[Kafe Aleak] Violent Femmes-en “Violent Femmes”

[Kafe Aleak] Violent Femmes-en “Violent Femmes” –

[Kafe Aleak] Violent Femmes-en "Violent Femmes"

.

Violent Femmes

“Violent Femmes“  (Slash Records, 1983)

.

Burutik jota zegoen emakume hura. Ezin ezer onik antzeman beragan, bere oihua besterik ez nuen entzuten kale ilun eta izoztu haren erdian.

[Kafe Aleak] Violent Femmes-en "Violent Femmes"Ederra egin zuen berriz, baina orduko hartan konponezina zen akatsa. Bat-batean, buelta erdia eman eta alde egin zuen. Une batez zalantza egin nuen, jarraitu beharko nukeenetz, baina nire koldarrak bertan lotu ninduen, geratu ohi ginen tabernaren aurrean. Gurutzatu eta bertara sartu nintzen; beroak tupustean hartu ninduen. Betiko tabernazulo horietako bat zen. Zabala, kristalak higatuta zituen, hormetako pintura berdea jada horixka, bezeroek tabako gehiegi erre izanagatik bertan, marmolezko barra garai eta luzea garagardoz blaitua zegoen. Argia ahula zen, Manhattan bat eskatu eta buelta erdia eman nuen. Argia gero eta ahulagoa zen, hondoan, hiru tipo agertu ziren eszenatoki gainean peto bakeroa jantzita, folk estilo hutsean, gitarrak eta gitarroi bat hartuta. Gordon, Brian eta Guy prest zeuden. Violent Femmes ziren.

Jendea hurbiltzen hasi zen eta nik jarraitu egin nien, inork ez zidan itxaroten eta horrek lagunduko zidan nire buru gaixotua entretenitzen.

Gordon hurbildu zen eta lehenengo katua izango zena, “Blister in the sun”, aurkeztu zigun, hasiera bikaina gitarroiarekin eta bateriarekin rockabilly estilo garbi-garbian. Berehala, estasi bitxi batek kutsatuta bezala, gero eta biziagoa zen musika harekin mugitzen hasi ginen, danbor handi baten barruan sartu izan bagintuzte bezala, bat-batean asfaltoaren gainerantz jaurti aurretik. Erlaxatzeko aukerarik eman gabe, gau hartan nuen aldartearekin bete-betean bat egiten zuen kantu batekin jarraitu zuten, “Please Do not Go” erregutzen zuten ahotsek, logura balira bezala; hainbesterako zen non praketako sakelan bilatu nuen telefonoa bere zenbakia markatzeko asmoz, baina berriro ere, nire adore eskasak bulkada hori bertan behera uztera eraman ninduen.

Bere ganbara zaharrean diskoak jartzen zizkidan, eta ondorengo kantua bertan entzuna nuela iruditu zitzaidan: “Confessions”, presaka dabilen gizarteari egindako kritika lasaia, nirea bezalako gizarteari eta betebeharrei; kantuaren hitzak eta gitarra ahitu eta kexati haien musika nireganantz abiatu ziren lantza zorrotza bailiran.

Kopa hustu eta barrarantz egin nuen berriro. Zerbitzari zaharrak zakar begiratu zidan beste bat jartzeko eskatu nionean. Ahots biluzi bat hasi zen abesten, inolako akonpainamendurik gabe, eta jarraian erritmo itsaskor batek “Add It Up” izenez aurkeztu zuten abestian murgilarazi gintuen. Amaitutakoan, kontzertuak eragin zidan asaldura askatu ezinik kalera irten nintzen, korrika ateratzeko gogo izugarriz.

Biharamunean, ahoa hareaz beteta eta buruko min itzela nuela, soilik gogoratzen nituen lehenengo ordu haiek. Altxatu eta bere gauzak desagertu zirela ohartu nintzen. Bakarrik geratzen zen berak behinola ahantzi zuen zerbait: Violant Femmesen disko hura. Jogailuan jarri eta entzun egin nuen, hasi eta buka.

Porrot egin duen pertsona baten istorioaren zati bat da hau, erdipurdiko bizitza bat, non musikak, azkenean, ia dena sendatzen baitu.

.

Silvia Buendía (1975, Bilbo) Musikazalea

“Kafe aleak” liburua erosteko

[Kafe Aleak] Violent Femmes-en “Violent Femmes”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude