Zita bat
Zita bat –
Ostiral honetan zita bat daukat, eta urduri nago. Maitemindu berrien antzera, tximeletak sabelean dabilzkit, baina haiek ez bezala, espero lasai hartzea eta ondo prestatzea zer egin, zer esan eta zer lortu nahi dudan.
Aspaldi apuntatu nuen egutegian ostiraleko zita, baita ordutegia ere: maiatzaren 31n, 21:00etan, bertan izango nintzen, bakarrik edo lagunduta, baina han, zintzo demonio!
Izan ere, han egon nahi dut, neu ere anonimo, neu ere herrikoi, popular, akaso inor. Han kantatuko didate Hara non gauden, behingoz lehen pertsona singularra utzi, eta pluralean konjugatzen hasteko; jakin beharra baitugu, pluralean osatzen garela, garatzen eta hazten, pluraleko lehen pertsonan proiektuak sustatzen eta euskararen alde egiten.
Horrela sinetsi genuen duela 12 urte ameslari kuadrilla batek, eta euskararen biziberritzea ardatz eta helburu izango zuen proiektu bat lantzen hasi ginen. Horrela egin zuen bere bidea Gasteiz Antzokiaren eta Oihaneder Euskararen Etxearen egitasmoak, gutasunean aurrera, guk haiei proposatua, guk zuekin egin nahian, Gasteizko euskaltzale eta kulturzale guztiekin elkarlanean eta dantzan.
“Han kantatuko didate ‘Hara non gauden’ behingoz lehen pertsona singularra utzi, eta pluralean konjugatzen hasteko”
Aurrera egin eta beste haiek bezala, geuk ere ukitu genuen hatz puntekin zerua, eta pentsatu, gure utopiarako bide egokia ari ginela urratzen, proiektu sendo bat eraikitzen euskal kultura izan zedin mugarri, zedarri, eta batez ere, gure hirian euskaraz jorratutako kultur sorkuntzaren giltzarri eta uztarri.
Baina tamaina honetako egitasmo bat elkarlanean aurrera ateratzeko, partaide guztiek oinarriak, eginbeharrak eta ardurak adostu ondoren, konpromisoak hartu behar dituzte, epeak zehaztu eta erronkak lortzeko ahaleginean, buru-belarri aritu; eta Gasteiz Antzokiaren egitasmoan soilik alde batek ekin dio serio eta arduratsu langintza horri. Besteak, Gasteizko Udaleko arduradun ezberdinak, politikoak eta teknikariak, ez dio inoiz ganoraz heldu adostutakoari.
Luze emango luke prozesu osoa azaltzea, eta lerro bakoitza garesti. Ulertu nahi duenari, hitz gutxi.
Eta orain, hara non gauden, azkenik hemen, ez dakigula seguru nor zein den, batek daki zer gerta daitekeen, baina aurrerantzean ere izan gaitezen noiz eta nora, elkarren leku eta denbora.
Ostiralean, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, Rafa eta Igorregaz, izango gara Anonyme Popular, langile finak eta nekaezinak, mundu berri bat gure bihotzean daramagun GU handi bat.