Txikia handia da liburu batean

Txikia handia da liburu batean –

Gauza jakina da apirilaren 23an ospatzen dela irakurzaletasuna sustatzea helburu duen Liburuaren Nazioarteko Eguna; baina haur eta gazte literaturak ere badu bere egun propioa. Gaur ospatzen da, apirilaren 2an, Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna, Hans Christian Andersen danimakar idazlearen jaiotegunean.

Aurten, Inese Zandere idazle letoniarrak idatzi du mezua (Iñaki Mendigurenek euskaratu duena); Euskal Herriko herri eskola bateko umeen ahotsean dakargu:

.

Txikia handia da liburu batean

Jendeak erritmo eta erregulartasunerako joera du, fisikako esperimentu batean energia magnetikoak metal-txirbilak antolatzen dituen bezalaxe, elur-malutak uretatik kristalak sortzen dituen bezalaxe. Maitagarrien ipuin edo olerki batean, haurrek atsegin dituzte errepikapena, leloak eta motibo unibertsalak, aldi bakoitzean berriro ezagut daitezkeelako; erregulartasuna ematen diote testuari. Horrela, ordena ederra lortzen du munduak. Oraindik gogoan dut umetan neure buruarekin borrokatzen nintzela zuzentasun eta simetriagatik, ezkerrarentzat eta eskuinarentzat eskubide berberengatik: mahaian erritmo bat markatzen banuen hatz-muturrez, hatz bakoitzak zenbat aldiz jotzen zuen zenbatzen nuen, besteak irainduta ez sentitzeko. Txalo egiteko eskuin eskua ezkerraz jo ohi nuen, baina gero bidegabea zela pentsatu nuen eta beste aldera egiten ikasi nuen: ezkerra eskuinaz jota. Orekarako berezko joera hori bitxia da, noski, baina munduari okertzen ez uzteko premia erakusten du. Eta guztia orekaturik egoteko erantzukizuna nirea zela sentitzen nuen.

Era berean, poema eta istorioetarako haurren joera munduko kaosera erregulartasuna ekartzeko duten premiatik sortzen da. Zehazgabetasunetik, guztiak ordenarantz jotzen du. Haur-kantek, abesti herrikoiek, jokoek, maitagarrien ipuinek, olerkiak… erritmikoki antolaturiko existentzia-forma hauek guztiek kaos handian beren presentzia egituratzen laguntzen diete haurrei. Berezko kontzientzia bat sortzen dute, alegia, ordena posible dela munduan eta bakoitzak bere leku berezia duela bertan. Helmuga horretarantz doa guztia: testuaren antolamendu erritmikoa, hizki-ilarak eta orrialdearen diseinua, liburuaren inprimaketa ongi egituraturiko osotasun bezala. Handitasuna txikian errebelatzen da, eta hau haurren liburuetan modelatzen dugu guk, nahiz eta ez egon Jainkoarengan edo fraktaletan pentsatzen. Haur-liburua mirarizko indar bat da, txikiak bizitzeko duen irrika eta gaitasun handia sustatzen dituena. Neska-mutikoek bizitzeko duten kemena sustatzen du.

Liburu batean, haur txikia handia da beti, istant berean, ez helduarora iritsi ondoren bakarrik. Liburua misterio bat da, non bilatu gabeko zerbait edo norberaren eskueratik harago dagoen zerbait aurki daitekeen. Adin bateko irakurleek beren adimenaz ulertu ezin duten hori beraien kontzientzian geratzen da arrasto gisa, eta eragiten jarraitzen du, nahiz eta ez ulertu erabat. Irudi-liburu batek jakinduria eta kulturazko altxor-kutxa bezala funtziona dezake helduentzat ere, helduentzat pentsaturiko liburu bat haurrek irakurri eta euren istorioa, loratzear duten bizitzari buruzko aieru edo iradokizun bat, aurki dezaketen bezalaxe. Kultura-testuinguruak jendea eratzen du, oinarria prest utzita etorkizunean iritsiko diren inpresioetarako, baita beren burua onik eta osorik mantenduz gainditu beharko dituzten esperientzia gogorretarako ere.

Haur-liburu batek txikiaren handitasunarekiko begirunea esan nahi du. Horrek aldi bakoitzean berriro sortzen den mundua esan nahi du, seriotasun jostagarri eta ederra, eta hori gabe dena, haurren literatura barne, lan hutsala besterik ez da.

INESE ZANDERE

.

Txikia handia da liburu batean1958an jaioa. Inese Zandere Letoniako olerkari, idazle eta editorea da, eta irakurketa sustatzeko programetan parte-hartzaile kartsua. Bere prestakuntza akademikoa Filosofian du, baina 30 liburu baino gehiago idatzi ditu haur eta gazteentzat, eta horietako batzuk ingeles, aleman, suediera, arabiera eta estonierara itzulita daude.
Bere liburuetan, umorezko pertsonaiak bizitzaren seriotasun eta sakontasunarekin batera bizi dira, irakurle gaztea bizitzako alderdirik zailenetako batzuk kontuan edukitzera adoretuz. Inese Zandereren olerki, maitagarrien ipuin, antzezlan eta gidoiek haurrentzako hainbat animazio-film, antzezlan eta operaren sorkuntza inspiratu dute. Bere liburuengatik sekulako ohore eta gorespen literarioak lortu ditu.
Txikia handia da liburu batean