Zarauzko Adarretatik jaialdia dantza berreskuratuta dator

Zarauzko Adarretatik jaialdia dantza berreskuratuta dator –

Adarretatik jaialdiak dantza berreskuratuko du aurten, pandemia urteetako murrizketak gaindituta, bosgarrena duen edizio honetan.

Udako jaialdien eskaintza oparoan tokia egina du Zarauzko Adarretatik jaialdiak, bere nortasun propioari esker. Uztailaren 15etik 17ra, besteak beste, Koko Jean & the Tonics, Fundación Tony Manero -azken biran-, Broken Brothers Brass Band & Broken Sisters eta Juan de Diego Trío taldeek joko dute bertan.

Zarauzko Adarretatik jaialdia dantza berreskuratuta datorAsteon aurkeztu dute Adarretatik Irune Urbieta Zarauzko Kultur zinegotziak, Mikel Unzurrunzaga jaialdiaren antolatzaileak eta Arima Soul taldeko kantari Lidia Insaustik. Pozik agertu dira hirurak, 2020 eta 2021eko formatu murriztuak atzean utzita, jaialdia ostera ere zutik egin ahal izango delako, distantzia gorde beharrik gabe; “alaitasuna eta dantza berreskuratuko ditu jaialdiak”.

Aurten, Adarretatik jaialdiak zortzi proposamen dakartza uztailaren 15etik 17ra, iazko eskaintza bikoiztuz. Eta kokapen berria, zuzeneko gehienak, zortzitik sei, Munoa plazan izango baitira, doan. Beste biak, Marmol Terrazak (ostiraleko irekiera, Tremendo Surco Djs kolektiboarekin) eta Marina-Txikiko Terrazak hartuko dituzte (Juan de Diego Trio, jazza igande eguerdian), uda giroan terrazak dinamizatzea ere jaialdiaren helburuetan baitago.

Adarretatik jaialdiko antolatzailea den Mikel Unzurrunzaga “Makalak”, aurtengo afixari begira, emakumeen parte hartzea azpimarratu nahi izan du.

Bi talde dira Zarauzko jaialdian izango diren Euskal Herritik kanpoko taldeak. The Excitements taldeko kantari ohi Koko-Jean Davis-ek gidatua bata, eta Fundación Tony Manero bestea; biak ala biak Kataluniatik datozenak eta dantzarako ezin aproposagoak. Bigarrenen kasuan, “aspalditik gabiltza beraien atzetik -onartu du Makalak-. Eta aurten gurekin izango ditugu, taldea desegin baino lehen egingo duten azken biran”.

Gainontzeko taldeak Euskal Herritik datoz, eta askok harreman zuzena dute Zarautzekin. Pop akustikoa jorratzen duen Hannah austriarra da, baina Kanarias uhartean hazi ostean Zarautzen bizi da egun. Birkit gasteiztarrak “Inertzia” rock plazaratu zuen iaz, taldean bi zarauztar dituela, Ilargi Agirre eta Patxi Agirre. Eta Zarautzen bizi den Lidia Insausti kantari duen Arima Soul taldea, Makala bera baxu jole duena.

Aipatutakoez gain, Broken Brothers Brass Band iruñearrek osatzen dute egitaraua. New Orleansen moldeko txarangak, Munoan jo aurretik, kalejira bat egingo du terrazetan zehar, eta Broken Sisters kantariak izango ditu lagun emanaldian.

Informazio gehiago: adarretatik.eus

adarretatik 2022

Zarauzko Adarretatik jaialdia dantza berreskuratuta dator

ZUZEUko erredakzio kide