[Zinema Euskaraz] Yoko oporretan
[Zinema Euskaraz] Yoko oporretan –
“Yoko oporretan” filma ikusgai dago jada zinema aretoetan, Zinema Euskaraz programaren barruan.
Asteburu honetan iritsi da zinema-aretoetara ‘Yoko oporretan’, Juanjo Elordi markina-xemeindarrak zuzendutako eta Dibulitoonek ekoitzitako filma. Haurrentzako euskarazko pelikula honek, 3-6 urte arteko umeentzako aproposa, Europa Junior saria jaso zuen Sevillako Zinemaldian.
Animaziozko filmean, udako oporrak iritsi dira, eta, elkar ezagutu zutenetik lehen aldiz, lau lagunak banandu egingo dira -gogoratu “Yoko eta lagunak” izeneko filma izan zuela aurrekari-. Mai, Oto eta Vik bidaian doaz, bakoitza bere familiarekin, munduko hainbat lekutara. Yoko bakarrik geratuko da parkean Mirentxurekin. Zer egingo du Yoko gaixoak lagunik gabe? Eta hiru umeak izango al dira gai opor-lekuetan lagun berriak egiteko? Laurak daude urduri esperientzia berri honen aurrean, baina laster ohartuko dira, haurrak dauden lekuan, beti aurkituko dutela jolasteko gogoa.
Filma ikusgai dago jada Donostiako Antiguo Berrin, Gasteizko Gorbeia zinemetan, Getxo Zinemak aretoan, Bilboko Golem Alhondigan eta Iruñeko Golem La Morean. Gainera, abenduaren 17tik aurrera Lekeition ere ikusi ahal izango da.
Zineuskadik, euskal ikus-entzunezkoen sektorea Estatu, Europa eta nazioarte mailan garatu eta hedatzeaz gain, kalitatezko edukiak sortzea ere sustatzen du, baita euskaraz egiten diren estreinaldien zabalkundea bultzatu ere.
[Zinema Euskaraz] Yoko oporretan