Ziburuko 4. liburu eta disko azoka

BIHAR, Ziburuko 4. liburu eta disko azoka

Euskara hutsez bete eta biziaraz ditzagun plazak!, horixe du lelo Ziburuko Liburu eta Disko Azokak. Urtero haziz doan plazak egitarau oparoa antolatu du biharko, laugarren edizioa duen honetarako.

Goizean, azoka irekitzearekin bat (10.00etan) Luzien Etxezaharreta omenduko dute, eta Maiatz argitaletxeko editore nekaezina Susa argitaletxeko Leire Lopez Ziluagarekin mintzatuko da. Ondoren, beren beregi haurrentzako prestatutako Makilakixki ikusgarria eskainiko dute Maddi zubeldiak eta Bernadette Lurok (11.00etan).

Liburu aurkezpenei dagokienez, bi aurkeztuko dira bazkal aurrean: “Ño” komikia, Eli Pagolak eta Maitane Gartziandiak; eta “Maite Idirin, herrigintzan kantuz”, Ur Apalategi Idirinek, Jokin Apalategik eta Paulo Iztuetak; eta lau bazkalostean: “Nostalgia ez da salgai”, Xan Idiartek; “Bichta Eder” Eneko Bidegainek; “Petrokalipsia” Antonio Turielek; eta “Haragizko erreformak” Mari Luz Estebanek.

Gainera, “Zirriborroka” izeneko bertso-marrazki dema kurios bat ere izanen da bazkaldu baino lehen, Marrakatue eta Aitor Txarterina marrazkilarien eta Unai Iturriaga eta Maddalen Arzallusen artekoa. Eta Maryse Urrutyren umorezko saioa bazaldu eta gero.

.

Musika 

Euskal musika eszenari ere txoko bat egin nahi izan dio aurten egitarauak. Azoka itxi ondoren (20.00etan) Adar taldearen kontzertua izango da, baina aurretik zuzeneko laburren bitartez disko berriak aurkeztuko dituzte: Hairak (14.00etan), Adrian Perezek (15.00etan), Patxuko Nicek (16.30ean) eta Ixabek (18.30ean).

Egitaraua erabat borobiltzeko, bi erakusketa paratu dituzte ikusgai, Euskal Prentsari buruzkoa bata, Etxepare Lizeoko ikasleek prestatua (Herriko Etxeko sartzean); Ziburuko Piarres Larzabal ikasleek bestea, komikiari buruzkoa.

Antolatzaileek gogorarazi dutenez (Argia aldizkaria eta Baltsan Elkartea), azoka hetsia izanen da 13.00etatik 15.00etara bitartean, eta bertaratzen den orok jan edana izango du Kaskarotenea Ikastolaren gunean.

Liburuak eta diskoak aurkeztu eta saltzeaz gain, azokak editore, idazle, musikari, gidoigile zein marrazkilariekin solastatzeko aukera eskaintzen du.

BIHAR, Ziburuko 4. liburu eta disko azoka

BIHAR, Ziburuko 4. liburu eta disko azoka