Txillardegi eta Unamuno
Txillardegi eta Unamuno –
Aurkeztu nuen, bada, nire aurreko artikuluan, Txillardegiren alde existentzialista, bere gazte garaian emandakoa, eta ez soilik bere lehenengo nobela den Leturiaren egunkari ezkutuan jorratzen dituen gaietan islatuta, baita bere orduko adierazpen eta aitorpen pertsonaletan ere. Bere ibilbide biografikoak eta bere obra literaioak oso bat egiten zuten, bere gazte garai horretan bederen; bere nobelak zerabiltzan gaiak, kezkak eta mundu-ikuskera narraziorako baliabide literario hutsak izatetik oso urrun, Txillardegiren beraren balore eta bizitza-ibilbidearen gorabeheren adierazgarri eta isla ziren. Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren atzealdeak eta oinarriak existentzialistatzat jotzeko moduko marka guztiak pilatzen zituela erakutsian jartzen ahalegindu nintzen aurrekoan. Noan orain aipatu existentzialismo txillardegiar hori zer iturritik zetorren ikustera, zer autoreren eraginpean egosi zen.
Txillardegi euskal literaturako lehenengo existentzialistatzat jo ohi da, baina nondik zetorkion gurean eta euskaraz orduko hartan guztiz berri edo arrotza zitzaigun hautu filosofiko hori? Nondik edan zuen? Unamunorengandik? Sartrerengandik? Bietatik, ziurrenik, ez aldi berean baina. Izanez ere, eta Gartzia Trujillok dioskunez, bere existentzialismoaren lehendabiziko etapan, hau da, Leturiaren egunkari ezkutua idatzi zueneko 1957. urte aldera, ausardiarik batere gabe, Unamunoren eragin osoa eta, ziur askoan, kasik bakarra izan zuela esan genezake:
“Leturiaren egunkari ezkutuaren iturburuen bila asi ezkero, aurkituko genduke noski zer aipa. Euskaldun baten izena beiñipein, Unamunorena, aise etortzen litzaiguke gogora” (K.MITXELENA, Sarrrera itz-batzu, 10 or).
Ezin uka, dena den, berehalakoan, handik urte oso gutxitara, Unamunori Sartrek hartu zionik lekukoa, hasieran berari gailenduta, eta, gerora, Txillardegiren existentzialismoaren erreferentetan erreferente izatera ailegatu arte. Izanez ere, jada 1961.ean bere existentzialismoaren berri eman behar izan zuenean, berorren nondik-norakoaren berri eman nahi izan zuenean, Sartrerengan baino ez zuen jartzen azpimarra, nahiz-eta existentzialismotik at Russell ere aipatzen duen:
“Nik bi izen eman behar banitu, ene bizia markatu diten bi gidarien izenak, segundo batez zalantzarik egin gabe hauek emango nituzke: B.Russell eta J.P.Sartre” (TXILLARDEGI, Sartre: lekuko eta gidaria in “Pareten kontra”).
Esanda moduan, hortaz, hurrenez hurren, Unamunok hasieran, eta Sartrek gerora, izan zuten eragina Txillardegiren existentzialismoan eta joan ziren berau zer-nolakotzen:
“Hasierako eragin nagusia Unamuno izan zen. Jean-Paul Sartrek gero izan zuen eragin handiagoa nigan, Frantzian bizi izan nintzen garaian” (TXILLARDEGI, Berria 07.10.06).
Bi katebegi bereiz genitzake, hortaz, bere existentzialismoan. Bere bizialdian zehar sekulan erabat desagertu ez zen agnostizismoa, urteetan egin ahala, aldatuz, tonalitatez aldatuz joan zela aipatu nuen aurreko artikuluan. Aipatu agnostizismoak gazte-garaiko etapa existentzialista honetan izan zuen oinarri eta hastapen. Bada, baita lehenengo etapako existentzialismo hori berori ere ez zen beti berbera izan. Aurrenik unamunoiar izateak, eta handik laster sartrear izateak asko esaten digu Txillardegiren existentzialismoak izandako bilakaeraz. Izanez ere, Unamunoren existentzialismoa, are berarekin guztiz bat egin izan ez balu ere, guztiz erlijiosoa genuen, hori ezin uka; Sartrerena, aldiz, guztiz ateoa. Horrekin batera, Unamunoren existentzialismoa giza-mailakoa izan zen, huts-hutsik, eta Sartrerena, aldiz, kutsu filosofiko eta politikoagokoa.
Ikus dezakegu, hortaz, elkarren segidan bi gertakari aitortu beharko genukeela Unamunoren eraginpetik Sarterenera aipatu igarotze hau ikusita. Bateko, bere hasierako existentzialismoaren aztarren erlijioso-erlijiosoak berehala apaldu ziren, eta existentzialismo agnostiko bati eman zioten segida. Besteko, horrekin batera, ziurrenik, Sartreren proiekzio politikoak ondoren Txillardegirengan gailendu zen dimentsio politikoan ere izan zuen eragin zuzena ziur, eta, horren ordainetan, bere hasierako bizitza-kezkak apaldu izanean, nahiz-eta, aurreko artikuluan esanda moduan, kezka horiek ez ziren guztiz sekula iraungi, bere bizitza osoan zehar sekulan bazter utzi ez zuen agnostizismoa lekuko.
Igor Goitia