Zorrotzako portuan

Zorrotzako portuan –

Paulo Alberdi, Bilboko Uriolan.


Nahiz eta Gabriel Aresti oroitzeko sasoi txarrik ez dagoen, aurten aitzakia ezin hobea dugu horretarako: ekainean mende erdia beteko da gure poeta handia zendu zela. 1975 hartan, 41 urte baino ez zituen gibeleko gaitz batek jota hil zenean.

Zorrotzako portuan

Sarritan baliatu ohi ditugu urteurrenak irudikatzeko zer esango lukeen zendutakoak gure artean balego. Funtsean fikzio-ariketa da, ez baitago jakiterik, baina balio du egungo egoeraz pentsarazteko. Bada, goazen harira: zer pentsatuko luke Gabriel Arestik bizirik balego?

Zorrotzako portuan jadanik ez luke ikusiko, poema gogoangarri hartan esan zigun bezala, ez aleman barkurik atrakatzen, ez Gilen eta Anton tronko hura erdibitzen. Aspaldi desagertu ziren ontziak eta buzoak itsasadarrean. Horien ordez, ikusiko luke pare bat fabrika zahar, etengabe kea dariela.

Sader eta Profersa. Hondakin toxikoak kudeatzen dituzten lantegiak. Enpresek diote isuritako kea ez dela kaltegarria osasunerako, baina ez dago zientzialaria izan beharrik konturatzeko haien ke grisa arnastea ezin dela ona izan. Zorrotzako bizilagunek urteak daramatzate borrokan fabrikok auzotik kanporatzeko.

Gabriel Aresti gure artean balego, ez dut dudarik berriro ere ikusiko genukeela Zorrotzako portuan aldarrika. Bertako bizilagunekin batera, Sader eta Profersa itxi! egingo luke oihu. Ez dugu ahaztu behar Gabriel Aresti beti paratu zela gizonaren alde, eta, jakina denez, osasunik gabe, ez dago gizonik (orain gehituko genuke: emakumerik ere ez). Osasunik gabe ez dago bizitzerik.

Hala joan zitzaigun Aresti, tamalez, 41 urte baino ez zituela. Ai, hemen balego!

Zorrotzako portuan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude