Zeintzuk dira Spotifyko hamar euskal abestirik entzunenak?
Zeintzuk dira Spotifyko hamar euskal abestirik entzunenak? –
EiTBko Gaztea irratitik jasoa.
Rosalíaren ‘Despechá’ren errekorraren hariari tiraka, euskal abesti entzunenen zerrenda osatu dugu Gaztean.
Rosalíaren “Despechá” kantak errekor bat hautsi du asteburuan: espainiar artista baten abestirik entzunena da Spotify plataforman, bilioi bat entzunaldiren langa igarota.
Albistearen harira, euskarazko abesti entzunenen zerrenda osatu dugu Gaztean. Lehen postuan, Huntzaren “Aldapan Gora” ereserkia dago. 2016an entzun genuen lehen aldiz, Ertzetatik diskoaren plazaratzearekin batera.
Zortzi urte igarota, euskarazko abestirik entzunena da Spotifyn, 11.301.661 erreprodukziorekin. Atzetik, Kortaturen “Sarri Sarri” dugu, 11.171.695 entzunaldirekin.
10 milioien langatik pixka bat aldenduta, Berri Txarraken “Katedral Bat” dago, 7.172.464 klik eskuratuta. Atzetik dator Ken Zazpi bizkaitarren “Ilargia” klasikoa, 6.889.234 entzunaldirekin.
Bizkaitik atera gabe, Gernikatik dator zerrendako bosgarrena, Gatiburen “Euritan Dantzan” (6.828.674). Seigarren postuan, bi urteko epean sekulako oihartzuna lortu duen abestia: ETS taldearen “Zurekin batera”, 6.693.231 erreprodukziorekin.
Zazpigarren postuan, Zea Maysen “Negua joan da ta” dago, 6.586.400 klikekin. Spotifyko zerrendan top hirutik kanpo dagoen arren, YouTubeko errekorra du kantak: euskarazko bideoklip ikusiena da, 6,2 milioi ikustaldi lortuta.
Nafarroara goaz zortzigarren postuko kanta ezagutzeko: ZETAKen “Zeinen ederra izango den” (6.422.317). Zerrendaren amaiera aldera helduta, entzunenen artean errepikatzen den izen bakarra: Huntza. Bada, gipuzkoarrenak dira bederatzigarren eta hamargarren postuak, “Lasai Lasai” (5.756.949) eta “Iñundik Iñoare” (5.425.343) abestiekin.
Zeintzuk dira Spotifyko hamar euskal abestirik entzunenak?