Teknikari dohakabearen buru biak

Teknikari dohakabearen buru biak –

Koldo Izagirre, berrian.


Buruetako bat bere soinean bizi du, bertzea bulegoan dauka. Biek ematen diote pentsajana. Txandaka gehienbat, noiztenka biak batera, barne borrokan bizi delakoz: leherrenak egiten ditu konformatikak beretu ez dezan. Teknikari humanoa izan eta izanen!

Teknikari dohakabearen buru biak
Arg: wal_172619

Zeinen pozik doan karrikan goiti absurdoen aurka akitu ondotik.

Orain hogei urte ideiak gauzatzeko askatasuna neukan, geroztik lur jo du ausardiaren kotizazioak. Monetarizatu egin da gure alorra. Teknifikazioa aipatzen didate. Logistika. Horrelako hitz metalikoak erosten zinegotziek urtero. Aurtengo hitz ikonikoa, gobernantza.

Zeinen pozik doan karrikan beheiti gizatresna gogaikarriengandik urrun. Telefonoak jo dio. Etxamon egin du. Gero. Eta oroz gain, zeinen pozik doan goizean egin duen ezegitekoa dastatuz! ?Ekonomatika kudeaketaren zuzendaria etorri zait bulegora. Agurrik ez. Papertxoa eskuan, 35 €ko gastua. Jakin ote litekeen zertan eta noren baimenez.

Hilabetea bai mahai txukun bat eskatu nuela. Urtetsua zen neukana, pipi habia. Hanka gaineko ertzak zartatzen hasiak, hausteko arriskuan altzari koitadua. Nihauk zapartatu nuela usteko du zenbait lankidek, baina eskaera eginik bi astera birrindu zen, karpeta multzo bat mugitu nuelarik.

– Ikusten, mahai handi dotore hau? 35 euro.

Eta eskua zabalik ferekatu du mahai gaina laztankiro.

– Baina zer egin duzu! Udalak eskatua dauka bulematikako mahai bat bulego honetarako!

Ez nuela behar, aski sendoa zela Emausetik ekarritakoa. Gozoa ere bai, metala ez bezala. Eta zatiaz merkeagoa neurri bereko bertze ezein baino. Gehi plus, nortasuna ematen diola bulegoari.

Eta eskua zabalik ferekatu du mahai gaina zitalkiro.

– Kulturan baitezpadakoa dugu nortasuna.

Uzteko filosofiak. Mahai zaharrak lur jo zuen egun berean egin zitzaiola eskaria hornitzaileari. Hain zuzen, udalaren bertze alor guztietan dituzten bezalako mahaia. Modernoa, erosoa eta neholako pipik zartaraziko ez duena.

– Ba al dakizu zerengatik egin zituen hainbertze urte hemen mahai hark?

– Ez zait axola.

– Nire aurreko kultur teknikariak hala nahi izan zuelakoz, horregatik egon zen hemen urte luzez. Modernotasunak hozkia ematen zion, eta erosotasunak gogaitu egiten zuen. Nihau ere antzeko hunkidurek gidatzen naute.

Laneko buruak: Murriztu eginen dinate heldu den urteko aurrekontua, kontuz!

Hasperen egin du egonomiaren kudeatzeko zuzendariak. Kultura beti trabak asmatzen! Ezinezkoak proposatzen! Kopiagailua behin eta birritan kiskaltzen! Din A3 folioak publizitate monolinguez lardaskatzen! Internetaz futitzen! Informatikariak mespretxatzen! Gobernantza inteligentea boikotatzen!

35 €ko fakturaren papertxoa erakutsi dit ostera.

– Hurrengo batean kontsulta ezazu gurekin, udalaren plan ergonomikoa alteratu gabe.

Soineko buruak: Ez din aipatu kontu hartzaileak kontu hartu diola heuk egin dunan gastuaz. Eta ez hau salatu, kexatuko haiz!

Telefonoa berriz. Etxamon. Geroago.

Jende guti hondartzan, ura hotz. Plazer handiz sartuko lituzke oinak olaxta apalen zirpitzetan.

Gero, agian. Edo geroago, segun.

Ekonomirari hori obretako langileengana jaitsiko da bihar murrungaka hamalau kilometro egin dituztelakoz udalaren furgoneta batekilan kulturako atso honen kapritxoagatik. Ausaz ez du atso erranen, badaki Maria Eugeniak belarrondoa berotu ziola udaltzain bati berba horregatik. Orain loreak ekartzen dizkio astero inozoak. Kapritxosa erranen du, edo txoraxka.

Dena den, ez ahal dizkit loreak ekarriren…!

Ze ari naiz! Buruok, otoi, astomando horrek jai dauka nirekin!

Ordu laurdeneko lo kuluxka bat. Bere soinean bizi den burua lasaitu. Gero ordenagailua zorrotik atera eta mezu luze batean abiatuko da laneko buruari biharamuneko lehentasunak ezarriz eta egitekoak esplikatuz eta gibeleratutakoak gogoraraziz eta estrategiak ezarriz eta… Egunero bezala: kulturamuaren zorrotza.

Soinean duen burua laneko buruaren zirimolatik jalgi ezin duen planetoidea zaio bihurtu.

Zurezko mahaiak bakarrik konprenitzen du teknikari dohakabea: izan eta izanen!

Teknikari dohakabearen buru biak  Teknikari dohakabearen buru biak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude