Walter White ez da inoiz PortAventurara joan

08bc679f64ee5a31e6c66e01bbf4a973

Udan, badira hondartzara joaten direnak, edo mendira joaten direnak, edo museoak eta elizak ikusteko asmoz abiatzen direnak. Gu, aurtengo udan, parkez parke ibili gara Europan barna, eta, egia erran, familiaren ordez musika taldea izanen bagina, aurtengo birari Whatever The Kid Wants Tour 2014 paratzen ahalko geniokeen izena. Uztailean, Bartzelonan izan ginen (baina Bartzelona eufemismo bat da Tibidabo izendatzeko), eta, bidenabarkoan, egun batean trena hartu eta PortAventurara joan ginen egun pasa: nik beroaren, turista errusiarren eta lerro amaiezinen infernu bat espero nuen, baina ez zen hainbertzerako izan, eguraldia lagun (hemen “eguraldia lagun” esamoldeak erran nahi du zeru goibelaren azpian fresko egin zuela eta, hortaz, jende anitz etxean gelditu zela). Bartzelonatik hegazkina hartu eta Parisera joan ginen (baina hori bertze eufemismo bat da, Eurodisney errateko). Abuztuan, Munichen ibili ginen, eta garagardoa edan –guti–, saltxitxak jan –dezente– eta museoak bisitatu –egia aitortzeko, museoa, singularrean– bagenituen ere, gure egiazko helburua trena hartu eta Munichetik ehun bat kilometrora joatea zen, Günzburgera; alegia, Legolandera.
Baina, guziok barnean omen daramagun haurra azaleratzeaz gainera (nik ez dut uste umerik daramadanik nire baitan, baina egia da, zenbait mendi errusiarretan pare bat aldiz ibili eta gero, zer edo zer sumatzen nuela bueltaka nire estomakan, auskalo zer zen), bertzelako gauzak egiteko ere astia izan dut: adibidez, Ana Morales itzultzaileak Twitterren egindako laudoriozko txio batzuen ondorioz, Breaking Bad telesaila ikusi dut –Anari beti egin behar baitzaio kasu). Tira, oraindik ez dut osoa ikusi: lehendabiziko lau denboraldiak. Azkena falta zait, eta ikusten dudalarik akaso gaurko gogoeta aldatu beharko dut.
Telesailak hain modan dauden honetan, baliteke, halere, baten batek Breaking Bad horren berririk ez izatea. Haiendako, laburpen baten laburpena: Walter White dugu pertsonaia nagusia; kimika irakaslea institutu batean –lan aspergarria eta arrunt gaizki ordaindua; soldata osatzeko, autoak garbitzen egiten du lan ordu batzuez–; ezkondua; garun-paralisiaren ondorioz, makuluekin dabilen hamasei urteko seme baten aita, eta ustekabeko bigarren ume baten esperoan; eta, berrogeita hamar urte bete berriak dituelarik, biriketako minbizia diagnostikatu eta itxaropen –eta denbora– guti eman diote. Albiste hori jaso eta gero, ordura artioko bere jarrera otzana eta konformista arruntean aldatu, eta, kimikan duen jakinduriaz baliatuta, droga ekoizten hasiko da bere ikasle izandako gazte batekin. Drogaren munduan sartu izana justifikatzeko, Walter Whitek bera hil ondoren familia egoera ekonomiko onean uzteko asmoa aipatuko du oro har –tarteka bertzelako motibazioak azaltzen badira ere–, baina gero eta ageriagoa izanen da droga-ekoizlea izateak familiak ematen ez dizkion emozioa eta interesa ematen dizkiola bere bizimoduari.
Jakinduria ororen sorburuan, erran nahi baita Wikipedian, Breaking Bad begiratuz gero, ikasiko genuke familia dela telesailaren gai nagusietako bat: hain zuzen ere, “devotion to family” dio Wikipediako artikuluak, “familiarenganako amodioa” edo horrelako zerbait –Ana Moralesek aise hobeki itzuliko zukeen, baina tira, zer eginen diogu–. Ez dakit, bada. Nire ustez, Wikipediak aipatu ez arren –ezta, oker ez banabil, Errata Naturae argitaletxeak telesailari buruz publikatu zuen liburuak ere–, maskulinitatea da gai ia-ia nagusia Breaking Bad-en, eta, neurri ttikiago batean, aitatasuna.
Walter Whitek ez du nahi familiak droga ekoizten eta saltzen ibili dela jakitea. Batez ere, ez du nahi semeak jakitea; baina bai nahi du, hil ondoren, familiak jakitea, eta batez semeak jakitea jaso duten diru hori guzia berak irabazi duela –pasarte batean, abokatu batekin eztabaidatzen ari da dirua, hau da, drogarekin irabazitako diru ilegala, zer trikimailuren bidez helaraziko zaion familiari bera hildakoan, eta Walter Whitek argi uzten du familiak diruaren jatorria zein den ezin jakin badu ere, nahitaez jakin behar duela berak, aitak, familiako hornitzaileak, Paleolitoko ehiztari-biltzaileak, etxeko gizonak irabazi zuela–. Diruarekin batera –eta beharbada dirua bera baino gehiago– Walter Whitek oroitzapen jakin bat utzi nahi dio familiari, eta bere buruaren irudi jakin bat.
Drogak ekoiztea, idaztea bezala, destenorean egiten den gauza bat da, eta horrek gezurrak erratera eramaten du eta, zenbaitetan, familia guttitan ikustera. Drogaren munduak, bertzalde, bere arriskuak omen ditu: kapitulu batean, jipoitu eginen dute gure protagonista, eta biharamunean egoera penagarrian ikusiko du semeak: zafraldi ederra hartuta, ohatzean etzanda ezin mugituz, analgesikoen eraginpean. Hurrengo egunean, Walter Whitek semeari eskatuko dio irudi hori ezabatzeko, bere burutik desagerrarazteko; horrela ez gogoratzeko, aurreko egunetan bezala baizik. Semearen arrapostua, hauxe: atzokoa, ohatzean egurtua eta konortea erdi galduta eta ahul zeundenekoa erreala izan zen, aurreko egunetakoa ez bezala.
Modernoa edo postmodernoa da Walter White? Nik erranen nuke modernoa dela, gizon ilustratu autoritarioa, tematua baitago bere-familia-ongi-zaintzen-eta-babesten-dakien-gizon-gizonaren narrazio handia ezartzen, beharbada familiak harengandik bertze zerbait espero edo behar badu ere.
Ni ere PortAventurara eraman ninduten txikitan, baina ez naiz ezertaz gogoratzen. Ez dakit ongi edo gaizki pasatu nuen, eta aurten tokia berriz ere zapaldu izanak ez dit oroitzapen berririk ekarri. Baina, akaso, gurasoek eraman izan ez banindute, betiko gordeko niekeen nire nahi hura bete ez izanaren arrangura. Beharbada, harat eramanez oroitzapen polita sorrarazi nahi izan zidaten, betiko iraunen zuena, baina balizko trauma saihestea bertzerik ez zuten erdietsi. Auskalo. Nolanahi ere, nire ustez, puntu horretan, bertze gauza anitzetan bezala, oker dabil Walter White: itsu-itsuan aritzen gara gure umeekin, eta guk zernahi eginda ere –drogak saldu edo Legolandera eraman– ezin asmatu nola gogoratuko gaituzten.

 

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.