[Zinema Euskaraz] Kaixo, Frida!
Zinema Euskaraz ‘Kaixo, Frida!’ –
Zineuskadiren Zinema Euskaraz programaren eskutik, ‘‘Kaixo, Frida!’’ filma ostiral honetan estreinatuko da EAEko hainbat aretotan, euskaraz.
‘Kaixo, Frida!’ filma ostiral honetan estreinatuko da EAEko hainbat aretotan, Zinema Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari bideratua dagoen film kanadarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango dugu.
Frida Kahlo neskato bakarti eta grinatsuaren istorioa da hau. Coyoacán koloretsu eta zirraragarrian hazi da, Mexikon, eta bere jakingurak ez du mugarik. Inguruan duen guztian aurkitzen du inspirazioa; naturan edo artean, adibidez. Bizitzak zailtasunak dakarzkionean, Fridak irudimen ikaragarriarekin egiten die aurre, eta mina sormen bihurtzen du.
Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten ikusiko dugun laugarren filma da. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako programa honek, eta haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan euskararen hedapena bultzatzearren.
Datozen hilabeteetan, beste film batzuk ere izango ditugu Zinema Euskaraz programaren barruan: apirilaren 4an, ‘Minecraft film bat’, eta maiatzaren 2an, ‘Kayara, inka gerraria’.