Txori baten istorioa
Txori baten istorioa –
Azken aldi honetan, nire Salbururako paseoa ohitura bihurtu dut. Ibilbidean zehar, txoko jakin batean, beti txori polit bat agertzen zait. Txikia da eta txistua bezalako soinua ateratzen du. Adar baten gainean edo talaia itxura duen edozein lekutan dago, beti. Arrantzalea da eta ura arakatzen igarotzen du denbora asko, geldi-geldi. Harrapakin bat ikusten duenean azkar mugitzen da, ziztu bizian sartzen da ur azpian. Bi gauza dauzka deigarri egiten dutena: bata bere kolore urdin distiratsua, eta, bigarrena, bere begirada hori, hain justu: zorrotza eta adia. Batzuetan, argi dago uretara begiratzen ari dela, baina beste batzuetan infinitura jartzen du begirada, eta orduan, zalantzak dauzkat ea ez den txori melenkoniatsu bat, traszendentziarako joera daukan txori bat, alegia. Beharbada, nire lagun batek esan zidan moduan, horrelakoak dira arrantzaleak, pentsakorrak. Txori horrek, normalean, Martin Arrantzale izena hartzen du, baina, Euskal Herriko hainbat lekutan, beste izen batzuk hartzen ditu: (Ur)markinete, (Ur)martinete, Aniltxori, Endari-txori, Errekatxori, Kulaberde, MarkiƱota, Martin-polit, Martin arrantzale, Martintxo, Martintxori, Sanmartintxo, Ur-makinista, Ur-martin, Ur-mikelete, Urtxori… nire hizkuntzan, katalanez, Blauet du izena, hau da, urdintxoa.
Ni historialaria naizenez, istorioak kontatzea gustatzen zait eta, hain zuzen, txori horren inguruan istorio batzuk konta diezazkizueket. Adibidez, bere historia genealogikoa, nahiz eta hori ez izan, seguru asko, Historiaren eremukoa, baizik eta, beharbada, biologiakorenekoa. Hala ere, ez dago soberan jakitea gure txoria alzedinidarren familiako kide bat dela. Bere familiako guztiak txikiak, kolore disdiratsukoak, eta moko luze eta zorrotzdunak dira. Normalean uraren inguruan ibiltzen dira, eta gehienak arrantzaleak dira, baina ez guztiak. Bere beste ezaugarri bat da kabiak lurreko barrunbeetan egiten dituztela. Familia luzea izan arren, ia guztiak tropikoetan bizi dira eta, ez dakigu oso ondo zergatik, Martin Arrantzalea Europan bizi den alzedinidarren familiako kide bakarra da. Hau da, bere inguruan ez dauka parekorik. Eta gu, ba, poztu egiten gaitu bere erabakiak.
Horretaz gain, beste istoria txiki bat ere konta dezaket, hau bai, gizakiekin lotutako historia. Gutxienez Erroma garaitik badaukagu bere berri. Herculanoko etxe bateko horma batean, K. a. I. mendean, Martin Arrantzale bat margotu zuen erromatar garaiko margolari batek. Ez hori bakarrik, K. o. II mendean, beste etxe erromatar batean, kasu honetan Italican (Sevillan), mosaiko batean ere ageri da gure txori txiki distiratsua. Halaber, mende asko geroago, hain zuzen, XVI. mendearen hasieran, Atseginen Baratzeko margoan Boscok ere xehetasunez margotu zuen Martin Arrantzale erraldoi bat.
Laburbilduz, mendeetan zehar txori horrek gure imajinarioa osatu du. Victoriar aroko Inglaterran beira-arasetan erakusteko edo lumekin txanoak egiteko hiltzen zituzten. Aitortu behar dugu, batzuetan, edertasunak suerte txarra izan duela gure artean.
Eta, amaitzeko, gure Salburuako txoritxoarengana joango naiz berriro kontatzeko istorio txiki bat, gure arteko istorioa, istorioa hurbila, mikro-historia edo, istorio sentimental bat… Iraila inguruan ikusi nuen txoria lehenengo aldiz. Goiz batean izan zen. Laino artean. Momentua ez ahazteko haiku txiki bat asmatu nuen, lotsarik gabe. Hara hor nire itzulpen traketsa:
Lainoa ihi artean
Urtxoriaren leherketa zehatza
Egunsentiko laguna
Datu guztien arabera, nire txoria Europako Iparraldetik etorri da. Neguero bezala, ibaiak izozten diren lurraldetik ihes eginez. Pasa den astean, negu gorria iritsi zenean, kezka puntu batekin bere bila joan nintzen. Ikusi nuen eta salbu zegonen, oraindik janaria lortzeko lekua zeogen, bere ur-txokoak ez baitziren izoztu.
Eta hau da, hainbat modutan kontatuta, txori baten istorioa.