Xian Martínez koreografoak sorkuntza-egonaldia egingo du Montrealen

Xian Martínez koreografoak sorkuntza-egonaldia egingo du Montrealen –

Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolako azken urteko ikasleekin pieza koreografiko bat sortuko du bi hilabetez, maiatzean aurkeztuko dena.

Egonaldia Saison Québec-Pays Basque 2021-2022 aldebiko egitasmoaren baitan garatuko da.

Xian Martínez koreografoak sorkuntza-egonaldia egingo du MontrealenXian Martínez dantzari eta koreografoak bi hilabeteko sorkuntza-egonaldia egingo du Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolan (EDCM, frantsesezko siglatan), bertan goi mailako dantza-ikasketak amaitzen ari diren 23 dantzarirekin elkarlanean. Pandemiagatik hainbat aldiz atzeratu ostean, urtarrilaren 11tik martxoaren 11ra bitarte ariko da Martínez ‘Yellow Lemon’ proiektua garatzen, eta egindako lanaren emaitza maiatzean aurkeztuko dute Montrealen.

Galiziarra sortzez, Martínezek hainbat urte daramatza Gipuzkoan errotuta. Dantzazen bidez iritsi zen Euskal Herrira, eta gaur egun zenbait proiektu ditu martxan sortzaile gisa, hala nola ‘Pioneras’, berdintasunaren aldeko borrokan aitzindari izan ziren emakumeak omentzen dituen lana eta ‘Non zira’, gizaki izateaz hitz egiten duen sorkuntza.  Bere hitzetan, Montrealen garatuko duen ‘Yellow Lemon’ pieza “hondartzetan gertatzen da, lehen eta hirugarren munduko hondartzetan… Hori kolorearen bidez joango naiz lotzen bataren eta bestearen artean dauden aldeak, bateko pilota edota toallek topo egingo dute besteko salbamendurako txaleko eta itsasontzien horiarekin”. 

Egitasmoa Quebec-eko eta Euskadiko hainbat erakunderen arteko lankidetzaren emaitza da. Egonaldia burutzeko deialdia  Etxepare Euskal Institutuak eta Quebeceko Conseil des Arts et des Lettres-ek (CALQ) egin dute, Gipuzkoako Dantzagunearekin batera. Horrez gain, Dantzaz, Tabakalera eta Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolak (EDCM) hartzen dute parte.

Egonaldia Saison Québec-Pays Basque bi norabideko proiektuaren barruan egingo da. Hala, Bettina Szabo quebectarra bi hilabetez ariko da lanean Euskal Herrian Dantzazeko dantzariekin: urtarrilaren 17tik 30era Tabakaleran eta urtarrilaren 31tik otsailaren 25era Gipuzkoako Dantzagunean. Egonaldiaren emaitza Errenteriako Niessenen aretoan eta Tabakaleran aurkeztuko da martxoan.

Egonaldi-programaren helburu nagusiak ondorengoak dira: artisten garapen profesionala sustatzea, eta beren lana hedatzea; artistei kultur garapenerako tresna berriak ematea; euskal eta quebectar sortzaileen arteko elkartrukea sustatzea; euskal artistak eta beren lana nazioartean sustatzea eta sormen eta produkzio artistikorako sareak garatzea.

.

Saison Québec – Pays Basque 2021-2022

Joan-etorriko izaera duen Saison Québec – Pays Basque 2021-2022 programaren helburua da euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekitzea, eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskadin erakustea, hizkuntza, kultura eta artearen bidez bi herrialdeen arteko harremana estutzea. 

Ekimenak, kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, diziplina anitzeko proposamenak eskaintzen ditu. Halaber, kultur eragileen arteko lankidetza, eta artista, sortzaile eta kultur industrien hartu emana sustatzen da. 

2021. urtean zehar zinema zikloak, kontzertuak, literatura ekimenak eta kongresu akademiko bat egin dira, besteak beste. Eta 2022an zehar jarraipena izango du programak, begirada arte eszenikoetan jarrita.

.

Quebec: lehentasunezko lurraldea

Saison Québec – Pays Basque egitasmoak 2017. urtean, Iñigo Urkullu lehendakariak Quebecera egindako bidaia instituzionalean, hango Lehen Ministro zen Philippe Couillardekin sinatutako MOU edo Elkar-Ulermenerako Memorandumean du jatorria. Izan ere, Quebec, Euskadiren nazioartekotzeko estrategian lehentasunezko bazkidea baita, besteak beste, Euskadirekin, aniztasun kultural eta linguistikoaren babesa, berrikuntzaren aldeko apustua, eta ingurumenarekin eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko konpromisoa partekatzen dituelako. Akordio horretan, ingurumena, garapen ekonomikoa eta berrikuntzarekin batera, kultur esparruan bi herrialdeen arteko lankidetzan sakontzeko helburua jasotzen da, eta Saison Québec – Pays Basque da, hain zuzen, bi  herrialdeen arteko lankidetzaren emaitzetako bat.

Etxepare Euskal Institutuko ordezkariak hiru aldiz egon dira Quebecen egitasmoari forma emateko, eta 2019ko uztailean Euskadi-Québec kultur topaketa profesionalak burutu ziren Gasteiz, Bilbo eta Donostian bi herrialdeen arteko kultur trukaketak sustatu eta kultur erakusleihoak eratzeko helburuarekin. Hori izan zen Saison Québec – Pays Basque antolatzeko lehen urratsa. Halaber, Lehendakaritzak eta Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioak dirulaguntza deialdiak atera dituzte egitasmo honen baitako kultur jarduerak laguntzeko.

.

Kultur Konexioak: kulturaren bidez herrialdeen arteko elkarrizketa sustatzen

Etxepare Euskal Institutua 2019. hasi zen Euskadiren kanpo harremanetarako eta nazioartekotzerako estrategikotzat identifikatutako lurraldeei modu berezian erreparatzen. Hala sortu ziren Kultur Konexioak, nazioarteko harreman horietan kultur dimentsioa txertatu, herrialde eta kultura horiekin loturak estutu eta harreman iraunkorrak bideratu, sortzaile eta kultur eragileen artean zubiak eraiki eta lankidetza sendotu, eta eremu kultural eta akademikoan hartu-emana sustatzeko. 

Xian Martínez koreografoak sorkuntza-egonaldia egingo du Montrealen