[Zine Kritika] Ni d’Ève ni d’Adam (Une Histoire Intersexe)
Ni d’Ève ni d’Adam (Une Histoire Intersexe) –
Urtero bezala, aurtengo ZINEGOAK LGTBI zinemaldiak film programazio interesgarri eta beharrezkoa eskaini digu, ekitaldi, hitzaldi eta aurkezpen bikainekin batera.
Gaur hizpide dugun filmak, Floriane Devignek zuzendutako dokumental zoragarriak jaso ditu ZINEGOAK-eko DOK saileko saria eta Aniztasun eta Giza Eskubideen saileko aipamen berezia.
Ni D’Adam Ni D’Eve, barruak astintzen dizkizun dokumentala da, bai emozionalki eta baita intelektualki ere zaplastako ederra ematen digu Floriane Devigne zuzendari suitzarrak, 3 pertsona intersexualen errealitate ezezaguna desestaliz.
Jatorriz FR2 kateko Infrarouge telebista dokumental serierako sortu zuen Devignek dokumentala baina 2018ko apirilean Visions du Reel zinemaldi ezagunean munduko estreinaldia izan zuenetik, intersex-ari buruzko dokumentala Toronto, ZINEGOAK, Ingalaterrako Human Rights Watch zinemaldia eta Emakumeen Bartzelonako zine mostratik pasa da arrakasta handiz.
Deborah-ren ikuspuntutik kontatzen da filma. Bera, sexu ezaugarrietan aldaketekin jaio zen 25 urtetako ikasle bat da. Lausaneko unibertsitatean bere intersexualitateari buruzko tesian lan egiten ari da. Azken urtean beste pertsona intersexual batekin, M-rekin, harremanetan egon da E-postaz. Batak besteari intersex izateari buruzko hausnarketak bidaltzen dizkio eta oraindik gizartean tabu den gai hau sakonki aztertzen dute. M adibidez, ez da oraindik “armairutik atera” eta Deborah-rekin mantentzen duen korrespondentziak laguntzen dio pixkanaka bere buruarekiko eta gorputzarekiko duen pertzepzio ezkorra aldatzen.
Filmean zehar ematen dira tabu hau argi dezaketen klabe batzuk: orain dela gutxira arte intersex jaiotako pertsonei, haurretan eta egoerari buruz hausnartzeko denborarik eman gabe, medikuek ebakuntzak praktikatzen zizkieten gorputz hauek “normalizatzeko”. Normalizatu den gauza bakarra mutilazioa da, eta kaltetuen onarpenik gabe burututako praktika hauen ondorioak izugarriak izan dira fisikoki eta emozionalki. Medikuek intersexualitatea sekretupean gordetzeko eskatzen zieten gurasoei eta horregatik Deborah-k orain dela gutxi jakin izan du bere errealitatearen berri. Eta informazio falta eta ezjakintasunak, ez bakarrik pertsona intersexena, gizarte osoarenak ere, tabu hau iraunarazten du.
Deborah eta M-ri Audrey, beste pertsona gazte intersex bat, gehitzen zaie kontakizunean eta hirurak filmaren momentu hunkigarrienetariko bat bizi dute, X eta Y elkarrekin sinbolizatzen duen tatoo bana egitera joaten direnean.
Dokumental delikatu eta zintzoa egin du Devignek, animazio xume eta eraginkor batez kontakizuna zipriztinduz, eta M-ren identitatea film osoan zehar babestuz.
Hain oinarrizkoa den gure identitateaz, eta geure buruarekiko dugun pertzepzioaz hausnartzera behartuko gaituen dokumental txiki zoragarri hau zinean ikusteko aukera asko egongo ez direnez, beste medio edo plataformaren batean gozatzeko saiakera egin ezazu, otoi.
…
IZARRAK: 4
…
TRAILERRA: