Zer dugu ebookaren kontra?
Etxean pilatu zaizkidan liburu guziak inoiz irakurriko banitu, benetako jakintsua bihurtuko nintzateke. Bitartean, balizko kultura handi batez gainera, espazio problema alimalekoa dut: ezin kabituz gabiltza, eta emazteak, gaizki ulertutako humanismo batek gidatuta, nahiago du nire ale batzuk kutxetan sartu eta bertze norabait eraman ditzadan, gurekin bizi diren gizaki batzuk –semea, amaginarreba– kanporatu baino. Hori dela-eta, uda honetan liburu irakurgailu elektroniko bat erostekotan egon naiz, toki falta problema horri amaiera emateko, baina ebookak duen abantaila ia-ia bakar horren ondoan, hainbat alde txar aurkitu dizkiot.
Zeren bitxiena hauxe da: nik, gehienetan, ez ditut liburuak ulertzen, eta irakurtzea, maiz, lan nekagarria egiten zait. Berdin gertatzen zait zinemarekin: filmak ikustera bakarrik joaten naizenetik, galdurik nabil, ezin asmatuz zein den ona, zein txarra, zein erdipurdikoa eta zein maisulana. Bada, liburuekin ere, horrelaxe, galdurik. Nik irakurle paralelo bat beharko nuke, leitzen ari naizen liburua nirekin batera irakurri eta haren sekretuak azalduko lizkidakeena. Baina tira, literaturan, beti geldituko zait alde soziala, itxura egiteko aukera, irakurgailu elektronikoak desagerrarazten duen aukera hain zuzen ere. Hauxe dugu ebookaren kontra:
-
Bertzeek zer ari zaren irakurtzen ikus dezaten, ostatuetan irakurtzea ezinbertzekoa da. Taberna batean, halere, baliteke komunera joan behar izatea: maskuria hustu bitartean, liburu bat trankil aski uzten ahal da mahai gainean, inork ez baitu ebatsiko (tira, ez litzateke sobera normala izanen, baina Rutger Hauerrek Blade Runnerren erraten zuen bezala, zuek gizakiek sinetsiko ez zenituzkeen gauzak ikusiak ditut). Ebooka, ordea, tramankulu elektroniko garestia den aldetik, ezin da nonahi abandonatu, eta komeni izaten da beti begiradapean edukitzea. Zer erranik ez, ebooka esku batean duzula piza egitea franko zaila izaten ahal da – betiere gizona baldin bazara eta jarduera horretan postura tradizionalari eusten tematzen bazara. Eta eremu eskatogikoagoetan sartuz gero, larrialdi batean papereko liburu batek ematen ahal duen laguntza ordezkatzen duen irakurgailu elektronikorik ez da mundu honetan.
-
Liburu lodiak irakurtzearen xarma desagertu egiten da ebookarekin. Irakurgailua erabiliz gero, inork ezin jakin du esku artean duzun liburu hori Bat, bi, Manchester den, edo Moroak gara behelaino artean, edo Mendi magikoa; eta, ingurukoen mirespenik gabe, mila orritik goitiko adreiluak irensteko motibazioak beheiti egiten du, nabarmen.
-
Ebooka oztopoa da ligatzeko. Ongi hautaturiko liburu batek, irakurlearen kultura eta sofistikazioaren adierazle den heinean, balio dezake lehen aipatu ostatuko norbait liluratzeko eta, suerte pixka batekin, harekin ligatzeko (honekin ez dut erran nahi nik inoiz horrela ligatu dudanik, baina Rutger Hauerrek Hobo with a shotgun filmean erraten zuen bezala, mundu guziak amets bat izan beharko luke). Irakurgailu elektronikoarekin ez da posible gure desiraren objektua izan litekeen hori erakartzea, objektu horrek ez baitu inoiz jakinen Paulo Coelho edo Laurence Stern irakurtzen ari zaren.
-
Oker ez banabil, ebookeko liburuek testua bertzerik ez dute: ez azalik, ez egilearen argazkirik. Horren ondorioz, zenbait euskal argitaletxeren artean orain martxan dagoen lehiaketa –ea nork egiten duen azalik itsusiena– galduko genuke, eta hori pena litzateke, zinez.
-
Zer idazlek sinatuko dizu bere liburua ebook batean?
Aitor dezagun: bere gristasunean, bere biluztasunean, ebookaren austeritate tristea ez da ona. Ba al da liburu-denda batean liburu bat hartu, zabaldu eta usaindu baino gauza politagorik? Batez, ere, jakina, norbait zuri begira baldin baduzu.
[Gaur estreinaldia izan dut Euskadi Irratian, Faktoria saioan, eta han bota dudana testu honetan zegoen oinarritua]
[…] jostalariak e-bookaren aurka egoteko arrazoiak zerrendatu zituen, bata bestearen ondoren, eta zuzeuko blogean zintzilikatu zituen […]