«Liskarrak ezustekoa izan badira, jendea begira ez zegoelako da»
Londresko Tottenham auzoan bizi zen Mark Dugganen hilketaren ondoren, hainbat hiritan lapurretak, txikizioak, poliziarekiko borrokak eta 1.600dik gora atxiloketa izan dira, eta gutxienez bost lagunen heriotza eragin dute. Erresuma Batuko iritzi publikoak auzitan jarri du Gobernuak eta Poliziak istiluak geldiarazteko hartu dituzten neurriak. Hala ere, zergatien inguruko eztabaida sakonagoa ere badago.
Batzuen ustez, poliziaren utzikeriak edo egoerari probetxua ateratzeko nahiak sortu du azken egunotako kaosa; beste batzuen ordez, berriz, gizarte arrazoiak daude atzean (bazterkeria, langabezia eta arrazakeria). Liskarren hasieraren lekuko izan zen Stafford Scottek The Guardian egunkarian idatzi duenez, bazterkeriak eta horri alternatibarik ez ikusteak eraman ditu ehunka lagun –erdiak, gutxienez, nerabeak– beren auzoak suntsitzera. Horrez gain, berak ere Poliziaren utzikeria kritikatu du.
«Norbait hiltzen dutenean, hari buruzko datu pertsonalak ez dira publikoki zabaltzen, senide hurbilenei horren berri eman arte. Mark Dugganen familiak [komunikabideetako] titularretan ikusi zuen ‘tiroketa izugarri’ baten ondorioz hil zutela. Zergatik halako tratu ezberdina? Ni, haren familiako kideekin batera, Tottenhameko polizia-etxera Mark hil izanaren adierazpen ofiziala jasotzera joan zirenetako bat izan nintzen. Familiari ez zioten batere baieztapen ofizialik eman», salatu du Stafford Scottek. Joan den asteko ostegunean hil zuten Mark Duggan (29 urte, beltza), eta larunbatean joan ziren senideak polizia-etxera. Poliziak hasieran emandako bertsioaren arabera, Duggan izan zen tiro egin zuen lehena. Asteartean, berriz, Erresuma Batuko Poliziaren Kexen Batzorde Independenteak jakinarazi zuen hark arma bat zeukala, baina ez zuela tirorik egin. Taxi batean zihoala, Poliziak autoa geldiarazi zuen eta bi tiro egin zizkion: lehena bularrean, eta bigarrena, eskuineko besoan.
Lehendik ere izan dira liskar gogorrak beltzen eta Poliziaren artean, eta 1999an Poliziaren jokabidea aztertzeko sortu zen batzorde independente batek ondorioztatu zuen Polizia Metropolitanoak jarrera arrazista zeukala. Hori gogora ekarrita, Scottek ondoko galdera luzatu du: zergatik gertatzen dira halako gauzak oraindik ere? Azaldu duenez, joan den larunbatean, polizia-etxearen aurrean hainbat ordu eman zituzten, emakume gazte talde bat buru zuen manifestazio batean, Poliziako bururen batek Dugganen senideekin hitz egiteko zain. Seme-alaba txikiez lagundutako emakume talde batek zuzendu zuen manifestazioa, hain zuzen ere, istiluak saihesteko. Baina manifestazioa bukatutzat eman zutenean, jende talde bat oihuka hasi zen eta beren frustrazioa kanporatu zuten, lekukoaren arabera. «[Horrek eragin zuen] suntsiketa handiak nahigabetu, harritu eta izutu egin nau», nabarmendu du Stafford Scottek. Bere ustez, horrela jokatzeko, gizartean lekurik ez dutela pentsatu behar zuten gazteek. Sentipen hori urtetako egoeraren ondorio dela gaineratu du, baita berriz ere liskarrak sortuko ziren zantzuak bazeudela ere.
«Lehena, berdintasunik ezin badugu lortu, eta justiziarik ezin badugu espero onena ‘ordaina lortzea’ dela pentsatzeak eragin ditu lapurretak. ‘Dena diru kontua da!’, da gizon zurien munduan ezer lortzeko itxaropena galdu duten gizon gazte beltz gehiegiren leloa». «Dohain naturaletan oinarrituta, eta ez ikasitako gaitasunetan, primerako ghetto bizimoduak dituzten rap abeslarien eta atleten bideari jarraitu nahi diote. Ez dute ikusten hori hezkuntzaren bidez etorriko zaienik: etxeetan bizi direnek soldatari esker bizirauten dute. Zoritxarrez, pentsamolde horrek drogak saltzea zilegitzat jotzea errazten du, horrek ere ‘dirua ekartzen’ duelako».
Bigarren zantzua nigger [beltza, iraintzeko asmoz] deitzea onartu izana da. «[Horrekin] landako negroen ondorengoak zirela esaten ari ziren, ez esklabutza garaiko negro etxekotuak. Landako negroen asmoa ihes egitea zen eta, agian, nagusiari eta haren jabetzari kalte txikia eragitea ere bai». Eta, pozik ez egotearen hirugarren zantzua bandak sortzea izan zen. «Hala ere, gizarte zabalak ez zien jaramonik egin seinale horiei; dena beltzen arazotzat jotzen zuen».
Gazteek haserretzeko arrazoi gehiago ere bazituzten, Stafford Scotten arabera: Gobernuak gastu sozialak murriztu, matrikulen tasak garestitu, eta gazteen artean langabezia tasa handitu izana.
Hori guztia alde batera utzita, Poliziak azken egunetako liskarrak zergatik ez dituen eragotzi azaldu behar du, Scotten ustez. «Polizia polizia-etxea babesten saiatu zela eta istilu-sortzaileei handik iparraldera zegoen guztia lapurtzen edo suntsitzen utzi ziela ematen zuen». Berriki, Erresuma Batuko Gobernuak polizia arloan gastuak murrizteko asmoa iragarri du eta, herritar batzuen iritziz, Poliziak ez du liskarrak eragozteko ahalegin handirik egin, Gobernuari erronka botatzeko. Scotten ikuspegitik, hanka-sartze hutsa izan da, ez nahita egindako desafioa.
[…] Ainara Mendiola: «Liskarrak ezustekoa izan badira, jendea begira ez zegoelako da» […]