[Zine Kritika] Trot

[Zine Kritika] Trot –

Ezagunak dira film bat egiteko prozesuak dituen zailtasunak, tentsioak, estresa, kasu askotan baldintza prekarioak, eta inbertitu beharreko ordu amaigabeak (kasu guztietan). Eta hori guztiori hor dago, bai. Baina apenas aipatzen da filma egin aurretik (finantziazio bilketa – hau beste egun baterako utziko dugu) eta ondoren (banaketa) egin beharreko lan latzaz. Zinegileok, eta batez ere gure hastapenetan, hain arduratuta eta obsesionatuta gaude filma egin eta bukatzearekin, askotan banaketa prozesuaz ahaztu egiten garela, honek filmaren bizitzan duen garrantzia gutxietsiz.

Ba jardun honetan dabil orain dela 5 bat urte Donostian egoitza duen ATERA Films enpresa banatzailea. ATERA-k banatu ditu Amama, Handia, Margolaria, Muga Deitzen da Pausoa, Kalebegiak, Lasa eta Zabala eta Urte Berri On Amona filmak, besteak beste. Tinko lan egin du Miren Aperribay zuzendariak euskal zinema independentea kanporatzeko eta atzerriko autore filmak gurera ekartzeko.

[Zine Kritika] TrotOraingoan Euskal Herriko zinema aretoetara gaur hizpide dugun galiziar harribitxi hau ekarri digu, gurean pasa den ostiralean estreinatu zena.[Zine Kritika] Trot

Xacio Baño-k zuzendutako lehenengo film luzea, Donostiako Zinemaldia eta Tabakaleraren artean sortutako 2015eko Ikusmira Berriak egitasmoan parte hartu zuen eta pasa den Zinemaldian, Zabaltegi sailean ikusteko aukera izan genuen, Locarno-ko zinemalditik pasa ondoren.

 TROT gizakia eta zaldiaren arteko norgehiagoka ospatzen duen “Festa das Bestas” ezagunaren asteburuan gertatzen da. Galiziako herrixka bat festarako prestatzen da, gure protagonistaren familia ere. Carmen aitarekin bizi da, gaixo zegoen ama zaintzen urteak pasa ondoren, kotxe istripu batean hiltzen da ama eta bera zauritua suertatzen da. Anaia Luis eta bere bikotekidea egun batzuk pasatzera etortzen dira etxera, besteak beste, amaren heriotza ondorengo aferak konpontzera. Tentsioak sortuko dira familian, Carmen-ek etxean sentitzen duen presio eta itxiduratik bere burua askatu nahi duenean. Familia horretan emakumearen rola, zaintzailea, norbaiten alaba eta norbaiten arreba izatean soilik mugatzen dela erakusten digu Baños-ek, plano eder bezain klaustrofobikoen bidez.

[Zine Kritika] TrotFilma galego hutsean filmatua dago, eta plano finkoak faboratuz zuzendariak pertsonaiei eta beraien egoerari buruzko informazioa pitinka-pitinka ematen digu eta ikusleok osatu behar dugu Galizia landatarraren familia honen puzzlea.

Amaierako sekuentzia, zaldien festa, ikusgarria da benetan, bikainki filmatua eta gure protagonistaren bizitzaren metafora ederra.

Biziki gomendatzen dizut filma, film txikia eta bikaina delako, galegoz egindako film gutxi ikusiko dituzulako gure pantailetan eta plano bakoitza, argazki eder eta zaindutako eraketaz osatutako arte-lana delako.

IZARRAK: 5/4

TRAILERRA:

[Zine Kritika] Trot

Zinegilea izarfilms.com tinkoeuskara.eus