«Sortzen ari diren demokraziak»

Bartzelonako-liskarrak.jpeg

Espainian, igandeko hauteskundeetan PSOEk izugarrizko jipoia jaso ondoren, sozialistek buruzagi berria izendatzeko lehia argitu dutela dirudi; PPkoak, berriz, Moncloari begira daude. Bitartean, Benetako Demokrazia Orain mugimenduak beste astebeterako eutsi die kanpaldiei eta martxan jarritzeko asmoa du. Ángel Calle Collado soziologoak Público egunkarian adierazi duenez, mugimendu horrek demokrazia eredu berri bat sor dezake.

Gaur goizean, Bartzelonako Katalunia plazan liskarrak sortu dira, polizia bertan akanpatutakoak indarrez ateratzen saiatu denean. Joan Puig Barne Sailburuak esan du plaza «garbitzera» sartu direla mossoak, eta ondoren, protestariei berriz sartzen utziko zietela. Benetako Demokrazia Orain mugimendukoen ustez, aldiz, beraiek handik kaleratzea zen benetako helburua. Horrez gain, Madrilgo Autonomia Erkidegoak Sol Plaza husteko eskatu du. Hala ere, ez dirudi haserretuak geldiaraziko dituztenik, mugimendua sendotzen eta zabaltzen jarraitu nahi baitute.

Ideologia eta identitate askotako jendeak osatzen du, sare irekia da, behetik sortutako ekimenak egiten ditu, eta demokrazia formala zein gizarte eskubideen urraketak kritikatzen ditu. Ekimen berria da, baina hainbat aurrekari dauzka. Kordobako Unibertsitateko Soziologia irakasle Ángel Calle Colladok, hasteko, 1994ko mugimendu zapatista aipatu du. «‘Matxinoak elkarren bila dabiltza’ eta ‘Galderak eginez goaz oinez’ oihuek bere zilborrari begiratzen zion ezker klasiko eta dekadentea gainditzeko beharra aldarrikatu zuten, 1994an. Eta, azkenaldian, V de Vivienda [V for Vendetta pelikulatik hartutako izena] eta Etorkizunik Gabeko Gazteria oraingo gazte protesten aurrekariak dira». Horrez gain, Espainiako 2004ko presidentetzarako hauteskundeen bezperan gertatutako protesladia ere nabarmendu du; martxoaren 11ko atentatuetatik bi egunera, telefono mugikorren bidez deialdia eginda, milaka lagun kalera atera zirenekoa, hain zuzen.

Mobilizazio kultura berri bat sortzen ari da, soziologoaren iritziz. Orain, Interneti esker, gazteek aurreikusi ezin daitezkeen subjektu politikoak sor ditzakete astebetean, eta ekimenetako batzuk dagoeneko martxan daude: «Funtsezko esparruetan –adibidez, ura eskuratu ahal izatea, eta elikadura duin eta osasungarrirako eskubidea– indarrez sartzen den agenda neoliberalaren aurrean, autogestio ekimenak sortzen ari dira». Gainera, munduko beste txoko askotan gertatzen denaren berriak heltzen zaizkie eta elkarri bakoitzaren arazoak azaltzen dizkiote.

Epe motzean, Benetako Demokrazia Orain mugimenduaren ondorio nagusia hauxe izan daiteke, Ángel Calleren ikuspuntutik: «Behetik sortutako demokrazia eskatzeko elkartutako milaka gazteren sozializazioa». Epe ertainean, berriz, «ordezkaritza politikoa, sindikala eta ondasun komunak zein gizarte eskubideak kudeatzeko moduak aldaraz ditzake», eta aldi berean, agenda neoliberala progresiboki ordezkatu. «Baliteke gertatzea edo neurri batean eta une jakin batzuetan bakarrik gertatzea. [..] Argi dagoena da geratzeko etorri dela. Benetako demokrazien eskaerak jada sortzen ari diren demokraziak dira».     

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...