Zuzeuk Woody Allen harrapatu du

Midnight in Paris. Halaxe du izena Allen handiak Europan egingo duen hurrengo filmak. Laster hasiko dira filmaketa lanak egiten, baina, horretarako, lehendabizi lokalizazioak egin behar dituzte; alegia, non filmatu erabaki behar dute, Paris hiri ederra baita, baina oso handia.

Horretarako, talde txiki bat bildu du Allenek. Argazkietan ikusiko duzuen bezala, morroi beltzaran batekin ari da planoa eztabaidatzen, buruan bixera daramana. “Irekiago”, esango dio batak, eta besteak, ostera: “Neuk pixka bat itxiko nuke, hondoa desenfokatzeko” (hori ari ziren esaten zehazki, neuk entzun nuen eta).

Tira, beltzaran hori, filmeko argazki zuzendaria izango dena, Darius Khondji da. Izena ezaguna egiten ez bazaizu, jakizu Paris oso-oso ongi ezagutzen duela, eta berak sortu zuela Delicatessen filmaren estetika, edo tonu zoragarri hura, gerora horrenbeste imitatu dena han eta hemen (ia beti txarrera).

Ez dakigu Saint Michel iturriko ingurua azkenean filman agertuko ote den. Geuk han topatu genituen irudi batzuk hartzen. Inguruan turista mordoa zebilen, baina inork gutxik erreparatu zion txanodun gizaki ttattar hari.

Zuzeuk Woody Allen harrapatu du

Irudia | Woody Allen | Lander Garro | Creative Commons By SA

Zuzeuk Woody Allen harrapatu du

GURE ETXEKO KONTUAK