Zer helduko da asteburuan zinemetara?
Zer helduko da asteburuan zinemetara –
Estreinaldiak: Ekainak 9
Egilea: Maialen Goñi
.
American Pastoral
Ewan McGregor aktorea kameraren atzean jarri da Philip Rothen eleberri homonimoa pantaila handira egokitzeko: American Pastoral. Iazko Donostia Zinemaldian estreinatu zuen bere opera prima, Sail Ofizialean, eta McGregor bera eta Jennifer Connelly filmeko bigarren protagonista Gipuzkoako hiriburura etorri ziren. Lanak 60ko hamarkadako AEBetara eramango gaitu. ‘Suediarra’ ezizenarekin ezaguna den Seymour Levov arrakasta handiko negozio-gizona da; gaztetan itzal handiko kirolaria izan zen, eta orain enpresa bateko burua da. Auzokoek asko maite dute, bai bera eta baita haren emaztea eta alaba ere. Baina egun batean herriko postetxea zartaraziko dute, barruan postaria zegoela. Eta ekintza horren atzean Merry Levov, Suediarraren alaba, dagoela zabalduko dute hedabideek. Gaztea desagertuta egongo da. Une horretatik aurrera, aita-alaben harremana eta familiaren gainbehera ezagutuko ditugu, flashback eta flash-forwarden bidez.
.
La mécanique de l’ombre (Testigo)
Thomas Kruithof frantziarraren thrillerrak kritika bikainak jaso ditu nazioartean. Laneko protagonista Duval (François Cluzet) da, arazo ekonomikoak tarteko, lan misteriotsu bat onartuko duen gizona. Izan ere, enpresa ezezagun bateko ordezkaria berarekin harremanetan jarriko da, eta telefono deiak transkribatzeko eskatuko dio. Duvalek lana onartuko du, transkripzioen helburua zein den galdetu gabe. Baina deiak entzun ahala ohartuko da, zerbitzu sekretuen lan egiteko modua oso bortitza dela, eta pixkanaka ezagutzen ari den mundu ezkutu horretatik irten nahiko du. Ez da, baina, horren erraza izango.
.
Mal de pierres (El sueño de Gabrille)
Marion Cotillard, aldiz, Gabrielle izango da, II. Mundu Gerraren osteko Proventzako landa eremuan bizi den eta benetako maitasuna aurkitzearekin amets egiten duen emakumea. Gurasoek behartuta, José izeneko nekazari espainiarrarekin ezkonduko da, baina Gabriellek ez du gizona maiteko, eta giltzurrunetan dituen harriak tratatzeko Alpeetako bainuetxe batera joango denean, Andrérekin maiteminduko da. Indotxinako gerran zauritutako soldadu frantziarra da André, eta maitasun harreman sutsua abiatuko du Gabriellekin. Nicole Garcíak zuzendutako filma Cannesko jaialdian aurkeztu zuten iaz, eta Frantziako Cesar sarietan hainbat kategoriatan proposatu zuten. Cotillardekin batera aritu dira Louis Garrel, Alex Brendemühl, Brigitte Roüan eta Victoire Du Bois aktoreak, besteak beste.
.
Pieles
Eduardo Casanova (Aída telesail espainiarreko Fidel) aktore eta zinegile gaztearen lehen film luzea da honakoa, Alex de la Iglesia zinegile eta ekoizle bilbotarraren Pokeepsie Films ekoizpen etxearen bidez produzitutakoa. Berlingo jaialdian eskaini zuten urte hasieran, eta Malagako zinema jaialdiko Sail Ofizialean hartu zuen parte. Ezberdintasun fisiko nabarmenak dituzten hainbat pertsonaren bizitzak kontatuko ditu, istorio ugariz osatutako film korala baita. Guztiek zailtasunak jartzen dizkien eta onartzen ez dituen gizarte-egituran sartzeko ahalegina egingo dute. Candela Peña, Ana Polvorosa, Macarena Gómez, Carmen Machi, Secun de la Rosa, Jon Kortajarena eta beste hainbat aktore espainiar ezagunek hartu dute parte proiektuan.
.
Irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atariko Estreinaldiak atalean!