Kritika Zinematografikoa: “The Zone of Interest”
Kritika Zinematografikoa: “The Zone of Interest” –
Zuzendaria: Jonathar Glazer
Urtea: 2023
Herrialdea: Erresuma Batua
-Han goitik kea ikusten omen da-
Ezaguna da oraindik ere zinema kritikari zela Jacques Rivette frantziarrak Kapò (1959) filmari buruz idatzi zuen testu hura. De l’abjection izenburupean, Gillo Pontecorvo zinemagile italiarrak nazien kontzentrazio esparru batean hesi-elektrifikatu bati helduta hildako emakumea filmatzeko moduaz latzak esan zituen, terrorea, sufrimendua, bortizkeria edota krudelkeria ‘edertu’, eta pasarte mingarri hori eszenaratzearen bidez potentzializatu zuela gaitzetsiz. Gerora, eta bestelako testuinguru batean, oihartzun izugarria izan zuten Jean-Luc Godarden hitz politikook –‘travelling-ak erabaki moralak dira’-, artearen izaerari eta bere jardunbideari buruzko haunsarketa zorrotza zekartenak. Bi hausnarketon baitan garatu da zinemagintza 60ko hamarkadaz geroztik, funtsean, elkarrengandik oso hurbil daudenak, eta ordutik, irudiaren trataera ezberdinek muturreko emaitzak eman dizkigute, bereziki Holokaustoa mahai-gainean jarri izan denean.
Zinema aretoetara iritsi zaigun THE ZONE OF INTEREST dugu horren erakusle, izan ere, Jonathar Glazer britainiarraren proposamen berrienak ikus-entzuleak tokiz kanpo uzteko gaitasuna dauka. Bere azken lan polemikoaren ostean -gogoratu zazpi urtez atzeratu zutela Under the Skin (2013) zientzia fikziozko lanaren estreinaldia-, Martin Amisen izen bereko fikziozko eleberria egokitu du modu librean, Auschwitzeko komandante Rudolf Höss (Christian Friedel) eta bere emazte Hedwig (Sandra Hüller) protagonista dituena. Baina zerk egiten du filma berezi?
Billy Wilderri esker (AEBetako armadak eskatuta) egin ziren heriotzaren esparruko irudiak nolabait ezagun, baina propaganda proiektua besterik ez da haren Death Mills (1945); urte batzuk beranduago, Auschwitzetik bertatik, Nuit et Brouillard (1956) memoria ariketa poetikoa aurkeztu zuen Alain Resnaisek; biktimen eta lekukoen lehen eskuko testigantzak jasotzen dituen 10 orduko Shoah (Claude Lanzmann, 1985) dokumentalak hautsak harrotu zituen; eta bere aurpegitik sekula aldendu gabe gas kamerak garbitzeaz arduratzen den preso baten atzetik ibiltzera behartu gintuen Saul fia-k (László Nemes, 2015). Proposamen erradikalon itzala jarraituz, gogoetarako goxokia utzi digu Glazerrek, ezeren gainetik, estetikoa beharko lukeena. Arte adierazpideen funtzionalitateaz eta lengoaia propio autokontziente, iraultzaile eta ez konformisten beharraz hitz egingo digu THE ZONE OF INTERESTek, Rivettek eta Godardek piztutako sua kitzikatuz.
Lehenak gogor kritikatutako Kapò filmean ez bezala, Glazerrek ez du emozio-tristura-enpatiarik eragiteko inpaktu handiko irudirik erakutsiko, ez berrenkoadraketa morbosorik ezta negar-malkoak isurtzeko eszena melodramatikorik ere; nahikoa dugu La vita è bella (Roberto Beningni, 1997), The Boy in the Striped Pyjamas (Mark Herman, 2008) eta inkluso Schindler’s List (Steven Spielberg, 1993) engainagarriekin. Rivetten abjection edo edertasun higuingarriaren kontzeptua ukatuko du THE ZONE OF INTERESTek; Auschwitz ikusi bai, baina bertan sartu ere ez gara egingo. Eremuz kanpo bizi dute protagonistek judutarren garbiketa, eta guk ere hala hautemango dugu: kontzentrazio-esparruaren ondoan dagoen etxea, lorategia, erreka… izango ditugu agertoki. Atxilo daudenen heriotzarik ez da agertuko, ezta erailketarik, gas-kamerarik edota zuzeneko sarraskirik. Guzti horiek hor daude, guk hala dakigulako, eta hormigoizko hesiaren bestaldetik tiro hotsak entzungo ditugulako, errausketa-labeetako eta aldiro-aldiro pasatuko den trenaren kea bistaratuko delako.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “The Zone of Interest”