[Zine Kritika] Bohemian Rhapsody

[Zine Kritika] Bohemian Rhapsody –

Bai, badakit berandu nabilela film honen iruzkinarekin. Asteak darama gure karteldegian eta estreinatu zenetik izugarrizko erresistentzia jarri diot Queen taldearen ibilbidea eta bereziki bere liderraren bizitza kontatzen dituen filmari. Hainbeste maite dudan talde britaniar honen biopic-a ikusteko beldur nintzen, espektatibak eta gauza horiek.

Ingalaterran estreinatu zenean kritika gogorrak izan zituen, gidoi eskasa eta rock & roll asko baina sexu eta droga gutxi erakusten zuela eta. Arrazoi honengatik utzi zuen proiektua hasiera batean Freddy Mercury-ren papera egiteko kontratatu zuten Sacha Baron Cohen aktoreak (Brüno, The Dictator, Borat). Honen ordez, Rami Malek izan da azkenean gure Freddy gorpuztu duen aktorea, zorionez.

[Zine Kritika] Bohemian RhapsodyBrian May taldeko gitarristak hainbat elkarrizketetan behin eta berriz azpimarratu duenez, Freddy musikoa erakusteko eta, Freddyk berak nahi izango zuen moduan, entretenitzeko helburuarekin sortu dute filma. Eta Bohemian Rhapsody-k hau bete-betean asmatzen duela aitortu beharra dago.

Honetarako 52 milioiko aurrekontua izan dute eta beste erregina baten biopic-a idatzi zuen Peter Morgan (The Queen, Frost-Nixon, The Last King of Scotland) bezalako profesionalak izan dituzte proiektuan.

[Zine Kritika] Bohemian RhapsodyEuskal produkzio baterako pentsaezina dirudien aurrekontu honekin, produkzioaren kostua estreinatu eta gutxira amortizatu zuten ekoizleek (hauen artean Queen-eko May eta Taylor), 2018ko abendu amaierarako filmak mundu mailan ia 500 milioi egin baititu sarreretan.

Bohemian Rhapsody-k Queen talde britaniarraren ibilbidea jarraitzen du, Mercury oraindik taldean egon gabe, Brian May eta Roger Taylor-ek SMILE taldearen amaieratik hasi eta Queen-en 1985eko Live Aid kontzertuan egin zuten saio gogoangarrira arte.

[Zine Kritika] Bohemian RhapsodyGutxi gora behera kronologikoki deskribatzen ditu taldearen eta Mercury-ren ibilbideko pasadizo desberdinak, abesti mitikoak sortu zituzteneko momentuak, nola arrakasta izaten hasi ziren eta segituan garaiko rock musikaren erreferente bihurtu ziren, Mary Austin Freddyren emazteak bere bizitzan izan zuen eragina eta abeslariak bere familiarekin izan zuen harreman konplikatuz ere hitz egiten digu filmak, besteak beste.

Gidoia ez da agian film honetan aipagarriena izango, ez, baina bere funtzioa betetzen du bi ordutan Queen taldearen ibilbidea modu eraginkor eta bizi batean kontatzen duelako.

Baina aipagarriena bai dena Rami Malek aktoreak egiten duen lana da. Hasieratik sinesten dugu bera dela Freddy Mercury: bere keinuak, hitz egiteko eta abesteko modua eta eszenatoki gainean mugitzen den era Mercury-renak dira eta fisikoki bere antza izugarria izaten lagundu dute bai jantzitegian eta bere karakterizazioan lan egin dutenek.

Fisikoki Freddyren antza zuelako eta Mr Robot seriean egindako lana gustatu zitzaielako aukeratu zuten ekoizleek Malek eta jadanik Golden Globe saria jasota, otsailean datozen Oscar sarietan aktore onenaren estatuatxoa irabaztea ere merezi du, bere antzezpen bikainarekin Freddy Mercury 134 minutuz berpiztu digulako.

Filma ikusteak merezi du, amaierako sekuentzian Live Aid kontzertuan egindako saio epikoaren momentua ikusteko bakarrik bada ere. Malek-ekin batera May, Taylor eta Deacon-en paperak bikainki egiten dituzten Gwilym Lee, Ben Hardy eta Joseph Mazzello aktoreek Wembley Stadium-en 85ean egin zen kontzertu historikoa bizitzera eramaten gaituzte beraien antzezpenekin. Hemen jatorrizko bideoa:

Eta ateoa eta errepublikanoa naizen arren, esan gabe ezin amaitu: 

God Save The Queen!

IZARRAK: 5/4

 

TRAILERRA:

Zinegilea izarfilms.com tinkoeuskara.eus