Ur berri on, urte berri on, Urdiain
Urdiain
Urte berri egunean Iñakito Garayk idatzi zuen etxe honetan, batetik urte berri eguneko kanta baten berri emanaz, eta bestetik galdetuz ea gehiago ba ote genekizkien. Orduan ez, baina gaur erantzuteko moduan naiz, Urdiainen mantentzen den usadio baten inguruko informazioa jaso baitut Nabarralde kultur ekimenaren eta Patxi Mendiburu blogariaren eskutik.
Urte zahar gauen Madril eta Zumaiako kanpaikadekin matraka ematen ziguten bitartean, Urdiaingo gazte koadrilak herriko plazako iturriaren bueltan aurkitzen ziren, eskuan hamabi mahats izan beharrean, pitxar batekin. Ezkilek jo bezain pronto urte berriko lehen ura jasotzen dute pitxarrean, eta segidan herriko hainbat karguengana jotzen dute. Lehen apaiza eta beste; egun, bigarren bideoan dioenaren arabera, zinegotziei eskaintzan zaie urteko lehen ura.
Lehen bideoa Caro Baroja anaien lana da, 1971n egindakoa, eta Patxi Mendiburuk jarri dio letra; bigarrena Mikel Nazabalek 2014eko abenduaren 31 eta 2015eko urtarrilaren 1ean grabatutakoa da.
Doakie proposamena ETB1-eko arduradunei, egun hauetan jasotzen ari diren egurra datorren urtean saiheste aldera. Pentsa, une batez, betiko eszena muntatu beharrean, urte zaharreko programa Urdiainetik egingo balute. Berezia izango zen, orijinala, hori zihur, eta euskal komunitateari irribarre bat zabalduko liokete, ziur naiz.
Hala egingo balute, hamabi mahats beharrean urteko lehen urarekin trago luze bat hartzeko konpromisoa hartzen dut; eta nire egarria ez luke urak bakarrik aseko, telebistak baizik.
- Arantzazu, zer dekazu?
Ur goiena, ur barrena;
Ur goiena, ur barrena
Urte berri egun ona.
- Etxe onetan sar dayena
bakearekin osasuna;
bakearekin osasuna
onarekin ondasuna.
- Etxekoandre giltzaria
iriki zazu ataria,
iriki zazu ataria
ba dekagu ur berria;
ba dekagu ur berria
presta zazu gosaria.
- Etxe ontan oilar bi
bat bestea dirudi,
etxe ontako etxekoandreak
Ama Birjina dirudi.
- Etxe ontako nagusi jaunak
poltxia txintxirrinduna;
poltxia txintxirrinduna;
zilarrez ezpataduna.
- Etxe ontako nagusi jaunak
urre gorrizko bizarra
artxek, artxek eman dia neuri
errieltxo biko zidarra.
- Goien goien ilargia
erdi erdian klaveliña
gure baratzan belar ona
ark botatzen du usai ona.
- Izotzetan elurretan
Abenduko gau luzetan
beste guziak ohian eta
gu, gaizuok, oinutsetan.
- Eguzu, bada, eguzu
baldin eman nahi ba dezu,
baldin eman nahi ba dezu,
bestela despegi gaitzazu.
.
Jarraian ura eskaintzen da, eta etxeko arduradunak ez badie bueltan opilik ematen, honakoa abesten zaio:
- Arramaioan dabil sagua
ari segi dail katua
etxe ontako limosnarekin
eztuu beteko zakua
- Etxi onetan dago uztarri
aren gainian uzkar bi
Amen, amen.
Urdiain
Ea ez den usaia Urdiainen massificatzen nola Lanzco inhautearequin iragan den.
Espero ezetz. Hobea litzateke Urdiainen masifikazioa eman beharrean, usadioa galdu duten gainantzeko herriek berreskuratuko balute: Baztan, Basaburua, Imoz, Larraul, Burunda, Arakil…
http://www.nabarralde.com/eu/egunekoa/16158-2016-12-23-21-17-20