Zer dakigu Game of Thronesen 8. sasoiaz?
Zer dakigu Game of Thronesen 8. sasoiaz? –
(Kontuz! 7. denboraldia oraindik ikusi ez baduzu, sarrera honek spoilerrak izan ditzake) Zazpigarren denboraldia asteleheneko goizeko 3:00etan amaitu zen euskal herritarrontzat, ibiltari zuriak Neguondora bidean zihoazela, dragoi zonbiearen itzaletan. HBOren seriea, George R.R. Martin beraren luma baino azkarrago doa lasterka eta zaleren bat edo beste amorratu du sasoi honetan zehar. Denboraren kudeaketa ustez sinestezina izan da afera polemikoetarik bat. Dragoiek armada osoak errausten dituzten mundu batean ere, detailerik txikienek sinesgaiztasunaren etenaldia kinka larrian jar baitezakete. Zeinen apetatsua zaren fikzio eta zeinen zorrotzak zure arauak. Kontuak kontu, letaginak zorrotz 8. sasoiaren zain gaude dagoeneko. Baina zer dakigu oraindik errodatu ez den 8. sasoiaz?
Filtrazioak filtrazio, oraindik ez da jaio errodatu gabeko kapituluak lapurtuko dituen hackerrik eta sarean topatu daitezkeen teoria eta hipotesietatik at, ezer gutxi dakigu Game of Thronesen 8. denboraldiaz.
Noiz errodatuko da?
Zumaiarrok prestatu. Izan ere Nikolaj Coster-Waldauk (Jaime Lanister) Collider webguneari esan bezala urria bertan hasiko dira errodaje lanak. Udako turista olatuarekin nazkatu bazarete, laster da erreleboa, HBOko ekoizle, aktore eta argiztatzaileek desenbarkua egingo baitute Itzurun aldean.
Nikolaj Coster-Waldau: “Banekien lehen 3 sasoietan gertatuko zena. Horren ostean, sasoiz sasoi joan naiz jakiten. Errodajea hasi baino hilabete lehenago ematen dizute gidoia, edo batzutan sei aste lehenago baino ez eta orduantxe jakiten duzu denboraldi hortan gertatuko dena. Baina ez dakit hurrengoan zer gertatuko den. Hurrengo asteetan jasoko ditut gidoiak, urrian itzuliko baikara lanera. Orduan jakingo dut. Jakinmin handia dut.”
Zenbat kapitulu izango ditu?
Game of Thronesek geroz eta sasoi laburragoak egiten segiko du, eta beraz, hurrengoak 6 kapitulu baino ez ditu izango. Lehen 6 sasoiak 10 kapitulu izan zituzten eta 7. sasoiak aldiz 7 baino ez. Azken denboraldiak, halaber, telesaileko kapitulu laburrena eta luzeena izan zituen bere baitan. 6 kapitulu baino ez dituen azken sasoi bat ziurrenik eskas gera liteke, baina zurrumurruek diote kapituluen luzerarekin orekatuko dutela balantza ekoizleek. 6 kapitulu, 6 film bezalakoak, alegia. Ikusiko da.
Noiz estrenatuko da?
Ezin jakin, HBOk ez baitu iragarri oraindik. 7. sasoia abuztuan eta otsailean errodatu zen eta uztailean hasi zen emititzen. Kalkuluak eginda, 2018ko udazkenera arte itxaron beharko dugu azken denboraldiaz gozatzeko. Diotenez, gainera, litekeena da estreinaldia 2019ra arte atzeratzea, izan ere, Hollywood Reporterren arabera, errodajea datorren abuzturaino atzeratu liteke.
Zer dakigu? 7. bezain txarra izango dela, zoritxarrez. Libururik gabe gidoilarien imajinazio falta argitu da.