Zinea: The Cakemaker
Zinea The Cakemaker –
Ba al da sukaldea baino sexyagoa den ezer? Ez dut uste.
Zineak sexytasun hori behin baino gehiagotan ustiatu du film desberdinetan, bai sukaldea, sukaldaritza, jatea, janaria edo osagarriak sekuentzia mitikoen protagonista bihurtuz. Nork ez ditu gogoratzen Como Agua Para Chocolate mexikarreko txokolate funditudun eszena lizun horiek? Eta zer esan 9 ½ Weeks filmaren sukaldeko sekuentzia hura?
The Cakemaker filmak (El Repostero de Berlin gure karteldegian) sukalde eta janari eszena ugari eskaintzen dizkigu, eta sobera gozozalea ez izan arren, pantaila handian sortzen ikusten ditugun tarta eta pastelak jateko gogoekin ateratzen gara zinetik.
Oren (Roy Miller) Berlinera lan kontuengatik maiz Joan behar izaten duen israeldarra da. Hiriburu alemanean dagoen bakoitzean kafetegi berdinera joaten da bertako Ohian Beltza pastela jatera eta Thomas pastelgilea (Tim Kalkhof) ikustera. Bi gizonen artean harreman bat hasten da laster eta elkarrekin bizi dira Oren Berlinen dagoenean. Baina israeldarrak emaztea eta haurra ditu Jerusalem-en eta argi uzten dio Thomas-i ez duela hauek uzteko asmorik.
Harremanak baldintza hauetan aurrera egiten du baina Oren auto istripu batean hil egiten da eta bihozminak jota, Thomas Jerusalem-era joaten da, erantzun bila edo noraezean, dolua jasangarriagoa egitera.
Oren-en familiaren bizitzan sartzen da kolpez, Anat alargunaren (Sara Adler) kafetegian lana lortuz bere benetako identitatea estaliz. Kafetegian bere pastel eta gaileta gozoak sortzen hasten da eta negozioari buelta ematen dio. Denak nahi dute Thomas-en Ohian Beltza pastela. Denak, Anat-ek ere bai. Eta pastela baino gehiago gozatzea lortzen du, sukalde sekuentzia gogoangarri batean.
Ofir Raul Graizer-en lehenengo film luzea delikatua da oso eta erritmo aldetik patxadatsua, ikusleok ere pantailan aurkezten zaizkigun jaki gozoak dastatzeko denbora emango baligu bezala. Baina honekin batera egonezin bat sentitzen dugu, bai baitakigu Thomas-en sekretua noizbait jakingo dela. Galdera da noiz eta ze eragin izango duen Thomas eta Anat-en harremanean. Eta amaiera ireki zoragarri bat ematen digu zuzendariak, dena da posible eta guk erabakitzen dugu zer nahi dugun bi pertsonaientzat.
Zine aretoetan orain aurkezten zaigun film eder hau zinemaldi garrantzitsuetatik pasa zen iaz: London, Donostiako Zinemaldia, Karlovy Vary, Chicago etab eta nik ez nuke pantaila handian ikusteko aukera galduko, eskaintzen zaigun ikuskizunaz benetan gozatu ahal izateko.
…
IZARRAK: 5/4
…
TRAILERRA: