Zer helduko da asteburuan zinemetara? Asteko estreinaldiak!
Asteko estreinaldiak –
Estreinaldiak: Apirilak 28
Egilea: Maialen Goñi
.
Lady Macbeth
Iazko Donostia Zinemaldian FIPRESCI saria eskuratu zuen William Oldroyd en filmak. 1865eko Ingalaterran girotuta dago. Florence Pughek antzeztu du Katherinen papera. Adina bikoizten dion gizon batekin ezkonduko du aitak, eta senarraren eta haren aita Boris handi-mandiaren menpe geratuko da. Baina senarrarentzako lan egiten duen gazte batekin maiteminduko da, eta harreman idilikoak bizi duen egoerari aurre egiteko indarrak emango dizkio.
.
Rules Don’t Apply (La excepción a la regla)
Alden Ehrenreich eta Lily Collins aktoreek, bestetik, 50eko hamarkadako Hollywooden girotutako maitasun istorioa ekarriko digute. Collins Los Angeles mendebaldean dagoen herri txiki batera helduko den Marla Mabrey baptista gaztea izango da. Ehrenreich, aldiz, Howard Hughes (Warren Beatty) aberatsaren aginduetara lan egiten duen auto gidaria. Fedeak batuko ditu bi gazteak, eta hala, Hughes jaunaren arau nagusia hautsiko dute: langileak eta emakumezko aktoreak ezin dira elkarrekin ibili.
.
Plan de fuga
Iñaki Dorronsoro zinegile gasteiztarrak Plan de Fuga akziozko thrillerra estreinatuko du, Luis Tosar, Javier Gutiérrez, Alain Hernández, Alba Galocha eta Florín Opritescurekin batera osatutako proiektu indartsua. Ekialdeko militar ohiek osatutako gaizkile talde arriskutsuak kide bat galdu du, eta Victor izeneko lapur profesionala errekrutatuko dute banketxe batean lapurreta egiteko. Victorren egitekoa kamera korazatua zabaltzea izango da.
.
La mano invisible
Isaac Rosaren eleberri homonimoaren egokitzapena, David Macián zinegile espainiarraren eskutik. 11 langile industria-nabe batean lan egiteko kontratatuko dituzte: igeltsero bat, harakin bat, jostun bat, teleoperadore bat, zerbitzari bat, morroi bat, mekaniko bat, informatikari bat eta garbitzaile bat. Reality show baten parte balira bezala, ez dute jakingo nor dagoen antzerkiaren atzean. Aktore taldea Marta Larraldek, Marina Salasek, Josean Bengoetxeak, José Luis Torrijok, Edu Ferrések, Bárbara Santa-Cruzek, Daniel Pérez Pradak eta Esther Ortegak osatu dute, besteak beste.
.
Guardians of the Galaxy Vol. 2
Asteko estreinaldirik esanguratsuena da komikien sagako jarraitzaileentzat. Chris Pratt, Zoe Saldana, Dave Bautista, Bradley Cooper, Vin Diesel, Michael Rooker eta Karen Gilian bezalako Hollywoodeko izarrek gorpuztutako superheroiek kosmosaren mugetara bidaiatzen jarraituko dute, familia elkarrekin mantentzeko eta etsaiei aurre egiteko modua bilatzen duten bitartean. Nazioarteko kritikarien arabera, lehen atala baino biziagoa eta entretenigarriagoa da.
.
Aftermath (Una historia de venganza)
2002an, aire-kontrolatzaile baten akatsa tarteko, bi hegazkinek talka egin zuten Alemaniako aire eremuan. Istripu hartan emaztea eta alaba galdu zituen gizonezkoak aire-kontrolatzailearen aurka mendeku hartzea erabaki zuen. Elliott Lester zinegileak Arnold Schwarzeneggerren parte hartzea baliatu nahi izan du filmari ospea emateko, eta aitaren paperean ikusiko dugu. Harekin batera aritu dira Scoot McNairy eta Maggie Grace, besteak beste.
.
Irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atariko Estreinaldiak atalean!