Trauma eta transmisioa Martutene eleberrian (I)

Trauma eta transmisioa Martutene eleberrian (I) –

Ramon Saizarbitoriaren Martutene-ren inguruan Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatu jardunaldietarako prestatutako testua

Trauma eta transmisioa Martutene eleberrian (I)Latinetik dator “transmisio”, “transmittere” hitzetik, “alde batetik bestera bidali” esan nahi du. “Trans” “alde batetik bestera” da, eta “mittere” “bidaltzea”.

Martutene arte Saizarbitoriaren protagonista nagusiek ez dute seme-alabarik. Gisèlek abortua. Martutene-n bai, badituzte, eta transmisioaren kezka Abaitua ginekologoak eta Juliak darakutsaten arren batik bat, bi foku narratiboek, biak guraso, ez da gutxietsi behar Abaituaren emazte Pilarren ahalegina aitarengandik jasotako klinikari eutsi eta semeari transmititzeko, erosi nahi duten Poliklinikako buruei eta saldu nahi duten aitaren klinikakoei kontra eginik.

Julia da transmisore nagusia Martutene-n, transmisio ororen erdigunean dago kokatua. Ez da soilik arduratzen iraganetik etorkizunerantz doan transmisio diakronikoaz. Sinkronikoa ere zaintzen du, bereziki hizkuntzen arteko transmisio horizontala, itzultzailea baita. Transmisioak sentibera jartzen du, transmisio egokiek poztu eta frakasatuek zapuztuko dute, batez ere iritzi etikoa egiatia ez den bidetik eramateko arriskua dakartelarik. Adibidez, biziki haserretuko du itzulpen-huts batek, Montauk eleberriaren gaztelaniazko bertsioan protagonista zeken darakutsana, benetan ez dena.

Aitzitik, Martin, traumaren erregea, transmisioaren zulo beltza da, batetik besterako edozein joan-etorri eragotziko duena, edo, gehienez ere, Juliaren ikuspuntutik bederen, miseria transmititzera mugatuko dena. Martinen jarrera iraganetik datorkigunari dagokionez ñabardurarik gabeko arbuioa da: gurasoek gezurra esan ziguten, txistua eta euskal dantza barregarriak dira, abertzaletasuna berriz sentimentalkeria kriminala. Zigor semeordeak gordinegi islatzen dio aita biologiko etakide konbentzitua, eta Martinek ezin du eraman. Euskal iragan osoak eman du ETA, ongi damutu zaio Martini ETAren inguruan ibili izana eta konstelazio hori guztia okaztagarri zaio. Otzetak ordezkatzen du konstelazio hori, eta kontuan hartzekoa da aurrekari iluneko estanpa traumatikoaren neskamea Otzetakoa zela, eta Martinek izugarri maite zuela. Martinenean, traumak eragotziko du edozein transmisio zentzuzko. “Zauri” esan nahi du “trauma” hitz grekoak. Alemanez, bestalde, “Traum” ametsa da, eta maiz errepikatuko diren amesgaiztoetan agertuko zaio Martini estanpa traumatiko hura.

Trauma eta transmisioa Martutene eleberrian (I)

4 pentsamendu “Trauma eta transmisioa Martutene eleberrian (I)”-ri buruz

  • Benat Castorene 2023-08-03 11:44

    Egun on Markos
    Gaia inportantea da, nola ez. Eta idazleak fama biziki ona du. Baina ikusi dudanez ez naiz segur liburua euskaraz. argitaratua izan den. Horrela balitz ideia ona litzateke gure irakurketa klubarentzat. Orrialde kopuruak ez bagaitu izitzen behintzat!
    Adeitasunez

  • Ez naiz Segur …. Hau ,…..,duela hamar urte edo, euskaraz noski. Eta hi non hintzen?

  • Benat Castorene 2023-08-05 16:06

    Nagore! ni duela hamar urte? oraindik lanean ari nindian, eta karraskan, asko bezala, baina ez baitezpada denak bezala. Eta hi duela hamar urte zertan ari hintzan?
    Interneten behintzat ez da nabarmen eros daitekeen Martutene euskarazko bertsio bat. Horra ene galdearen arrazoina. Beraz Erein argitaletxean galdegin behar…
    Izan hadi!

  • Normala zure kezka, Beñat, gaur egun ez da ohikoa halako orrialde kopurua. Irtenbide posible bat: Bermeoko andre batek trenean irakurri zuen, lanera bidean, Bermeotik Galdakaora eta buelta. Liburua poltsan kabitzen ez zitzaionez, aizkorakada batez erdibitu zuen, zeren erdia bai, kabitzen baitzitzaion. Zati bakoitzean erdi hautsirik edo suelto gelditu zitzaiona loktitez itsatsi eta aitzina.