Txillidaren lekua

Txillidaren lekua –

Ehun urte bete ziren atzo Eduardo Txillida jaio zela, eta Haritz Azurmendik, sare sozial batean, Hedoi Etxartek 2017an Berrian plazaratutako artikulu bat berreskuratu zuen, azpira dakarguna:

Txillidaren lekuaEuropako estatu boteretsuena: Alemania*. Hiriburua: Berlin. Hiriko zentro geografiko eta politikoa: Willy Brandt** karrika. Karrikako lehenengo zenbakian: Alemaniako Kantzelergoaren egoitza: Europako botere politikoaren top 5a. Eraikinaren aurrean COR-TEN altzairuzko bi beso handi: Txillida bat. Münster, Westfaliar bakearen plaza, bi pieza eder, Toleranz durch dialog. Bonngo Katedralaren magalean De Musica IV. Municheko Pinakoteka Modernoan 17 tonako Buscando la luz.

Luzea da Alemania kapitalistako toki nabarmenetan donostiarrak dauzkan lanen zerrenda. Txillidaz, eta arteaz hitz egitean, ordea, hiru absentzia nagusi daude: ez da artelanez hitz egiten—promozioa egiten da—, ez da historiaz hitz egiten —propaganda egiten da— eta ez da diruaz hitz egiten —Hernaniko parke tematikoa sei urtez itxita egotearen arrazoi bakarra—.

Menturaz, promozioa eta propaganda baino zinez kitzikagarriagoa eta historiarekiko —eta ez bere oinordekoen memoriarekiko— fidela litzateke egiazko Txillida. Zergatik jaso zuen 1981ean Wolf saria Israelen? Ze harreman izan zuen —bere emaztearen lanari esker— lobby sionistarekin? 1985eko Jerusalemgo eta Gan Hapaamongo argazki erakusketaz zer dakigu? Badakigu Errealeko atezaina izan zela Txillida baina lesio batengatik ezin izan zuela segitu —orkestra zuzendari onenak biolinista birtuoso izatekotan ofizioa utzi behar izaten duten arrazoi berarengatik—. Baina badakigu zergatik zen bere aita Errealeko presidentea 1942-1945eko Donostia belztu hartan? Zer lidertza izan zuen 1936ko uztailaren 18ko biharamun eguzkitsu eta eguraldi oneko hartan? Eta zer dakigu 1949ko Parisen eskultore falangistak Oriol Palà antifaxista ia leiho batetik bota zuenekoaz? «Faxista bat zen», esan zuen Nestor Basterretxeak egunkari honetan. Artista handiak eman ditu faxismoak idazleak bereziki, pena litzateke EHk ekarpenik ez egitea. Baina ez gaitezen azalekoarekin gelditu. Segi dezagun diruaren arrastoa: biribilguneetan, museoetan, zenbat eskultura, zenbat galera.

Txillidaren lekua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Txillidaren lekua”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude