Kritika zinematografikoa: “The Lost Daughter”
Kritika zinematografikoa: “The Lost Daughter” –
Zuzendaria: Maggie Gyllenhaal
Urtea: 2021
Herrialdea: AEB
-Pertsonaia konplexuak arazo konplexuentzat-
Ez da erraza izaten pertsonaiekiko jarrera-hartze manikeorik egin nahi ez duen film politiko bat aurkitzea. Agian manikeismo horixe da, izan ere, biolentzia estrukturalak dauden bezala uzteko sistemari gehien interesatzen zaiona: balorazio etikoak banakakoen ekintzetara bakarrik murriztea (bai errealitatean eta bai fikzioan). Hala ere, perspektiba feminista batetik abiatuz gero behintzat, susma daiteke injustizia askok giza harremanak baldintzatzen eta gidatzen dituzten estrukturetan dirautela finko (horra hor Iris Marion Youngen ‘injustizia estrukturalaren’ ideia). Hots, askotan ez du zentzu handirik izaten ekintza partikularrak ontzat edo txartzat epaitzeak, testuinguruaren eragina aurretik kontuan izan ez bada. Baliteke azken urteotako zinema mainstreamak filosofia estrukturalista horri zerbait zor izatea: Birds of Prey, Promising Young Woman, Cruella… zergatik bihurtu ote dira, bada, bilau klasikoak antiheroi (pseudo) feminista? Joaquin Phoenixen Jokerraren mendeku logika jarraituz-edo, bere izaera eraiki duen sistemari mendeku bila ari ote zaizkio?
Argi dago protagonista horiek ez direla bertute ereduak, eta istorioek ironia puntua badutela heroiaren narratiba klasikoren ikuspuntutik. Hala ere, uste dut interesgarriagoa dela Maggie Gyllenhaalek The Lost Daughterrekin arazoaren aurrean eskaini digun proposamen estetikoa, ez baita gehiegikeria umoristikoaren erosotasunean ezkutatzen. Ezin da ukatu zaintza-lanen mundua genero desberdintasunez beteta dagoela, eta oraindik ere klase horretako ardurak jasan ezin dituzten emakumeen aurrean jendea eskandalizatu egiten dela. Olivia Colmanek eta Jessie Buckleyk (bizitzako momentu ezberdinetan) gorpuzten duten pertsonaia, “ama arduragabetzat” edo hartuko dute batzuek, seguru asko. Izan ere, filmaren flashbackak ez dira testuinguru zail batekin pertsonaiaren arduragabetasuna justifikatzen saiatuko (hortxe datza Jokerren tankerakoen sinplismoa); alderantziz, flashback horien bidez moral gero eta konplexuagoa agertuko du pertsonaiak. Ñabarduraz jositako pertsonaia da Leda: lan-arrakastaren eta ama-eginkizunen bidegurutze arazotsu (eta estruktural) horretan lehiatuko da. Manikeismo gabe erakutsiko digu filmak, eta eskertzekoa da
.
(…)
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika zinematografikoa: “The Lost Daughter”