Uztailetik irailera egin du salto ADARRETATIK jaialdiak
Uztailetik irailera egin du salto Adarretatik jaialdiak –
Bazterreko musikak erdigunera ekarrita jaio zen Adarretatik jaialdia orain urte batzuk Zarautzen, udaren etorrera dantzaz ospatzeko, eta asmo berarekin dirau, hemendik aurrera udari agur esateko izerdituko den arren. Uztailetik irailera aldatu dute jaialdia, eta horixe da aurten aurkezgai duen berrikuntza nagusia.
Udako jaialdietan bere tokia egina du dagoeneko festibalak, pandemia tarteko -programazioa moldatu bai, baina ez zuen eten-, aurten 6. edizioa hartzeko prest dagoena. Zarauzkoa ez dago abarrots handietara emana, eta ez duzu bertan artista zerrenda amaigaberik aurkituko. Bertaratu eta tokia hartzeko ere, ez dago ukondokadaka ibili beharrik. Ahoan irrifar zabal bat duzula gozatzeko atondua dago, eta horretarako, mimo handiz hautatzen ditu oholtzaratzen dituen proposamenak. Emakumeek eta euskal taldeek beren tokia dute beti festibalean, baita jazz eta karibear doinu epelek ere. Dantzari arima du Adarretatik jaialdiak.
Adarretatik jaialdiak zortzi proposamen dakartza aurten irailaren 29tik urriaren 1era, ostiraletik igandera, guzti guztiak doanekoak.
Festibalaren lehen egunean, hau da ostiralean, Musika Plazaren espazioa berreskuratuko du jaialdiak, eta bertan joko du La Joderera euskal karibear taldeak, afal aurreko saioan. Ondoren, Munoa plazan, Jone Laspiur aktorea kantari duen Nakar post punk laukote elektronikoak joko du, behin ilunduta. Eta gaua bukatzeko, La Perra Blanco andaluziar hirukotearen rockabilly ahaireek hartuko dute oholtza, jardunari bukaera emateko.
Larunbatean, Erromintxelak gipsy-swing eta jazz-manouche taldeak irekiko du jarduna, iluntzean eta Musika plazan. Eta festa jamaikarra izango da gauez Munoa plazan, Beñaranks eta Eira kantari izango dituen Argizulo reggae-dub taldearekin hasi eta eskarmentu handiko Akatz ska taldearekin bukatu, biak ala biak bizkaitarrak.
Adarretatik jaialdiak, ohi bezala, eguneko egitarauarekin emango dio bukaera aurtengo festibalari, igandean bi proposamen eginda. Eguerdian dantzarako gonbidapena egingo du Donosti Lindy Hop elkarteak Mr. Patxi “Crazy Legs” disko jartzailea lagun dutela, gorputza mugitzeaz lotsatzen ez direnentzako. Eta arratsaldean, ilundu bitarte, Antonio Lizana flamenko jazz saxofoi jole kadiztarraren hirukoteak agurtuko du Zarauzko jaialdia, datorren urtera arte.
Giro euritsua balego eta eguraldiak lagunduko ez balu, zuzeneko emanaldiek Modelo aretoan hartuko lukete aterpe.
Uztailetik irailera egin du salto Adarretatik jaialdiak