«Maroko: erregea segurtasunaren tentazioaren aurrean»
Marokon ere udaberri beroa izaten ari dira, gizarte eskubideen eta askatasunen aldarrikapenei dagokienez, nahiz eta beste herrialde arabiar batzuetan baino epelagoa izan. Manifestazioen eraginez, Mohamed VI.a erregeak Konstituzioa erreformatzeko batzorde bat izendatu zuen eta atzo zen proposamenaren berri ematekoa. Bitartean, Otsailak 20 mugimenduak protestak egiten jarraitzen du. Hicham Ben Abdallah el Alaouiren ustez, mugimendu horrek herritarrak aktibatzen jarraitu behar du, benetako demokratizazioa gertatuko bada. Horixe idatzi du Frantziako Liberation egunkarian, eta Lakome egunkari independentean ere irakur daiteke.
Begiraleek, hasieran, ontzat jo zuten Konstituzioa erreformatzeko asmoa, baina aldaketa kosmetiko hutsetara mugatuko ote den beldur dira, Hicham Ben Abdallah el Alaouik adierazi duenez. Erreformak bultzatzeko bi aukera ikusten ditu: bata, eztabaida prozesu irekia eta demokratikoa abiatzea; eta, bestea, itxurakeria izatea eta betiko eragileek bakarrik parte hartzea. Bigarrena da posibleena, bere ustez: «Prozesu ilun bat, zeinetan gure alderdietako eta sindikatuetako ohiko buruzagiek –gehienek Mugimenduari babes moderatua eman edo ukatu diote–, erregearen aholkulari baten kontrolpean, erreforma bat osatuko duten eta ondoren erregeak berrikusi eta zuzenduko duen, erreferenduma egin aurretik». Hala, Otsailak 20 mugimendukoek ez dute prozesu horretan parte hartu nahi izan, nahiz eta jokoan dauden gaiak funtsezkoak izan, adibidez: monarkia Estatuko gainerako botereen mende geratuko den, dekretuak ezartzeko boterea galduko duen, hauteskunde batzordea garbia eta independentea izango den, baita udal eta eskualde agintaritzak, justizia, Polizia, ikastetxeak, unibertsitateak eta enpresak ere.
Horrelako prozesu bati aurre egiteko, ahalegin politiko handia egin behar dela uste du Ben Abdallah-k, eta batez ere, herritarren parte-hartzea bultzatu behar dutela. «Alabaina, hamarkada askotako autoritarismoaren herentzia astuna da: pasibotasuna, etsipena, beldurra, zinismoa eta analfabetismoa». Alderdiak ere herentzia horren barruan sartu ditu eta monarkiarekin lotzen dituen zilbor-hestea eteteko gauza ez direla gaineratu du.
Otsailak 20 mugimendua eratu duten zibernauta gazteak pixkanaka gainerako herritarrak erakartzen ari diren arren, haiek mobilizatzeko beste gizarte proiektu bat proposatu behar diete, «bizimodu hobea lortzeko itxaropena» sortu. «Lor dezagun hori eta legea eta gainerakoa atzetik etorriko dira», adierazi du Ben Abdullah-k. «Mugimenduaren sustraiak herri osoak daukan aldaketarako desio sakonean daude, baina oraindik ez du politikoki eraginkorra bihurtzeko beharrezkoak diren aliantzak sortzen jakin, edo estrategia eta eduki programatikoak proposatzen». Dena den, erregimena ere ez da erronkei aurre egiteko moduko ikuspegirik zehazteko gai izan. Bestalde, erreforma azalekoa bada eta herritarren aurkako zapalkuntza handitzen bada, erregimenaren aurkako militantzia sendotuko du. Erregimena dagoeneko errepresioa handitzen ari dela dirudi, Ben Abdullah-ren iritziz, eta segurtasun indarrez baliatzeko tentazioa arbuiatu du.
Eragile politiko guztiek aurkari politikoekin errespetuz jokatzea eta denen artean erreforma proiektu sakona osatzea proposatu du. «Marokon, herrialde arabiarretako udaberriak uda luze batekin jarraituko du».
Ben Abdallah-k ez ditu sahararrak aipatu, baina Bernabé López García aditu espainiarrak dioenez, marokoarrek eta sahararrek aldarrikapenak bateratuz gero, bi aldeak indartuko lirateke. Ildo horretan, iazko urri-azaroan Mendebaldeko Saharako Gdeim Izik kanpalekuan izandako protestaldia mugimendu aitzindaritzat jo du.