ZuZeu ondo ikusten ez baduzu

Egunak daramatzagu ZuZeun hobekuntzak egiten. Une jakin batean denak batera argitaratu ordez, poliki-poliki egiten dihardugu, gaur hau eta bihar hura. Izan ere, ezer itzali gabe egin nahi ditugu probak eta, jakina, nahi gabeko albo-kalteak sortzen dira, besteak beste, dena oso ondo ez ikustea ere bai.

Une honetan ZuZeu ez baduzu oso ondo ikusten, ez bazaizu agertzen azpiko argazki honetakoa bezalako forma bat, zeinetan goian sarrera nagusi bat ageri den eta azpian binaka antolatuak beste sarrerak, eskuinean hirugarren zutabe bat ageri duena, esan nahi du nabigatzailearen katxea garbitzea komeni zaizula. Hala ere, hori egin baino lehen beste gauza bat ere egin dezakezu (nahiz eta ez duen kasu guztietan funtzionatzen): sakatu Control+r teklak.

Datozen egunetan ere, pixkanaka gehituko ditugunez hobekuntzak, arrarokeriak ikusten dituzun bakoitzean, badakizu zer egin behar den. On dagizula.

 

ZuZeu ondo ikusten ez baduzu

ZuZeu ondo ikusten ez baduzu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

16 pentsamendu “ZuZeu ondo ikusten ez baduzu”-ri buruz

  • Egiten ari zareten aldaketak, nire ustez, ondo ari dira geratzen, oro har. Orria arnasa hartzen ari da eta dena ageri da garbiago, argiago. Ez da lehengo anabasa.
    Nire uste apalean, hona hemen hobetzeko batzuk:
    -Mantxeta: mantxeta osoa, bere “Zorro”-aren Z ezinago kistx horrekin, eta ondoko koadro urdina. Konposizio osoa erabateko despropositoa da. Mantxeta osoa zakarrontzira botako nuke nik, benetan.
    -Txuri-urdina: lehen ere erabateko presentzia bazuen, orain areagotu egin dela dirudi txuri-urdinaren presentzia. Horretan, lehen baino okerrago. Guztiz Errealekoa, guztiz giputxa egiten zait webgune hau; sentitzen dut, baina leku guztietatik kiputxzentrizmoa dario.
    Dena den, hasieran esan dudan bezala, bide onean zabiltzate, ene iduriko. Eutsi!

  • Eta zuribeltza jartzen badugu?

  • Oxandabaratz 2013-10-20 19:06

    Athleticekoa naiz eta ZuZeu txuri-urdinez egoteak ez dit batere molestatzen. Are gehiago, beti ezagutu izan dut horrela, ez dakit kolore aldaketak zerbait onik ekarri ahal duen.

    Gipuzko-zentrismoa ere aipatu duzu, nik hemen ez dut ikusten. Agian pixka bat, baina euskaldun gehien dituen herrialde Gipuzkoa da, beraz normala laguntzaile gehienak gipuzkoarrak izatea. Beste eremuetan ere ematen dela? Ba agian bai, baina hortan ZuZeuk ez du ardurarik, eta ez da hemen eztabaidatzekoa.

  • Belatzek giputxzentrismoari buruz esandakoak, gogora ekarri dit elementu (zorionez oso bakan) batzuek Donostiako txu-txu trenari buruz esandakoa. Igual Santander Bankuaren webean sartu eta bizkaitarzentrismoa ikusiko luke Belatzek.

    Eta Donostiako txu-txu trenaz zeresana zuten elementu (zorionez oso bakan) horietako batek azalduko lioke, sutsuki eta ahalik eta irmotasun sentibera handienaz, Zuzeun agertzen den urdin argikara eta hitsak ez duela zerikusirik azul Donosti sendo eta biziarekin.

    Aldatu pantonea Zuzeu.

  • Tira! ZuZeuk darabilen urdin kolorea niri giputxegia iruditzen zait, azulen arteko ñabardurak ñabardura. Zer egingo diogu ba, Pantonin buru txit azkarra! Apreziazio estetikoa baino ez da, Oxandabaratz, eta niri, gipuzkoarra eta realzalea izaki, ez zait batere gustatzen. Dena den, aurrekoan nioen bezala, mantxetari ikusten dizkiot eragozpenik larrienak: Z hori… Osakidetzako inprimakia dirudien aldameneko koadrorekin batera… Hor badago zer hobetu, nire uste apalean. Dena den, nire ustea horixe besterik ez denez, ez nuke nahi inor haserretzea bere Egoa ukiturik sentitu duelako, jakina.

  • Ba edozein matizeko urdina ikusita Gipuzkoa badatorkizu burura, bejondeizula. Harrikada eder xamarra duzu 🙂
    Igeldoko funikular gorria, edo oraingo txu-txu tren gorria ikustean, ez zait ez Bilbo ez Bizkaia etortzen burura. Ibilgailu horiek oso donostiarrak ez omen direla-eta zeresana zuten elementu (zorionez oso bakan) horietakoek ere harrikada eder xamarra duten bezala.
    Zaindu, belatz.

    Zuzeuren diseinuari buruzko gainerakoan, izango da zer hobetu, noski: baina nik nahiago arreta edukian jarri.

  • Pantonin maitea,
    Nire harrikada nirea da, eta zurea, berriz, zurea. Ederra? Ez dakit ba, nire neurrira egina. Zurea, zure neurrira egina. Nork berea. Kito.
    Dena esan behar denez… esan behar da Zuzeu nagusiki gipuzkorrek erabiltzen duten tresna dela, nagusiki gipuzkoarrek idatzia, Gipuzkoa berriaren zigilua hor duela ageri-agerian, Eusko Jaurlaritzarenarekin batera; ez Arabakorik, Nafarroakorik… Ezin ukatuzkoa Gipuzkoak Zuzeun duen nagusitasuna. Eta hain zuzen ere, horrexegatik, ez zait aukera ona iruditzen, ez zait elegantea iruditzen, nazio ikuspegitik, txuri-urdina izatea Zuzeuren irudizko “marka”, Urkullu athleticen txamarra batekin agertzea elegantea irudituko ez litzaidakeen bezala, nahiz eta hezurretarainoko lehoizalea izan. Baina tira, agian nire harrikada ederraren zehar-kalteak baino ez dira izango nire hausnarketa hauek. Buruko kalenturak.
    Ni ere askoz ere gehiago arduratzen naute eduki kontuek, noski. Hor ere izango da zer hausnartu, inondik ere. Baina oraingo honetan itxuraz ari ginen, ez? Ni behintzat, bai. Dena esan beharra dagoenez…

    • Hamaika irakurtzeko jaio gara, antza. Hasieran txantxatzat hartu nuen koloreen kontua, baina serio ari zarela ematen du. Futbola-koloreak-lurraldea lotura subjektibotik harago, ba al dago oinarririk baieztatu duzun horretan? Nik ez dut sekula lotu Zuzeu lurralde jakin batekin, ez bada Iparralderen falta sumatzeko. Bestalde, zentzuzkoa da euskaldun gehien biltzen dituzten lurralde eta eskualdeen partetik parte hartze handiagoa izatea. Ikuspegi naziolanaz mintzo zara, baina egin duzun lotura egiteko txokokeriatik baino ezin izan duzu egin, nire ustez. Eta, bide batez, esango dizut potroetaraino nagoela ni futbolarekin eta batzuen paranoiekin.

  • Gonzalo, egia da nahi baino Iparraldeko jende gutxiago ibiltzen dela ZuZeun, baina ez da saiatu ez garelako. ZuZeularien artean hortxe Fred Berruet musikazalea, eta, blogarien artean, Beatxo zoragarria… Egia da ez garela gehiago, baina ez eta ere gutxiago. Iparraldearen Zuzeuko partia handitu ahal balitza!

    • Zalantzarik ez. Baina ez nion inori salaketarik egin nahi. Zuzeun Iparraldeko jende gutxiago ibiltzea eta hango oihartzuna txikiagoa izatea errealitatearen ondorio baino ez da. Zuzeun, Berrian zein Argian, kasu. Bidasoan egundoko muga daukagu: politikoa, administratiboa, kulturala… Baina hau beste kontu bat da. Ulergaitza da, ordea, batzuen tema mugarik ez dagoen tokian muga berriak asmatzeko, dela futbola, dela euskalkia, dela zabor bilketa sistema.

  • Gonzalo,
    Zu futbolarekin eta batzuen paranoiekin potroetaraino egotea kontu erabat subjetibo eta erabat irrelebantea da. Bide batez, jakizu futbolarekin potroetaraino egoteak ez zaituela pertsona interesgarriagoa egiten. Zuzeun egiten dituzun ekarpenak estimu handitan ditut, baina badago zerbait hobetu, goxatu, apaldu beharko zenukeena idaztera jarri aurretik: tonua. Sarritan garraztasunetik hitz egiten duzu eta horrek, neurri batean, baliogabetu egiten du zure argudioen indarra.
    Esan behar dizut, dena esan beharra dagoenez, txuri-urdinari egin nion kritika, hasieran, ez nuela neuk ere oso serio egin, erdi-txantxetan ari nintzela, baina batzuek nola jartzen zareten ikusita, jarraituko dut defendatzen, hemen eta edonon, txuri-urdinak ez diola onik egiten Zuzeuri, euskaldun asko eta askoren imajinarioan realaren koloreak baitira. Ondo dakit Zuzeukoek ez zituztela koloreok modu kontzientean aukeratu, baina kasu, askotan inkontzientearen arrazoiak indartsuenak izaten baitira, hain zuzen ere horregatik, ez dakigulako non dituzten beren erroak. Giputz batek, beste inork ere ez luke txuri-urdina hautatuko nazio mailako proiektu baterako (tira, agian babazorroren batek ere bai), euskaldun batek horia eta gorria nehoiz aukeratuko ez lituzkeen bezala, bidenabar esanda. Beraz, nire iritzi apal eta umilean, eta betiere modu eraikitzailean eta nazio eraikuntzaren ikuspegitik, hobe luke Zuzeuk kolore aldaketatxo bat egitea, edo hirugarren kolore bat sartzea, nire aholkua kontuan izatea ez dadin horren urguilu-zaurgarria eta traumatikoa bilaka. Dena den, nik uste dut mantxetarena bai dela ahalik eta arinen konpondu beharreko afera, eta jakina, hori ere on beharrez esaten dut, asmo eraikitzailez eta inori min eman nahi gaberik. Mingostasunik gabe, Gonzalo, patxaraz eta umiltasunez, gizalegeak agintzen duen eran.

    • “Zu futbolarekin eta batzuen paranoiekin potroetaraino egotea kontu erabat subjetibo eta erabat irrelebantea da”. Subjektiboa denik ez dizut ukatuko, baina azalduko al didazu zergatik den irrelebantea, garrantzirik gabekoa, norbanakoak iritzia ematen duen foro batean? Horrelakoa bada nirea, hemen hitza hartzen duten guztiena ere bada. Hortaz, jaitsi pertsiana.
      *
      “Bide batez, jakizu futbolarekin potroetaraino egoteak ez zaituela pertsona interesgarriagoa egiten”. Azalduko al didazu zergatik sartu duzun esaldi hau? Nik nire inguruan pertsona interesgarriak eta itereresik gabekoak ezagun ditut, futbolzaleak ala ez, batekoak zein bestekoak, baina esango dizut futbolzaleen artean futbolarekin potroetaraino daudenak ere ezagun ditudala, batzuk interesgarriak eta beste batzuk interesik gabekoak. Baina, futbolaz ari gara hemen? Zuzeuren diseinuari buruzkoa zen hari honetan futbolaz ari gara zinez?
      *
      Niri ez zait inoiz burutik pasa Zuzeuko urdina Gipuzkoarekin lotze hori. Gorria balitz, ez nuke Bizkaiarekin lotuko. Horregatik Sustatu ataria ez dut Bildurekin lotzen, biek berdea erabili arren. Ezta Argia Bizkaiarekin ere, gorria erabili arren. Baina, hala balitz ere, Zeuzeuren ikurra eta diseinua realzale amorratu batek egin balu ere, niri bost axola.
      *
      Azken finean, tokian tokikoa gainerakoentzat mingarria eta onartezina dela esaten duzu; tokian tokitik ezin dela eraiki, alegia. Ez omen du balio besteentzat mingarria delako. Tamalez, gaur gaurkoz, horrelakoa da gure Euskal Herria. Garai batean, ordea, Iparragirrek lendabiziko aldiz Madrilen “Guernicaco arbola” abestu eta azkar asko Euskal Herri osoan zabaldu zenean, inori ez zitzaion burutik pasa Gernika Bizkaian dagoela. Ziur aski, ez da hain urrun joan behar antzeko adibideak jartzeko. Orain, agian eta horrela jarraituz gero, baten bati burura etorriko zaio Benito oriotarra dela, “giputxa, eta azken finean, kontuz!”. Horrela gabiltza. Futbolagatik? Inondik ere ez, mesedez! Kontua ez baita zuri urdinak (ez da hitz jokoa: “zeuri urdinak…”) Gipuzkoa (Reala) gogora ekartzea, horrek deseroso sentiaraztea baizik. Hortxe dago gakoa, kezkatzeko arrazoia, zerbait larriago eta orokorragoaren sintoma. Futbolak sentimenduak urak elektrizitatea baino hobeto igortzen baititu, hortxe duzu koloreen misterioa.
      *
      Horrexek garrazten dit tonua. Horrek eta txantxa satiriko batek jende askoren ahalegina zalantzan jartzeak. Ruper handiak dionez, zaindu maite duzun hori!

      • Oxandabaratz 2013-10-24 13:51

        Gernikako arbolako kasu horretan gainera Gernikako Batzar-lekuetan Bizkaiko Batzarrak batzen ziren (hau da, teknikoki ez zen Euskal Herriaren edo honen askatasun foralen ikur bat, baizik eta Bizkaiko askatasun foralena, gogora dezagun abestiak “ez zara eroriko arbola maitea, baldin portatzen bada Bizkaiko juntea” dioela). Baina gipuzkoar batek, Iparragirrek, abesti hori atera zuenean, mundu guztiak ulertu zuen Euskal Herriaren sentimendua islatzen zuela (beno, Hego Euskal Herrikoa “laurak bat” esaten bait du), hau da, askatasun foralak (euskararekin batera Euskalduntasuna ordezkatzen zutenak) modurik grafikoenean islatzen zituela. Hau da, sinboloaren berrinterpreazio bat egin zuen. Eta jendea Araban, Gipuzkoan edo Naafarroan ez zen iraindua sentitu.

        Gaur egun, XIX mendean baino okerrago? Probintzialkeria gehiago?

  • Beno, Belatzakin lasai egon daitezke Laboral Kutxakoak. Hautatu duten kolore konbinazio bitxiarekin, ez du inolako arazorik izango.

    Sacre bleu!!! Hamaika irakurtzeko….

  • Eta gero datoz bestelako komeriak: Realak galdu egin du Manchesterren. Egitate eztabaidaezina. Sartu da realzalea, porrota ahaztu nahian, Zuzeura, eta hara non ikusi dituen, berriz ere, porrotera erremediorik gabe daramaten koloreak: txuria eta urdina. Emaitza: porrota porrotaren gainean. Porrota ber 2. Egia da kontrako efektua ere gerta daitekeela realak irabazten baldin badu (kasurik urrienetan, eskuarki), baina gorputzaldi onak gutxitan eramango du realtzalea ordenagailu aurrera, ezpada kalera, lagunekin ospatzera, ardo botila bat atera eta momentua gozatzera…
    Pantonin, egia esatera, eta dena esan beharra dagoenez, Laboral Kutxako trikolorea barregarri samarra iruditu zitzaidan hasieran, baina orain, zer esango dizut ba, zerbait originala ikusten diot, zereko zeratxo ausart eta lotsagabe bat, gustatzen zaidana, aitor dut, gehiengo (demokratikoa) aurka jarriko zaidala ondotxo dakidan arren. Horixe eskatuko nioke Zuzeuri, begirunez betiere: izan dadila pixkat ausartagoa, kolorezta gaitzala pixkeat, horren premiarik franko dugu eta, sasoi ilunotan!