Ume ahotsa, gazte izakera eta adinekoaren tenplea
Antzokian ez zen jende gehiegi iritsi ginenean, bazirudien ez zela beteko. Gero ordea konturatu ginen, 22:15etan zegoela ipinita hasiera ordua eta gu geundela erraturik, sarrerari sinetsi beharrean egunkariari sinetsi geniolako. Jendez mukuru, gizon bat atera zen eszenatokira eta “nahiz eta normala ez den”, artistak eskatuta, ixilik egoteko eta “mesedez” ez erretzeko eskatu zuen. Fokoen argiek eta Rickie-ren eztulak ordea jendearen pasotismoa agerian utzi zuten…
Kontzertua pare bat piano piezarekin hasi zuen. Pianoa, kontrabaxu elektriko batekin eta gitarrarekin akonpainatuta, hiru ziren musikariak. Hasiera lasaia, hasiera arriskutsua, gero pare bat bluesekin (armonika eta guzti) orekatu zuena. sekulako atmosfera sortzen zuen kantu bakoitzean, ahotsaren intentsitatea milidezibeliora neurtuaz eta antzezlan bat oroitarazten zuten mugimendu zein keinuekin lagunduaz. Osabak laister asko konfirmatu zuen pentsatzen nuena: “Tom Waits gogoratu dit”, zihoen xuxurlatzen, ezin baitzen oso altu hitzegin. Jendea haserretu egiten zen.
Rickie eta Tom emaztegaiak izan ziren bere garaian, eta hortik dator nire zalantza. Tom oso ezaguna da bere kantatzeko era arraroagatik, baina, Rickieren kontzertua ikusirik, ez ote zuen kantaera hori bere emaztegai-ohiarengandik jaso? Ala alderantziz izan zen agian? Beno nik lehenengo aukeragatik egiten dut apustu. Neskek izaten omen dute iniatiba eta… Kontzertua haserre amaitu zuen Rickie Lee-k, barra aldean gazte batzuk ixiltzen ez zirela-eta.
Kontzertua amaitu eta hasiera batean bozgoragailuetatik musika ipintzeko agindua eman zuten, errepikapenik gabe amaitzeko, baina ondoren jendeak eskatuta eszenatokira tzuli zen bi kantuz luzatzeko. Jada nazkatuta, biseko lehen kantuaren erdian gelditu eta barrako jendeari esan zion isiltzen ez baziren ez zuela kantu hori joko. Eta halaxe gertatu zen, Kafe Antzokia ixilarazi zuen Rickiek, inongo lotsarik gabe.
Gertatu zait, bai, behin baino gehiagotan Kafe Antzokian jendea isildu gabe ibiltzea kontzertu erdian. Hala ere, zorionekoak zuek; izan ere, duela urte batzuk Donostian ikusi nuen Jones eta kontzertu aski erdipurdikoa eman zuen, bisik gabea (eta orduan ez zen jendearen kalaka aitzaki).