Txikijazz, haurren doinura
Txikijazz, haurren doinura
Donostiako Jazzaldia 2013an hasi zen haurrentzako propio programazioa atontzen, Europako beste jaialdi batzuk jorratzen hasitako bidetik, Txikijazz deitzen den jaialdian.
Gaur hasi eta datorren astelehena bitarte, eguneko bina kontzertu eta makina bat tailer eta ekitaldi egingo dira bertan -eskulanak, margoketak, dantza ikastaro…-, Kursaal osteko goiko terrazan, jaio berrietatik hamabi urte inguruko umeei bideratuta eta euskaraz; guztiak doan.
Egitarauko ekitaldirik erakargarrienak, hemen ere, zuzeneko emanaldiak izan ohi dira. Guztira sei dira -bost, batek bi aldiz joko baitu-, eta tartean bada bat guztiz berezia, Donostia inguruko 50 gaztetxok emango duena…
.
Gaur (uztailak 22)
Alfred Spirli + Les Incendiaires (11.00etan)
Iaz La Marmite Infernale ikuskizun harrigarria eskaini zuen Lyongo Arfi kolektiboko kideak dira Alfred Spirli & Les Incendiaries; kaleko musikariak. Emanaldia ibilaldi batean egiten dute: paseatu ahala, hainbat tramankulu musikal jotzen dituzte, publikoa lagun dutela, hark ere parte hartzen baitu joaldian.
“Alfred Spirli perkusio-jotzaile guztiz berezia da, inprobisatzaile bat, objektu birziklatuetatik abiatuta berak fabrikatutako hainbat motatako musika-tresnetatik soinuak ateratzen dituena”.
Alfred Spirli (perkusioa, gauzakiak), Olivier Bost (tronboia), Guillaume Grenard (tronpetak), Eric Vagnon (saxoak)
.
Kevin Mahogany + Hervé Sellin Trio (12.30ean)
Kevin Mahogany (ahotsa), Hervé Sellin (pianoa), Bruno Rousselet (kontrabaxua), Philippe Soirat (bateria)
.
Bihar, uztailak 23
Alfred Spirli + Les Incendiaires (11.00etan)
Bi egunez jarraian joko dute Txikijazzen, eta beste behin Jazzaldian.
.
Txikijazz Big Band (12.30ean)
Iaz, formazioa eta parte-hartzea bultzatzeko, eta esperientzia bakun gisa, Txikijazz Band jarri zuen martxan Txikijazzek, hamairu musikarirekin. Eta aurten urrats bat aurrera eginda, 10-14 urte bitarteko 50 musikarirekin (eta abesti gehiagorekin), Txikijazz Big Banda!
Horretarako, urtarrilean izena emateko epea ireki zen, eta martxotik ekainera debut kontzertua prestatzen aritu dira umeak, Javi Perez eta Iban Gurrutxaga irakasleekin batera jazz-hizkuntzan, irakurketa zifratuan, erritmoan, inprobisazioan eta taldeko lanean sakonduz.
.
Etzi, uztailak 24
The Good Time Rollers-Lindy Hop (11.00etan)
Hopper-ek pistatik transmititzen duten atmosfera arnasten du The Good Time Rollers taldeak taula gainetik. Hala, emanaldi bakoitza festa bihurtzen dute. Lindy Hop-a edo Rock&Roll-a dantzatzen baduzu, ezin duzu kontzertu hau galdu. Eta bestela ere, lasai egon, segituan ikasiko duzu-eta!
.
King Creosote (12.30ean)
King Creosote eskoziar folk-rock musikari ezaguna da, oso konpositore emankorra eta sentiberatasun ikaragarriko musikaren sortzailea.
Orain, azkenik, arrautza-azala hautsi eta mundu zabalera irten da. 2011n eman zuen lehen abisua, Jon Hopkins-ekin batera argitaratu zuen diskoa, “Diamond Mine”, Mercury Prize eta Scottish Album Of The Year sarietarako izendatu zutenean. Orain, berriz, behin betiko jauzia egin du “Astronaut Meets Appleman”eko bederatzi abestiekin.