera egin zuen. Lurren kontrola berreskuratzeaz gain, helburu argia zuten: herri langileak Chavezekin garatutako borroka molde berriaketa antolaketa forma berriak desagertzea.

El Maizalen ere zenbait lur berreskuratzen saiatu ziren, baina porrot egin zuten. Antolatutako herriak unea eta testuingurua irakurtzen jakin zuen, ofentsibara igaroz. Horrela, 2017an lurraldean hedatzen hasi ziren, lurrak eta hainbat ekoizpen-proiektu berreskuratuz. Gaur egun, azpiegitura eta lur horiek herriaren kontrolpean daude.

Ekoizpen eta jabetza komunala

Ekoizpena proiektu komunala garatzeko gakoetako bat da. Gaur egun, ekoizpen komunalean oinarritutako hainbat unitate daude Comunan: jabetza komunaleko hainbat enpresa eta familia-ekoizpeneko hainbat unitate.

Hauen bitartez, artoa, kafea, abereak eta hainbat barazki ekoizten dituzte. Elikagaiak eta lehengaiak prozesatzeko ere azpiegitura dute. Ekoizpen guztia zentralizatzeko akopio-zentro bat dute eta produktuen banaketa egiteko hainbat denda. Honetaz gain lurraldean gasaren distribuzioa egiteko azpiegitura dute.

Unitate horiek guztiak dira komunaren ekoizpenaren bihotza, santzioei eta krisiari aurre egiteko estrategia berriak eta askotarikoak garatzea ahalbidetu dutenak. Gainera, 2020an familia-ekoizpeneko unitateak garatzeko programa bat hasi zuten, inguruko ekoizle txikiei laguntza eta finantzaketa emateko helburuarekin.

Ekoizleek haziak, ongarriak, ganadua, aholkularitza teknikoa eta prestakuntza jasotzen dute, unean-uneko beharrei erantzuteko maileguez gain. Era berean, ekoizpen-unitate horiek sortzen dutenaren zati bat ematen diote Comunari. Hau ere Comunaren akopio-zentrora doa eta hortik denda komunaletan banatzen da.

Sortutako eszedentea Comunaren Bankuak kudeatzen du, eta produkzioan berrinbertitzeaz gain, gizarte-eremuan inbertitzen da, etxeak, eskolak, elektrifikazioa eta abar eraikiz. Sistema honen bidez, ekoizpen-baliabideak komunitatearen esku eta herriaren zerbitzura jartzea lortu dute. Gainera ekoizpen-prozesu osoak garatzen ari dira, eta, horri esker, estatuaren eta bitartekari pribatuen mende egotea saihesten dute. Zirkuitu horiek garatzeko, behar-beharrezkoak dira hainbat mugimendu eta komunekin sortu dituzten aliantza eta akordioak.

.

Formakuntza ideologikoa, politikoa eta teknikoa

Proiektu komunalaren beste gakoetako bat prestakuntza politikoa eta teknikoa da, proiektuaren erdigunean kokatzen duten elementua. “Inperialismoak nola funtzionatzen duen ulertzea ezinbestekoa da eta erreformismoa nola antolatzen den aztertu eta ulertu behar dugu ere. Horretarako formakuntza beharrezkoa da” (Yohander Pineda, 2021).

Gaur egun komunitatearen formakuntza bermatzeko hainbat tresna jarri dituzte martxan. Batetik, “Escuela de formación política, ideológica y técnica el Maizal” dute. Honen helburua hainbat erakunde eta comunei prestakuntza politikoa eskaintzea da, herrialde osoko mugimendu eta erakundeekin ekimenak partekatuz.

Bestetik “Ernesto Guevara” Unibertsitate teknio agropekuarioa dute. Honi esker comunan ekoizle gisa lan egingo duten gazteei formakuntza tekniko eta politikoa eskaintzen diete. Brasilgo MSTko kideekin batera gauzatzen duten proiektua da.

Gainera, haurrei zuzenduta, haur eta lehen hezkuntzako eskola sortu berri dute. Herri-heziketan, pentsamendu kritikoaren sustapenean eta pentsamendu iraultzailearen ondarean oinarritzen da. Gaur egun proiektua zabaltzeko bidean daude, bigarren hezkuntza ere eskaintzeko helburuarekin.

Formakuntza tresna horien bidez, koadro politiko eta tekniko ugari heztea lortu dute. Horietariko asko comunetako, proiektu produktiboetako eta erakundetako liderrak dira gaur egun.

[2022ko brigadak] Venezuelatik azken kronika

.

Garapen komunalak izan dituen zenbait oztopo

Proiektu komunalaren garapenerako oztoporik handiena, iraultza bolibartarrarentzako bezala, santzioak eta blokeo inperialista izan dira. Horren adibide dira AEBk Venezuelari 2017an ezarri zizkion finantza-santzioen pareko gerra-deklarazioa edo 2019ko petrolio-blokeoaren inpaktu suntsitzailea.

Santzioek eragin izugarria izan zuten komunaren ekoizpenean eta herri xumearen bizi-baldintzetan. Baina galerak ez ziren soilik materialak izan; horretaz gain, kolpe gogorra izan zen herriaren subjektibotasunarentzat. Izan ere, elementu desmoralizatzaile moduan operatu zuen antolatutako herriarengan ere.

Bestalde, iraultzarekin konprometitutako komuneroek aurkitu duten beste oztopo bat prozesuaren barruko kontraesanak izan dira. Hau da, prozesu bolivartarraren barruko joera erreformistak. “Gobernua botere politikoari eusteko ahalegin handia egiten ari dela uste dugu, baina herria antolatuta ez badago, gobernuak etsaiari amore eman diezaioke”. (Angel Prado, 2021)

Garrantzitsua da ulertzea Chavismoaren barruan joera desberdinak daudela gaur egun, proiektu komunalaren garapena oztopatzen duten joerak barne. Santzioak arazo larria dira, baina estatu burgesa ere arazo handia izan daiteke. Maizaleko kideen arabera, joera horien arteko talka elementu garrantzitsua da egungo testuingurua ulertzeko. Horregatik herri chavistak bere agenda propioa planteatu behar duela uste dute, sektore erreformistenak (Estatu coomunalaren potentziala ukatzen dutenek) agenda marka ez dezaten.

Hori dela eta, herri-boterea indartzeko lanean jarraitzen dute, gobernua iraultzaren norabideari heldu diezaion. Eta horretarako, ezinbestekotzat jotzen dute borroka, comuna proiektu nazionalaren funtsa izaten jarrai dezan. “Sozialismoa helburu denean, kontua ez da talde bati boterea kentzea eta beste bati ematea. Ez. Boterea herriaren esku egon behar da, eta horrek inplikazio politiko zein ekonomikoak ditu”. (Angel Prado, 2021)

Gaur egun, El Maizal Comunako alkatetza komunero baten gidaritzapean dago lehen aldiz. Horrelako adibideek argi uzten dute comuna amets batera mugatzen den utopia eskuraezina baino askoz gehiago dela.

.

Aliantzak eta hegemonia berri baten eraikuntza.

Esperientzia lokaletaz haratago, aliantzen eraikuntza beharrezko gakotzak jotzen dute El Maizaleko kideek, hegemonia berria eraikitzeko ezinbestekoak direnak. Proiektu komunalak ezin dira ozeano kapitalistetan isolatuta dirauten irla sozialistak izan. Hori dela eta, une honetan hainbat aliantza bultzatzen ari dira nazio mailan zein nazioartean. Horren adibide Union Comunera erakundearen bultzatzaile eta parte izatea.

Aliantza horien bitartez, indar politiko, ekonomiko eta sozial bat garatzea dute helburu, proiektu komunala edozein mehatxuren aurrean blindatu ahalko duena. “Kapitalismoaren eta sakeo inperialistaren aurrean, ezinbestekoa da elkartasun-harremanak eraikitzea. Ezinezkoa da bakarrik ibiltzea, elkartasuna, babesa eta elkarrekiko errekonozimendua behar-beharrezkoak dira”. (Angel Prado, 2021)

[2022ko brigadak] Venezuelatik azken kronika

Venezuelatik azken kronika Venezuelatik azken kronika Venezuelatik azken kronika