Zinemaldiak inbertitzaile sortzaileen topaketa antolatu du hirugarren urtez
Zinemaldiak inbertitzaile sortzaileen topaketa antolatu du hirugarren urtez –
Donostia Zinemaldiak inbertitzaile sortzaileen topaketa antolatu du hirugarren urtez, eta Anton Corp., Charades, Goodfellas, Globalgate, K&S Films, Lucky Chap, The Match Factory, Plus M Entertainment, MUBI, Netflix eta beste hainbat konpainia izango dira bertan
CAA Media Finance taldearekin elkarlanean antolatutako ekitaldia irailaren 24an eta 25ean egingo da, eta nazioarteko ikus-entzunezkoen ekoizle eta agente garrantzitsuen parte-hartzea izango duten mintzaldiak barne hartuko ditu
Donostia Zinemaldiak inbertitzaile sortzaileen topaketa antolatuko du hirugarren urtez segidan, “Spanish Screenings: Financing & Tech” ekimenaren barnean, irailaren 24an eta 25ean.
Ekitaldiak hainbat mintzaldi eta mahai-inguru bilduko ditu (industria-akreditazioa duten pertsonei irekiak), baita networking pribatuko jarduerak ere. Topaketako parte-hartzaileak irailaren 26an egingo den Zinemaldia & Technology ekimenera ere joan ahalko dira.
Aurten ere CAA Media Financerekin -talentua ordezkatzeko agentzia nagusietako batekin- lankidetzan antolatu da, eta hainbat profesional paregaberen presentzia izango du: Bobby Allen (MUBI); Louis Balsan (Anton Corp.); Caroline Benjo (Haut et Court); Sol Bondy (One Two Films); Jeffrey Clifford (Heyday Films); Yohann Comte (Charades); David Davoli (Anonymous Content); Samuel Duque (TIS Productions (Paramount Group)); Jennifer Fox (Jennifer Fox Productions); Lorenzo Gangarossa (Our Films); Mike Goodridge (Good Chaos); Jeongin Hong (Plus M Entertainment); Robin Kerremans (Caviar); Jonathan Kier (Upgrade Productions); Axel Kuchevatzsky (Infinity Hill); David Linde; Vincent Maraval (Goodfellas); Teresa Moneo (Netflix); Matías Mosteirín (K&S Films); Sara Murphy (Fat City); Bronte Payne (LuckyChap Entertainment); Danny Perkins (Elysian Film Group); Vania Schlogel (Atwater Capital); Scott Shooman (IFC Films); Wenxin She (Tencent/Huayi/Honey); David Taghioff (Library Pictures International); Meg Thomson (Globalgate); Christine Vachon (Killer Films); Michael Weber (The Match Factory); eta Fabien Westerhoff (Film Constellation).
Landuko diren gaiei dagokienez, honako hauek nabarmendu behar dira: Europako eta AEBko ikus-entzunezko industriaren egungo egoeraren azterketa; Espainiako industriarako nazioartekotze-aukerak; Koreako merkatuaren azterketa; ekoiztetxeen arteko lankidetza-bide berriak; eta ikus-entzunezkoen industriaren etorkizuneko erronkak eta finantzaketa. Mahai-inguruen eta mintzaldien programa datorren egunetan egongo da eskuragarri Zinemaldiaren webgunean.
Topaketan gehien espero den mintzaldietako bat izango da Jeremy Thomas ekoizle britainiarrarena, Recorded Picture Company-ren eta Hanway Films bere enpresa ahizparen sortzailea. Oscar sari bat irabazi zuen Bernardo Bertolucciren The Last Emperor filmagatik eta The Sheltering Sky eta The Dreamers pelikuletan ere lan egin zuen, besteak beste. Thomasek Wim Wenders, Nic Roeg, Takeshi Kitano eta David Cronenberg zinemagileen lanak ere ekoitzi ditu, eta bere azken filma, Grand Maison Paris Japonia eta Britainia Handiaren arteko koprodukzioa (Ayuko Tsukahara), Culinary Zinema sailean estreinatuko da.
CAA Media Finance taldeko Roeg Sutherland, Sarah Schweitzman eta Nick Ogionyk hartuko dute parte topaketan, zenbait mintzalditan moderatzaile izateaz gain, baita Wendy Mitchell Donostia Zinemaldiko ordezkari eta aholkulariak ere.
Mahai-inguruak, mintzaldiak eta hitzaldiak Tabakaleran egingo dira, 10:00etatik 14:00etara, irailaren 24an eta 25ean.
Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek nabarmendu duenez, “oso pozik gaude Espainiako Gobernuaren laguntza dugulako mundu osoko zinema-industriako profesional garrantzitsuenak biltzeko topaketa estrategiko hau antolatzeko. Topaketa honek aukera ematen digu halako profesionalen egoerari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko eta, halaber, Espainiako ikus-entzunezko sektorearekin eta Donostia Zinemaldiarekin harremanetan jartzea ahalbidetzen diegu profesionaloi. Eskerrik asko CAA Media Financeko gure lagun eta aliatuei emandako babes eta laguntzagatik, jarduera hau azken bi urteotan hazi egin delako eta 2024an exekutibo eta inbertitzaile gehiagori ongietorria eman diegulako”.
Spanish Screenings eta Spanish Screenings: Financing & Tech
Spanish Screenings: Financing & Tech ekimena Espainiako ikus-entzunezko ekoizpenerako Spanish Screenings XXL nazioarteko azokaren parte da. Proiektu horretan honako hauek hartzen dute parte: Kultura Ministerioa (ICAA Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko arteen Institutuaren bidez), Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikoko Ministerioa (ICEX España Exportación e Inversiones taldearen bidez), Málagako zinema-jaialdia eta Donostia Zinemaldia. Donostia Zinemaldiak Zinemaldia Startup Challenge (Espainiako startupen lehiaketa) ere hartuko du irailaren 26an “Spanish Screenings: Financing & Tech” delakoaren esparruan.
Zinemaldiak inbertitzaile sortzaileen topaketa antolatu du hirugarren urtez
Donostia Zinemaldiak, Euskadiko Orkestrak eta SGAEk ‘Kontzertua & Proiekzioa’ Belodromoan