Zubi Lana, euskal kazetaritzaren 50 urte
Zubi Lana, euskal kazetaritzaren 50 urte –
Azken uda ikus-entzunezko erronka baten bueltan eman dugu Huheziko Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko lau lagunek.
ETB1erako dokumental bat egiteko enkargua ez zen gauerdiko ahuntzaren eztula. Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien 30. urteurrena zela eta, euskal kazetaritzaren azken 50 urteen errepasoa egitea 70 minutu inguruko dokumental batean. 50 urte dela, 1969ko uztailaren 10ean, Rikardo Arregi euskal kazetari eta saiakeragile gaztea auto istripu batean hil zen. Ordutik euskal kazetaritzak bizi izan duen bilakaera laburbiltzen saiatu gara.
Kazetariek egiten duten lanaren irudi metaforiko gisa zubiak aukeratu ziren, gertakarien edo albisteen eta gizartearen arteko zubi lana irudikatuz. Eta Euskal Herriko zubien bila aritu ginen uda osoan elkarrizketak zubien inguruan egiteko.
Erronka handia izan da Andoni de Carlos, Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko irakasle eta gidoilariak idatzitako gidoia pantailara eramatea. Eta plazer bat izan da graduko nire ikasle izandako Iñigo Otaegiren laguntzarekin, lantaldeko beste batzuekin batera, proiektu hau gauzatzea. Iñigok 2018an bukatu zuen gradua eta proiektu honetan erredaktore gisa aritu da, dokumentalaren ari nagusi izan diren elkarrizketak prestatzen, elkarrizketak egiten eta muntaian elkarrizketak garbitzen. Dokumentalerako elkarrizketatuen artean, Jon Sarasua Fakultateko lankidearen partehartzea ere azpimarratzekoa da.
Lantalde artistikoan, 2018ko Huhezinema jaialdian epaimahaikide bezala ezagutu genuen Edurne Azkarate aurkezle lanetan aritu da eta elkarrizketatuen artean Antton Olariaga gonbidatu berezi bezala izan dugu, euskal kazetaritzaren 50 urteak marrazki batean maisuki ilustratu duelarik kameraren aurrean. Martxelo Otamendi, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Juan Kruz Lakasta, Elixabete Garmendia, Jon Sarasua, Aingeru Epaltza, Lorea Agirre, Iñigo Astiz, Odile Kruzeta, Luzien Etxezaharreta, Iban Arantzabal, Pantxika Maitia, Ainhoa Villaverde (Hala Bedi), Ane Irazabal Elkorobarrutia (Ikus-entzunezko Komunikaziko ikasle ohia), Mikel Aiestaran, Olatz Arrieta, Maite Goñi eta Patxi Baztarrika, beste batzuen artean izan dira elkarrizketatuak.
Zubi Lana dokumentala EITB Nahieran dago ikusgai esteka honetan.