Unesco-ren liburutegi digitala
Unesco-ren Munduko Liburutegi Digitala abian da eta une batez arakatzeko aukera izan dut. WDL.org gunean item gutxi daude oraindik eta ingelesez gehienak. Basque eta vasco hitzak bilatu ditut eta dokumentu bana eman dit sistemak. Alde batetik, Amazonas ibaiaren mapa topografikoa, eta bestetik Argentinan euskalduna omen zen XVII. mendeko idazle anonimo batek idatzitako bidaia liburua bestea. Gehiago espero nuen, egia esan. Hala ere gogoeta egin dut proiektua beste batzuekin konparatuz (Google Books, Archive…) eta ondorio honetara heldu naiz: aurreko bi guneek eta Wikipediak ez dute parekorik oraingoz. Wikipedian Basque berba idatzi dut eta emaitza: 16 dokumentu interesgarri (gaur egunerako, jakina). Baina ez da horregatik soilik, Wikipediaren euskarazko bertsioan 37.788 artikulurekin lanean dabiltzalako. Eta ez da hor dena geratzen, zeren eta Wikimedia proiektutik beste zazpi zerbitzu gehiago ageri zaizkidalako eta euskal hizkuntzan: Wikiztegia, wikiliburuak, wikiesanak, wikispezieak… Entziklopedia, liburuak… hainbat dokumentu, denak eskueran elkarren ondoan egonik. Hortxe dago Linuxzaleok sarri aipatu duguna: jendartearen adimena, Web 2.0 mugimenduak ekarri diguna. Microsoft-en Encarta-ren proiektua eta Entziklopedia Britanikoa konturatu diren bezala, herritarrek ere zeresana dute jakintzaren esparruan. Unesco-k kontutan ez badu hartzen herritarren partehartzea, zail izango du Interneteko biltegi handiekin lehiatzea.