‘To Say Goodbye’, 1937an Ingalaterrara eramandako 4.000 haurren istorioa
Duela ia 75 urte, Gernikako bonbardaketaren ondoren, 4.000 haur baino gehiago Santurtziko portutik Ingalaterrara eraman zituzten. Hasiera batean, haur horiek ez zuten hiru hilabete baino gehiago emango etxetik urrun; baina denbora luzatuz joan zen, hilabeteak urte bihurtu ziren eta asko eta asko oraindik ez dira beren familiengana bueltatu. To Say Goodbye (Agur esatea) filmak, Matt Richardsek zuzendua eta Izaskun Arandiak ekoitzia, haur horien istorioa kontatzen du; baina, horretarako, guztion laguntza behar du.
Gaur 80-90 urte dituzten haur horien ahotsek beren bizipenak eta sentimenduak kontatzen dituzte 2Dko animazio klasikoa eta puntako 3Dko animazioa nahasten duen filmean. Baina ez dago amaituta, horregatik guztion laguntza eskatzen dute proiektua aurrera ateratzeko eta mundu guztiak 4.000 haur horien istorioaren berri izan dezan laguntzeko.
Diruz-lagunduz gero, Euskal Herriko historia ezagutzera ematen lagundu duen pertsona bihurtuko zara. Zure izena filmaren bukaerako “Eskerrak” kredituetan azalduko da, eta Ingalaterrara eramandako haur bakoitzeko dolar bat emanez gero (guztira 4.000), filmeko produktore exekutibo izango zara.