Zinegoakek bere 20. urteurrena ospatuko du 50 ekintzekin eta nortasun aldakorrak aldarrikatuz

Zinegoakek bere 20. urteurrena ospatuko du 50 ekintzekin eta nortasun aldakorrak aldarrikatuz –

Aniztasunaren geruza anitzen bat egiten dute Zinegoak 2023ko irudi ofizialean

Sail ofizialeko hiru kategorietan (FIK, DOK, KRAK) 16 film luzek hartuko dute parte; eta Begiradak film laburren sailean bi ziklo berri izango dira: TBIQ+ eta Lotura Primarioak.

Inaugurazio-gala Arriaga Antzokian egingo da ekainaren 26an, Euskoprincess eta Kiki House of Anunnaki taldeen emanaldiekin. Angeles Cruzek Ohorezko Saria jasoko du galan. Amaiera ekitaldia uztailaren 3an izango da Bilborocken.

Sail ofizialeko emanaldiez gain, Zinegoakek proiekzio bereziak, ZG/PRO jardunaldi profesionalak, arte eszenikoak, jaiak eta kontzertuak programatu ditu, hala nola Chocolate Remix, ekainaren 29an Bilborocken.

Zinegoakek edizio berezia biziko du aurten. Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia ekainean antolatuko da lehen aldiz, eta XX. urteurrena dela eta, kulturarekin eta sexu-aniztasunarekin lotutako 50 jarduera antolatu ditu. Ekainaren 23tik uztailaren 3ra, Bilboko hainbat aretotan proiekzioak, solasaldiak, arte eszenikoak, jaiak eta kontzertuak izango dira, jai eta aldarrikapen giroan.

Zinegoakek bere 20. urteurrena ospatuko du 50 ekintzekin eta nortasun aldakorrak aldarrikatuzArriaga antzokian emandako prentsaurrekoan, Zinegoakeko taldeak edizio honetako programazio osoa aurkeztu du. Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendari artistikoaren hitzetan, “Zinegoak berregituratu egin da eta datak aldatu egin dira sentsibilizazioan eta salaketa lanean jarraitu ahal izateko, artearen, zinemaren eta kulturaren bidez gizartea eraldatzen lagunduko duten iruditeria eta narrazio berriak bultzatuz”.

Era berean, edizio honetan “Zinegoakek identitate aldakorretan jarri du arreta, generoa aldatzeko eta deskubritzeko lekua dela ulertuta”.

Film luzeen sail ofizialean, 16 film lehiatuko dira jaialdiko ohiko hiru sailetan: FIK, DOK eta KRAK (narratiba berriak), Brasil, Kanada, Libano, Suitza, Portugal edo Argentina herrialdeetakoak, besteak beste. “Programazioaren bidez, gai hauek jorratu nahi izan ditugu: esnatze sexuala, norberak bere burua ezagutzea (Lobo e Cão, Something You Said Last Night), gure gorputzekiko gozamena (Fierce: a porn revolution), sorlekura itzultzea (Liube), memorien artxiboa (Casa Susanna, Anhell69), zapalkuntzaren egitura hegemonikoak ezabatzeko borroka (Wildhood, Who Im not) edo beste mundu batzuk erakusteko eta pentsatzeko ilusioa (Alteritats, De noche los gatos son pardos)”.

Gainera, ikusleek hainbat solasaldi izango dituzte aurrez aurre film horietako zinemagile eta protagonistekin. Besteak beste, Alteritats dokumentalaren zuzendariak Alba Cros eta Nora Haddad Casadevall; edo Sirens dokumentalaren protagonista den Lilas Mayassi, Libanoko Slave to Sirens metal taldeko kidea.

Sail ofizialean lehiatuko diren 25 film laburrei dagokienez, “Haurtzaroa eta nerabezaroa” eta “Emakume zuzendariak” ohiko zikloez gain, Zinegoakek bi ziklo berri izango ditu. Alde batetik, “Lotura primarioak”; bertan, lotura primarioei buruzko istorioak aurkituko ditugu, gure gurasoekin eta tutoreekin ditugunak, eta gure garapen emozionalean funtsezko espazioa direnak. Bestetik, “TBIQ+” ziklo berria, LGTBIQ+ kolektiboaren barruan hain ikusgarriak ez diren errealitateen istorioen lagina. Gainera, lehiaketa ofizialetik kanpo, “Erroak” ziklo klasikoa izango dugu, Euskal Herrian ekoitzitako hainbat film laburrekin.

Jaialdia ekainaren 26an hasiko da ofizialki, Arriaga Antzokian bertan egingo den inaugurazio galarekin (gonbidapenak antzokiaren webgunean eskuratu daitezke). Ekitaldia Nerea Arriolak eta Aitziber Garmendiak aurkeztuko dute, Euskoprincess eta Kiki House of Anunnaki taldeen emanaldiekin eta Angeles Cruz zuzendari oaxakarrak jasoko du DAMAk babestutako Zinegoak 2023 Ohorezko Saria.

Aldez aurretik, ekainaren 23tik 25erako asteburuan, “3, 2, 1… Zinegoak! ” aurre-jaialdia. Ostiralean, Guggenheim Museoan, Nina Menkes zinemagile independentearen Brainwashed Sex-camera-power dokumental-saiakeraren proiekzioa izango da. Larunbatean, hilak 24, Zinegoakek egun osoko programazioa antolatu du: Queer (Un) Belongings Eszter Katalinen emanaldiarekin La Sinsorgan; eta arratsaldean Bilborocken Dantzerti eta Musikenek bultzatutako “Gure garaian” antzezlanaren estreinaldiarekin, LGTBIQ+ adinekoen testigantzetan oinarrituta. Eguna Bira Kulturgunean amaituko da, “BIZI. Bisexualitatea eta euskal komunitatea” proiektuaren aurkezpenarekin, Miren Narbaiza, La Furia, DJ Eromena eta DJ Clizen musika emanaldiarekin. Azkenik, igandean, Ángeles Cruz ohorezko saridunaren eta Irantzu Varela kazetariaren arteko solasaldia egingo da Bilborocken, eta zinemagile mexikarraren hiru film labur proiektatuko dira.

Proiekzioez gain, Zinegoakek hainbat jarduera osagarri ere antolatuko ditu ekaineko azken astean. La Fundición aretoak Gilkitxaro konpainiaren “Identitarteak” antzezlana hartuko du. Antzerki taldeak 25 urte beteko ditu eszenatokietan eta bere nortasunei buruz hausnartuko du lan berri honetan. Pabellón 6 espazioan “Esaiozu X” antzezlan eszenikoaz ere gozatu ahal izango dugu. Saiakera honetan LGTBIQ+ lagun batzuen istorioa kontatzen da, orgia bat eginez hainbat tentsio askatu nahi dituztenak.

BilbaoArten, bestalde, saio berezi bi egingo dira: Izaskun Arandiak zuzendutako My way out dokumentalaren aurkezpena; eta Ángeles Cruzen atzera begirako bat, Nudo Mixtecoren proiekzioarekin. Zinegoakek hainbat festa eta kontzertu ere antolatu ditu jaialdia amaitzeko; Chocolate Remix reggaetoi feminista; Paula Trama eta Barbi Recanatiren kontzertua Cabareten; eta 20. urteurreneko jaia Badulaken. Ekainaren 28an, arratsaldez, Zinegoakek ez du jarduerarik programatu, Ekainaren 28ko Koordinakundeak antolatutako manifestaziora joateko helburuarekin.

Aurten ere, Zinegoakeko atal profesionalak, ZG/PRO, protagonismo berezia hartuko du, programa zabala antolatu baitute Azkuna Zentroan. Besteak beste, estetika ez-bitarrari buruzko mahai-inguru bat egingo da, gorputzeko praktikei eta irudikapenei buruzko masterclassak egingo dira, hainbat Work In Progress proiektu aurkeztuko dira…

Jaialdiaren amaiera ekitaldia uztailaren 3an, astelehena, ospatuko da Bilborocken, eta bertan XX. edizioaren palmaresa ezagutaraziko da. Zinegoak aurrez aurre amaitu ondoren, jaialdiak Filmin plataformaren leiho digitalean jarraituko du, eta sail ofizialeko hainbat film egongo dira bertan eskuragarri.

Aurten ZG Hedapena Euskal Herriko 50 herritan ospatu da eta lehen aldiz jaialdiaren aurretik egin da. Horrela, herri guztiek aurretik gozatu ahal izan dute Bilbora eta Lekeitiora iritsiko diren edukietako batzuez.

Zinegoak.com webgunean kontsultatu daiteke Zinegoakeko programazio osoa.

Angeles Cruz zinegileak jasoko du Zinegoak 2023 Ohorezko Saria

Aniztasunaren geruza anitzen bat egiten dute Zinegoak 2023ko irudi ofizialean

Zinegoakek bere 20. urteurrena ospatuko du 50 ekintzekin eta nortasun aldakorrak aldarrikatuz