2014ko 5 albiste jarraitzeko arrastoak

bostak2014an gertatuko diren bost albisteren inguruko pistak eman nahi ditut labur-labur. Bai ala bai gertatuko direnen artean daude lau data – ekainaren 8ko giza katea, maitzaren 25eko Europako bozak, irailaren 11ko Diada eta 18ko Eskoziako erreferenduma- eta prozesu bat -gatazkaren ondorioen konpondieen garapena-. Urtero bezala sorpresaz bete-beteta helduko zaigu 2014 hau ere, inork aurreikusten ez zituen albisteek gozotu eta mikaztuko dute gure aldartea. Gertakizun horiek zeintzuk izango diren jakiteko hots egin igarleari, gainontzeko bost albiste hauen analisi xumearentzako, segi irakurtzen.

Aurrekari bezala, 2012rako eta 2013rako ere osatu nuen gisa horretako zerrenda. Zenbatean asmatu nuen?

2014ko 5 albiste jarraitzeko arrastoak

Erabakitze eskubidearen tiobiboan

gure esku dago

Ekainaren 8an 50.000 lagunek eskuz-esku lotuko dituzte Durango eta Iruñea banatzen dituzten 123 kilometroak. “Nazio bat gara, erabakitzeko eskubidea daukagu” aldarria zabalduko du ozen, Kataluniak 2012ko irailaren 11an egindako tankeran -katalanek independentzia aldarrikatu zuten zuzenean-. Gure Esku Dago dinamikaren helburua da hori, eta Euskal Herrian lokartuta dagoen estatus politikoaren aldaketarako sua hauspotu nahi du.

Herri mugimenduaren arrakastak Gasteizko legebiltzarrean oihartzuna izan dezake, Kataluniakoak Bartzelonan egin bezala. Izan ere, EAJren ekimenez estatus politiko berri bat adosteko lantaldea martxan jarriko da urtarrilarekin. Erabakitze eskubidearen aldeko bi indar abertzaleek aurrez aurre izango dute unionista espainiarren itxitasun erabatekoa. Estatutu berri batek hankak motzak ditu, Ibarretxerena eta Kataluniakoa lekuko. Hartara, jeltzaleen jarrera aldaketa behartua da -giza katearen oihua akuilu-  adostasun zabalenera heltzeko aukera bakarra; EH Bilduk eta EAJk duten %64. Katalunia Espainiaren batasuna zartatzeko gai bada, aurreikusezinak dira geurean izango genitzakeen ondorioak. Kanpo faktore horri adi.

Nafarroan Barcinak kosta ala kosta eutsiko dio UPNren gazteluen zutoinei. 2015era arte hauteskundeak ez deitzea izango du parlamentuaren aldaketa galarazteko aukera bakarra. Iparraldean, ostera, departamentu propioaren eskakizunak Parisen mespretxua jaso duenez gero, herritarrak asetuko dituen marko berria gaitz da atzematen.

Europako bozetan, Belgikari adi

nva

Maiatzaren 22tik 25era Europako Batasuneko 28 estatuetako 500 milioi hiritarrek bozkatu egingo dute. Hain zuzen ere Europan sinisten ez dutenen botoa eta abstentzioa izango dira Batasunaren osasunaren neurgailu behatuenetakoa.

Kontinente osoan ez ezik, haren bihotzean jarrita egongo dira lupa asko: Belgikan. Han estatu mailako hauteskundeak egingo baitira. Iragarpen guztien arabera, Flandriako alderdi nazionalistak aise irabazi ditzake bozak. NVA koalizioak Belgika estatu konfederala darama programan, independentziaren aurrekari bezala. Belgikako estatuaren “indarra batasunaren bidez” leloaren azkenak izan daitezke, eta Europan loratzen ari den estatu berrien joera indartu.

Independentziaren aurreko azken Diada?

kat

2012ko manifestazio kolosala, 2013ko giza kate mundiala…eta 2014an? Azaroaren 9rako aginduta dagoen erreferendum independentista egingo ote den ala ez, hortxe Kataluniako prozesuaren hurrengo inflexio puntu aurreikusgarria. Dudarik gabe tentsio politikoa gori gori izango da Bartzelona eta Madrilen artean. 2014a izango da urte erabakigarria. Horretan ados daude analista guztiak. Eszenatoki posibleen artean gaur gaurkoz bideragarriena hurrengoa da: Espainiak galdeketa debekatu eta Artur Masek hauteskunde plebiszitarioak deitzea, CIU-ERC-CUPek gehiengoa izanez gero… aldebakarreko independentzia aldarrikatzeko? Bozetatik haratagoko gertakariak guztiz ezezagunak dira. Dena den, galdeketa debekatu ala ez, irailaren 11ko Diadan beste mugarri bat gertatuko da Herrialde Katalanetan. Eta ANCk herri guztietan galdeketak antolatzen baditu?

Eskozia: Bai ala Ez

indy-ballot-graphic

300 urte eta gero Eskoziak estatua berreskuratzeko aukera demokratikoa gauzatuko du irailaren 18an. Esku eskura dauka independentziaren engranaiak muntatzeko bidea, baina herritarren babesa falta du. Azken inkesten arabera oraindik erabakia hartu ez dutenek (%33) izango dute giltza. Better Together kanpaina unionistak eta Yes independentistak dena emango dute eskoziarren atxikimendua lortzeko. Oraindik aldea dute unionistek, baina itxaropenaren karta daukate estatuaren aldekoek, Alex Salmond lehen ministroa buru. Emaitza bata ala bestea izan adierazpen demokratikoak mugarria egingo du Europan. Baiezkoak, lurrikara. Europako Batasunak independentzia berrien aurreko doktrina ezarri beharko du. 2016ra arte ez da Eskozia estatu bihurtuko, herritarrek baiezkoa esanda ere, bi urtez Londresekin negoziatuko baitituzte banaketaren baldintzak.

Gatazkaren ondorioen lokatzetan

presok

EPPKren adierazpen historikoarekin amaitu da urtea, eta urtarrilaren 11ko presoen aldeko itsasoarekin hasi. Mariano Rajoyren tema neurrigabearen aurrean, aldebakarreko urratsek bide egingo dute 2014an. Presoek sakabanaketaren amaiera eta onura penitentziarioak eskatuko dituzte, erantzun positiboa izango den batere bermerik gabe. Anartean, ETAk ere Foro Sozialari erantzun egingo diola dirudi -presoek egin bezala- eta armagabetzearen bidean urratsak eman. Zenbaterainokoak izango diren jakitea ezinezkoa da, baina urte betean ETAk badu astia ibilbide bat markatu eta efizienteena deritzona hartzeko.

Eusko Legebiltzarrean 2013an zapuztu zen Bake eta Elkarbizitzarako lantaldeak izango duen bilakaerak ez du itxura gozorik. PSEk eta PPk hitz egiten hasteko aukera ere baztertu dute EH Bilduk “zoru etikoa” izendatu dutena hitzez hitz sinatu ezean. Alderdikeriek markatutako blokeoen korapiloa askatzeko lanak eta bi egin beharko dituzte bakearen aldeko eragileek.

 

Aurreikuspenak hanka sartzeko eginak daudela diote jakintsuek.

2 pentsamendu “2014ko 5 albiste jarraitzeko arrastoak”-ri buruz

  • “unionista espainiarren”: ez dira “unionista” ez baitira gure Herrikoak: Inperialista espainiarrak dira, Gurea dena lapurtu nahi dutenak.

  • Egitatearen arrazoia 2014-01-07 12:21

    Inperialistak dira, kolonialistak dira, gure herria zatitu nahi duten separatistak eta sezesionistak dira…
    Justizia!!!
    Askatasuna!!!
    Kolonialismoari ez!!!