Telmo Esnal: “Ondo sentitzen naiz dantzan ari naizenean”

Dantzan atariak Telmo Esnal zinemagilea elkarrizketatu du, errodatzen ari den lanaren harira. Dantza du ardatz filmak, eta orain arte plazaratu dituzten irudiak txundigarriak dira.

Bere bi pasioak uztartzen ari da Telmo Esnal (Zarautz, 1966), 2017an grabatzen ari den Dantza filmarekin. Ezaguna da zinema-zuzendari gisa egindako ibilbidea, Aupa Etxebeste! (Asier Altunarekin batera) edota Urte berri on, Amona! bezalako filmeak zuzendu baititu, besteak beste. Hain ezaguna ez dena da Esnal dantzaria izan zela, zineman erabat murgildu aurretik.

Telmo Esnal: "Ondo sentitzen naiz dantzan ari naizenean"Urte luzez zinema munduan erabat murgilduta egonagatik, aspaldiko nahia zuen dantza gai zentraltzat zuen filma egitea. Lau urtetik gora daramatza Dantza proiektuarekin, eta 2017an zehar ari da grabatzen eszenak. Talde eta herri askotako dantzariak ari dira parte-hartzen, Argia taldeko kudeatzailek koordinatuta: Donostia, Iruñea, Eibar, Elgoibar, Deba, Añorga, Beasain, Zarautz, Portugalete, Gasteiz, Andoain, Baigorri, Astigarraga, Mallabia, Usurbil, etab. Guztira 8 eta 82 urte arteko 250 dantzarik parte hartuko dute filmean.

Dagoeneko Arantzazun, Beltxiten (Aragoi), eta Zerainen grabatu dituzte irudiak, eta egunotan Leitzan ari dira zenbait eszena grabatzen. Hango lanak bukatuta, hiru laurdenak grabatuta egongo dira. 2018rako dago aurreikusita estreinaldia.

.

Nondik datorkizu dantzarekiko zaletasuna?

Zarauzko La Salle ikastetxean hasi nintzen dantzan. Mutilentzako ikastetxea zen, eta nesken eskolakoarekin elkartu gintuzten. Zenbait dantza ikasi genituen, eta txapelketaren bat ere irabazi nuen bikoteka. Handik, Zarautzen sortzen ari ziren Iratzarri dantza-taldean hastea proposatu zidaten.

Uste nuen kiroletan oso ona ez nintzenez, dantzan ere ez nintzela izango, baina ondo hartzen nuen eta gustatu zitzaidan. Goizaldikoak etortzen ziren irakastera, tartean Iñaki Peñagarikano, eta gehiago ikasteko nahia nuenez, Goizaldin hasi nintzen 18 urterekin.

Goizaldirekin hasita, nire helburua dantzaria izatea zen, baina hori ezinezkoa da herri honetan. Goizaldirekin bidaia bat egin genuen Ameriketako Estatu Batuetara, han Ion Munduate ezagutu nuen. Victor Ullateren balletean hastekoa zen, eta harekin Madrilera joateko esaten zidan behin eta berriz. Dantza nuen buruan etengabe. Gerora, zinema munduan sartu nintzen.

Era berean, Goizaldirekin hasi ginen Argiaren ikuskizunetan parte-hartzen (Zortziko eta Alakiketan), baina ordurako zinema munduan sartuta nengoen, eta ezin izan nintzen asko murgildu. Lan bila Madrila joan nintzen, eta bolada bat ere pasa nuen dantzarekin nazkatuta.

Dantza filma egiten hastearekin, klake egiten hasi nintzen. Zaletasuna berpiztu zait. Esaterako, Pasai San Pedron helduei dantzako ikastaroak ematen dizkiet. Azken batean, oso sinplea da kontua: ondo sentitzen naiz dantza egiten, eta hortik dator zaletasuna.

.

Aspalditik zenuen dantza eta zinema proiektu berean uztartzeko gogoa. Azkenean aurkitu duzu bidea. Nolakoa izaten ari da prozesua?

Beti izan nuen bai. Aspaldi, laburmetraia bat egin nahi nuen, eta ez zen posible izan. Uste dut, munduko beste edozein dantzak bezala, euskal dantzek badutela ahalmen narratiboa, baina ez zaiola hari horri tira egiten, eta horregatik askotan izaten dela oso errepikakorrak diren ustea.

Urte berri on, Amona! egiten ari ginenean, Koldobika Jauregik proposatu zidan dantzarekin zerbait egitea. Hasierako ideia ikuskizuna zen, baina berehala erabaki nuen filme bat izan behar zela.

Garbi genuen, dantzaren inguruko zerbait egitekotan, Juan Antonio Urbeltzekin egin behar genuela. Hasierako elkarrizketetatik, Urbeltzekin dantzen sinbologiak ezagutzen hasita, ikusi nuen bazegoela film bateko istorioa eraikitzeko materiala.

Madrilen urte asko pasata, Juan Antonioren azken hogei urtetako ikuskizunak eta pieza koreografikoak ikusi gabe nengoen (Pas de Basque, Axeri Boda, etab.). Hasieran genuen ideia goitik behera aldatu zuen horrek. Izan ere, lehen gidoia nik ezagutzen nuenarekin osatuta zegoen, eta Urbeltzek ikaragarri aberastu du proiektua.

Zein da zure apustua? Zer espero duzu?

Beti gure zilborrari begira gaude, eta Urbeltzekin ikusi dugu euskal dantzen izaera unibertsala. Europa osoan daude ezpata, zinta… dantzak. Dantza tradizionalek lengoaia bera partekatzen dute eta nonahi uler litezke. Izaera hori transmititu nahi dut.

Grabazio-prozesuarekin erabat beteta sentitzen naiz. Lan-taldearen eta dantzarien arteko harremana oso ona ari da izaten, eta guztion artean sortzen ari den giroa bikaina da. Filmari dagokionez, buruan nuena gauzatzea da nire helburua, eta lortzen ari naizela uste dut. Hortik aurrerakoak ikusiko ditugu.

.

Telmo Esnalen argazkia, Gari Otamendik dantzan.eus atarirako egina. Gainontzekoak, “Dantza” filmaren argazki zuzendari Javi Agirrerenak.

Telmo Esnal: “Ondo sentitzen naiz dantzan ari naizenean”

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.