Zirkuluaren zerumuga (Agustina Otero)
Zirkuluaren zerumuga (Agustina Otero) –
Oteiza Museoak eta Iruñeko Udalak Agustina Oteroren “Zirkuluaren zerumuga” proiektua aurkezten dute. Bi esposizio osagarritan dago bildurik artistak buruari buruz eginiko azterketa formal eta estrukturala.
Giza buruaren azterketa formala eta estrukturala funtsezko gaia da arte klasiko eta modernoaren historian, eta etengabeko kezka gisa ageri da Agustina Otero artistaren ikerketa plastikoan. Bustoa da “Zirkuluaren zerumuga” erakusketa eta argitalpen-proiektuaren protagonista, irudikatzeko forma, materia, egitura eta elementu kultural eta sinboliko gisa. “Zirkuluaren zerumuga” bi erakusketa osagarritan egonen da ikusgai hurrengo hilabeteetan: batetik, Oteiza Museoan eta, bestetik, Iruñeko Ziudadelako Bolborategian.
Lehenbizikoa Altzuzako zentroan aurkeztuko da 2024ko ekainaren 20tik azaroaren 24ra, eta nagusiki buruaren tratamendu plastikoa izanen du ardatz, eskultura-sorkuntzatik abiatuta. Bigarrena, berriz, Ziudadelako Bolborategiaren aretoan egonen da, eta, abuztuaren 2tik irailaren 29ra bitartean, paper gainean eginiko obra-sorta zabal bat izanen da ikusgai (marrazkiak eta collageak).
Proiektuaren izenburuak, “Zirkuluaren zerumuga”, hurbilketa hori zehazten duten funtsezko bi gairi egiten die erreferentzia. Alde batetik, artistaren eskultura-ikerketaren ibilbidea bera erakusten du, zeinak masa/burua abiapuntu gisa hartu eta konfigurazio funtsezkoago eta irekiago baterantz egiten baitu, harik eta zirkulartasunean amaitzen den formara iritsi arte. Bestetik, zerumugari eginiko erreferentziak gai agorrezin baten metafora gisa funtzionatzen du hemen: muga zabal bat, ezinezkoa erabat eskuratzen.
Zirkuluaren zerumuga. Agustina Otero
Oteiza Museoa ekainaren 20tik azaroaren 24ra
Iruñeko Ziudadelako Bolborategia abuztuaren 2tik irailaren 29ra
Topaketa Agustina Otero artistarekin eta Luis Garde olerkariarekin, eta erakusketaren bi egoitzak bisitatzea. Irailak 14. 11:00, Iruñeko Ziudadelako Bolborategia. 12:30,Oteiza Museoa.
Jorge Oteiza Museo Fundazioaren eta Iruñeko Udalaren arteko lankidetzari esker gauzatu da, Eguesibarko Udalaren eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Nafarroako ordezkaritzarekin elkarlanean.
Zirkuluaren zerumuga. Agustina Otero
Zirkuluaren zerumuga. Agustina Otero