Zenbat liburu eros daitezke 82 eurorekin?

Ez anitzik. Ez, bederen, paperean. Ba 82 euro dira 2013an Nafarroako liburutegi publikoetan euskarazko liburuetan egin den inbertsioa. Edo Nafarroako Gobernuak egin duena, bederen.

Nafarroako Liburutegi Sarea (herri bibliotekez osatua), 74 liburutegiz osatua da, eta bertze 17 udal ttikienen menpe daudenak, baina sistemarekin koordinazioan direnak. Nafarroako Gobernuak kudeatzen ditu 74 horiek, eta langileak ere bere menpekoak dira. Udalek, berriz, egoitza eta egoitzen mantenua hartzen dute bere gain, eta Nafarroako Gobernuarekin duten hitzarmenaren baitan, baita diru kopuru bat ere.

Orain arte, Nafarroako Gobernuak hainbat liburu funtsa erosten zituen bere liburutegietan zabaltzeko. Eta horrezaz gain, liburuzainen esku uzten zuen bertze diru kopuru bat bere irizpide teknikoen arabera bertze liburu batzuk aukeratzeko, eskaintza osatzeko. Gainera, udaletatik bideratutako dirua ere hala kudeatzen zen.

Bada, 2013an, liburutegi horietatik 41etara (eremu euskaldun eta mistoko guztiak, eta eremu erdalduneko 6 liburutegi) baino ez dira iritsi euskarazko produktuak (liburuak, DVDak, diskoak…), eta horietako bakoitzean 82 euro bertzerik ez dira inbertitu!

Gaztelaniazko funtsetarako ere ez da dirutzarik bideratu, egia erran, tamainaren arabera 554 eta 852 euro bitarte baliatu baititu gobernuak liburutegiak hornitzeko.

Nafarroako udaletako euskara zerbitzuek, helduen euskalduntze-alfabetatzeak eta komunikabideek jasotakoa baino gehiago bada (horiek guztiek ez baitute eurorik jaso 2013an) liburutegiek hartu dutena, baina zer kultura-politika eta irakurzaletasunaren sustapena egin daiteke horrelako kopuruekin? Zein paper ematen zaie liburuzainei? Zaintzaile hutsak dira? Eta non geratzen dira euskarazko irakurleon eskubideak? Zein errealitate islatzen dute liburutegiek? Zein helburu dute? Eta zein politika du Gobernuak liburu-industriarekiko? Galdera guztiek erantzun bakarra dute posible: hutsaren hurrena.

libururikgabe

Bera, 1975. Kazetaritzan lizentziatua naiz eta kultur kudeaketan aditua. Elhuyar Aholkularitzan nabil partaidetza alorreko koordinatzaile.

3 pentsamendu “Zenbat liburu eros daitezke 82 eurorekin?”-ri buruz

  • Zer kultura-politika eta irakurzaletasunaren sustapena egin daiteke horrelako kopuruekin?
    Hori, diru kontua bainoago, ekimen kontua da. Liburuzainek eta udal-arduradunek borondatea izanez gero, gauza asko egin litezke diruarekin edo gabe.
    Zein paper ematen zaie liburuzainei? Beste herri batzuetan ez dakit, baina Altsasun liburutegiaren jabeak dira, eta erdaltzaleak izaki, euren paperaren emaitza oso agerikoa da. Espainieraren erakustoki zabala da liburutegia.
    Zaintzaile hutsak dira? Ez. Hori baino askoz gehiago dira. Diruarekin edo gabe.

    Eta non geratzen dira euskarazko irakurleon eskubideak? Galdera ona. Eta orain arte? Non geratzen ziren euskarazko irakurleon eskubideak? Berriro ere, ez da diru kontua, borondate kontua baizik. Liburuzaina erdaltzalea bada eta udal arduradunek liburutegia “non dagoen” ere ez badakite, erraz asma daiteke non geratzen diren euskarazko irakurleon barik, irakurle euskaldunon eskubideak.

    Zein errealitate islatzen dute liburutegiek? Espainiaren menpekoon errealitatea sarri-askotan, zalantzarik gabe.
    Zein helburu dute?
    Eta zein politika du Gobernuak liburu-industriarekiko?

  • Zein helburu dute?
    Nafarroan, iruditzen zait helburua bikoitza dela: erdararen nagusitasuna eta euskararen bazterketa sendotzea dela. Edukiak bost inporta zazkie oro har. Altsasun oso aurreratuta dute helburuaren lorpena. Badirudi jendeak oro har naturaltasunez onartzen duela espainieraren erabateko nagusitasuna eta euskararen bazterreko egoera, eta udal agintariek ere bai, antza denez.

    Eta zein politika du Gobernuak liburu-industriarekiko?
    Gobernuari axola zaio liburu-industria. Espainierazkoa, erran nahi baita, espainieraren nagusitasuna sendotzeko baliagarri zaion heinean. Euskarazkoa ere axola zaio, hondoratu dadin nahi luke.

  • Beste horrenbeste esan daiteke kultur programazioaz ere. Zertarako nahi dugu aurrekontu ederra eta kultur etxe ederragoa Altsasuko euskaldunok (euskaldun garen heinean), programazioa ia erabat espainierazkoa bada?